Gora Sanpelaioak! Gora Zarautz!

0

Bi aste besterik ez dira geratzen Zarauzko San Pelaio jaien txupinazorako eta Udalak, herriko hainbat eragilerekin elkarlanean osaturiko egitarauaren aurkezpena egin du . Aurtengo egitaraua, ekainaren 25etik 27ra luzatuko da eta ekitaldiz beterik izango da.

Egitarau oparoa dakarte aurten ere San Pelaio jaiek eta ez dira faltako dantza, haurrentzako jolasak, erromeriak, kirola, erraldoi eta buruhandiak, haur eta helduen danborradak… eta dena musika eta festa giroaz lagunduta.

Xabier Txurruka alkateak azaldu duen moduan, “aurtengo sanpelaioetako gauerdiko banderaren igoera ekitaldiko gonbidatuak Jose Inazio Elias eta Joxe Miel Gastañares ‘Legazpi’ txistulariak izango dira. Gonbidapen honekin, gure herriko jai eta ekitaldi nagusiak nahiz auzoetako festak urte luzez alaitu dizkiguten bi txistulariei aitortza eta omenaldia egin nahi die Udalak”.

Danborrada osatzen duten elkarteek ere euren omenaldi propioa ere egingo dute eta San Pelaio makila Pedro Chicori eskainiko diote, danborradaren alde egindako lana eskertzeko.

Aurten Helduen danborrada txarangen musikaz girotuko da, azken urteetan bozgorailuen bitartez egiten zen sistema ordezkatuz. Honela, gaueko danborradek zuzeneko musika izango dute.

Danborrada bat gehiago izango da aurten Lege Zaharren Enparantzan, Galtxagorri elkartea gehituko da eta, beraz, 15 izango dira guztira helduen tanborradan parte hartuko duten elkarteak.

Gauerdian, ‘Pelaio, Pelaio’ ereserkia abestu ondoren, hainbat herritarren eskariari erantzunez eta garai batean egin ohi zen bezala, txarangak girotuta udaletxe paretik kalejira abiatuko da Musika Plazara eta kaleak alaituko dituzte musika emanaldiari erreleboa eman arte.

Gogorarazten da, azken urteetan egin den moduan, haurren zein helduen danborradak zuzenean jarraitzeko aukera izango dela Zarauzko Udalaren web orriaren bitartez.

San Pelaio banderak

Aurten, berrikuntza bezala, Udalak 3.000 San Pelaio bandera enkargatu ditu herriko balkoi, etxe eta kaleak festarako girotzeko.

Datorren astelehenean, ekainak 16an, jarriko dira eskuragarri Turismo Bulegoan, 9:30etik aurrera, eta agortu arte eskuratu ahal izango dira. Herritar bakoitzak 2 bandera jaso ahal izango ditu gehienez.

Honekin batera, azken urteetan bezala, San Pelaio zapiak ere herritarren eskura jarriko dira ekainaren 25 goizean Turismo Bulegoan.