- Nora Beltrán de Otálora Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko zuzendariak eta Leyre Azcona Euroeskualdeko zuzendariak eman diote hasiera jardunaldiari
- RetPIM proiektuaren helburua ezagutza partekatzea eta erantzun koordinatuak diseinatzea da
Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak (ABEN) jardunaldi tekniko bat bultzatu du gaur Donostian, RetPIM proiektuaren barruan, piperraren kalitatezko figuren arteko lankidetza indartzeko: Ezpeletako piperra, Lodosako pikillo-piperra jatorri-deitura babestuak (JDB) eta Gernikako piperra adierazpen geografiko babestua (AGB).
Gipuzkoako Merkataritza eta Industria Ganberan egin den topaketan ekoizleak, tokiko eragileak, arduradun teknikoak eta ikertzaileak elkartu dira, eta esperientziak partekatu dituzte kalitate-zigilu horiek babestutako piperren trazabilitatea hobetzeko, merkaturatzea optimizatzeko eta osasunaren eta agronomiaren arloko eta piper horiek merkatuan kokatzeko erronkei batera aurre egiteko.
Nora Beltrán de Otálora Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko zuzendariaren ustez, “Ezpeletako, Gernikako eta Lodosako piperraren jatorri-deitura babestuek kalitate eta jasangarritasun handienean oinarritutako produktuak babesten dituzte, eta lankidetza positiboa sustatzen ari gara, beraz, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen (ABNE) barruan”. Beltrán de Otálorak Gipuzkoako Merkataritza Ganberan hiru deiturak batera sustatzeko eta baloratzeko egin den “RetPIM” jardunaldian parte hartu du gaur goizean.
Espazio komuna
RetPIM proiektuak 2024an ezarri zituen mugaz gaindiko sare bat sortzeko oinarriak, inplikatutako eragileei ezagutza partekatzeko eta arazo komunen aurrean erantzun koordinatuak diseinatzeko aukera emateko. Jardunaldi tekniko honetan balio-kateko funtsezko alderdiak landu dira, hala nola JDB eta AGB duen piperraren ekoizpena, trazabilitatea eta merkaturatzea.
Goizeko bloke teknikoan, INRAe, NEIKER eta INTIA erakunde erreferenteek birosiari, agente bektoreen kontrolari eta laborearen errendimendua hobetzeko estrategia integratuei buruzko ikerketak aurkeztu dituzte. CMV birusa edo Sclerotium rolfsii onddoa bezalako gaixotasunei buruz eztabaidatu da, bai eta biodesinfekzio-teknikei eta barietateen erresilientziari buruz ere.
Trazabilitatea
Jardunaldiari elikagaien trazabilitateari eta kalitateari buruzko ponentziekin eman zaio jarraipena. CNTAk elikagaien 4.0 segurtasuna bermatzeko teknologia berriak jorratu ditu, eta AGACALek, berriz, Galiziako kalitate bereiziko figuren kontrol ofizialean duen esperientzia partekatu du, arreta berezia eskainiz piperren kasuari.
Estrategia komertzialaren arloan, CGAERek JDB eta AGB zigiluek produktuaren aitorpenean duten eraginari buruzko azterlan bat aurkeztu du, eta Lucía Irureta aholkulariak markaren posizionamendua benetakotasunetik eta bereizketatik hobetzeko gakoak eskaini ditu.
“Produktu horien atzean pertsonak eta lurraldea daude. Gure landa-inguruneak ezagutzen dugun bezala aurrera egitea nahi badugu, ezinbestekoa da bertan daudenei eta lan egiten dutenei bidea erraztea, horixe baita landa-garapen on baten funtsa”, adierazi du Beltrán de Otálorak irekiera-ekitaldian.
Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko zuzendariak eskerrak eman dizkie “inplikatutako eragile guztiei beren konpromisoagatik, eta Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeari bere babesak ikuspegi partekatu hori izatea ahalbidetzen duelako”. “Guretzat gogobetegarria da gure mugen artean proiektuak garatzen direla ikustea, eta, kasu honetan, proiektuaren bigarren fasean, eta horrek berresten du lankidetza-mota horrek garrantzi handia duela”, esan du.
“Askotan, gure egunerokoan, ekoizleek, elkarteek eta organizazioek denbora eta lekua behar dugu gure arazoak, kezkak edo ideiak partekatzeko, eta gure Eskualdeak sustatutako proiektu hau bezalakoak, Leyre Azkona gidari dela, ezinbestekoak bihurtzen dira lankidetza-ekosistema hori bultzatzeko”, adierazi du Nora Beltán de Otálorak.
HAZIko Ione Fernandez Landak Prospektiba eta Europako sareak gaia izan du hizpide, eta honako hauek ere izan dira jardunaldian hizlari: Panpi Olaizola DOP Piment d’Espelette JDBren sindikatuko presidentea (Ezpeleta), INREeko Loup Rimbaud (Avignon), NEIKEReko Mikel Ojinaga eta Santiago Larregla, INTIAko Iñigo Arozarena eta Sandra Aldaz (Nafarroa), CNTAko Mikel Larraza (San Adrian, Nafarroa), AGACALeko Xoan Miguel Concheiro (Galizia), CGAEeko Véronique Vissac-Charles (Frantzia), eta Lucia Irureta.