Alberto Alonso Gogora – Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak agerraldia egin du Extremadurako Biltzarreko Kultura, Turismo, Gazte eta Kirol Batzordean, Parlamentuan Adiskidetasunari buruzko Legearen Proposamena tramitatzen ari den bitartean
“Frankismoaren indarkeria errepresiboari pisua kentzeko asmoak ate onartezin bat irekitzen du sufrimendua eta erantzukizunak sozializatzen saiatzen zirenen presioa, mehatxuak eta seinalatzea jasan behar izan dugunontzat”.
Alberto Alonso Gogora – Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak Extremadurako Adiskidetasunari buruzko Legearen Proposamena aipatu du, Alderdi Popularraren eta Voxen talde parlamentarioak sustatua.
Alonsok agerraldia egin du gaur goizean Extremadurako Biltzarreko Kultura, Turismo, Gazte eta Kirol Batzordean, talde parlamentarioek eskatuta, arauaren tramitazio parlamentarioan zehar.
Alonsok Adiskidetasunari buruzko Legearen Proposamenaren testuko bi alderditan zentratu du bere hitzaldia: anbiguotasuna eta distantziakidetasuna diktadura frankistaren aldiari heltzeko garaian; eta indarkeria desberdinen biktimak testuingurutik ateratzea Legearen Proposamenak hartzen duen aldian (1931tik gaur egunera arte).
Hala, Gogora Institutuko zuzendariaren hitzetan, Legearen Proposamenaren testuak “frankismo-garaiaren begirada distantziakidea bat mantentzen du, indarkeria bat justifikatu nahi duena, Frankismoarena, aurreko beste indarkeria baten, indarkeria errepublikanoaren, ondoriozkoa”. Alberto Alonsok adierazi du ezker abertzaleak azken hamarkadetan erabilitako argudio-egiturarekin horrek duen antzekotasuna: “indarkeria bat justifikatu nahi zuten, kasu honetan ETA talde terroristarena, aurreko beste indarkeria baten ondorio balitz bezala, lehenik Frankismoak eta, ondoren, haren ikuspegitik, ‘Estatu zapaltzaileak’ eragindako indarkeriaren ondorio, hain zuzen”. Anbiguotasun hori saihesteko, Alonsoren hitzetan, “beharrezkoa da lege-testuak ihes egitea aurreko beste baten ondorioz edozein indarkeria mota justifikatu edo erlatibizatu nahi duten diskurtsoetatik”.
Haren ustez, gure historiako garairik berrienarekin talka egiten duen “erantzukizunak barreiatzeko” asmoa dago: “Frankismoaren indarkeria errepresiboari pisua kentzeko asmoak ate onartezin bat irekitzen du sufrimendua eta erantzukizunak sozializatzen saiatzen zirenen presioa, mehatxuak eta seinalatzea jasan behar izan dugunontzat”.
Biktimak beren testuinguruan
Legearen Proposamenaren testuan indarkeria politikoaren biktimak nola aipatzen diren aztertzeko garaian, Alberto Alonsok adierazi duenez, “lege honek biktima guztiak kategoria berean biltzen ditu, eta biktima bakoitzari bere biktimizazioa jasan zueneko testuingurua kentzen dio”. Eta, gaineratu duenez, “biktimak, beren testuingurutik kanpo, kategoria abstraktu batera igarotzen dira, eta, guztiak ordezkatu nahi izateagatik, azkenean ez dute inor ordezkatzen”.
Hala, Gogora Institutuko zuzendariak honako hau jarri du zalantzan: “Gauza bera al da 1936ko uda beroan fusilatutako alkate errepublikano bat, ETAk 1987an hildako polizia nazional bat edo GALek 1985ean Baionako Monbar hotelean balaz jositako lau etakideak? Tratamendu bera al dute Bizkaiko Urduñako espetxean gosez hiltzera kondenatutako Manuel Vivas Villagonzalo-ko alkate errepublikanoaren kasuak eta Juan Paredes Txikirenak, Zalamea de la Serena-n jaiotako ETAko militante eta inolako berme prozesalik gabeko erregimen diktatorialak heriotza-zigorra ezarri zionaren kasuak? Lege hau proposatu dutenek uste al dute kasu horietan guztietan biktimek errekonozimendu mota bera merezi dutela?”.
Extremadurako Autonomia Erkidegoak terrorismoaren biktimei babesa, laguntza eta errekonozimendua emateko arau propioa du —2/2020 Legea—, eta hala jasotzen da lege-proposamen honetan. Hala ere, Alonsok bere hitzaldian adierazi duenez, “beste testuinguru batzuetako biktimek, bidegabeki ‘beste biktima batzuk’ deitutakoek, ez dute aukerarik izan jasan zituzten minaren eta bidegabekeriaren errekonozimendua jasotzeko, ez erakundeen aldetik, ez gizarte osoaren aldetik”.
“Eta lege-proposamen honek, hain zuzen ere, bidegabekeria horretan sakontzen du berriro ere. Terrorismoaren biktimak parapeto gisa erabiltzen ditu, horren atzean ezkutatzeko eta, horrela, frankismoaren milaka biktimak barreiatzeko”, adierazi du.
Hitzaldia amaitzeko, Alberto Alonsok azpimarratu du une historikoa eta biktimek jasandako indarkeria mota testuinguruan kokatu behar direla: “Ez lapurtu testuingurua biktimei. Ez neutralizatu beren oinazea barreiatzeko baino balio ez duen kontzeptu abstraktu eta lauso batean haiek bilduta. Denak ez du balio. Ez dezatela isilarazi nahi instituzioen erantzunaren zain hainbeste hamarkada daramatzatenen mina, terrorismoaren biktimak sordina gisa erabilita”.