- Iragarkia OMEk berretsi du: III. Mundu Biltzarra 2026ko ekainean egingo da, Donostian.
- Topaketak mundu osoko ordezkariak bilduko ditu, adinekoentzako ingurune inklusiboagoak eraikitzeko jardunbide egokiak, politika publikoak eta esperientziak partekatzeko.
Donostia aukeratu dute ‘Adinekoekin Lagunkoiak diren Hiri eta Komunitateen III. Mundu Biltzarra’ 2026ko ekainaren 16, 17 eta 18an egiteko. Hala iragarri dute Mayte Sancho Gizarte Eskubideen, Kontsumoaren eta 2030 Agendaren Ministerioko Imserso Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Institutuko zuzendari nagusiak eta Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Gazteria Ongizateko eta Erronka Demografikoko sailburuak, zita garrantzitsu honen administrazio kolaboratzaile gisa, Eider Mendoza diputatu nagusiarekin, Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuarekin, Eneko Goia Donostiako alkatearekin eta Mariaje Idoeta Gizarte Zerbitzuetako, Ekintza Komunitarioko eta Auzoetako Zinegotziarekin bildu ostean. Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) esparruan egiten den topaketak, ekitaldia babesten duenak, mundu osoko ordezkariak bilduko ditu praktika onak, politika publikoak eta adinekoentzako lagunkoiagoak diren inguruneak eraikitzeko esperientziak partekatzeko.
Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) Estatua zoriondu zuen, maiatzaren 19an Genevan egindako urteroko batzarrean Munduko Biltzarra egiteko leku izendatu zutelako. Izendapen horrekin, «OMEk onartzen du Espainiako Gobernuak hiri- eta landa-berrikuntzaren, belaunaldien arteko bizikidetzaren eta adinekoen eta biztanle guztien bizi-kalitatea hobetzeko neurrien alde egindako apustua», nabarmendu zuen Mayte Sanchok, urteroko bilera honetan. Gipuzkoako hiriburua izan zen 2009an OMEk bultzatutako programa horren aldeko apustua egin zuen lehen hiria estatuan, diagnostiko bat eta plan bat eginez. Plan horrek, gaur egun, erreferentzia izaten jarraitzen du estatu osoan adineko pertsonekiko lagunkoitasunaren ikuspegian. OMEk babesten duen eta Imsersok Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan antolatzen duen ekitaldiak sarean dauden mundu osoko hiri, komunitate, eskualde eta herrialdeetako ordezkariak eta nazioarteko adituak bilduko ditu. «Aire zabaleko espazioetan, garraio irisgarrian, etxebizitzetako moldagarritasunean, bizitza komunitarioa sustatzen duten ekimenetan edo adinari lotutako estereotipo negatiboei aurre egiten dieten ekimenetan lagunkoitasuna dagoenez, Donostia erreferente handia da eremu horretan» azpimarratu du Nerea Melgosa sailburuak.
Munduko biltzar honetako partaideek belaunaldien zeharkakotasunarekin, aniztasunarekin, zahartze osasuntsuarekin eta adinekoen parte-hartze sozialarekin lotutako ezagutza partekatuko dute, besteak beste. «Munduko herrialderik zaharrenetako batean bizi gara, eta, beraz, oso aktiboki sustatzen dugu asoziazionismoa, adinekoek erabakiak hartzeko prozesuetan parte har dezaten. Baita Espainiako gizartea zahartzeari egokitzeko ere», adierazi du Imsersoko zuzendari nagusiak.
Eider Mendoza diputatu nagusiak adierazi duenez, longebitatea da, zalantzarik gabe, gure garaiko erronka handienetako bat, baina gure gizartean eman diren aurrerapenak eta zaintza eta bizi-kalitatearen lorpen kolektiboak ere islatzen ditu: «Gipuzkoan erantzun arduratsua emateko lan egiten dugu, epe luzera begira. Ongizate integralean oinarritutako eredu bat bultzatzen dugu, pertsonak, haien duintasuna, erabakitzeko gaitasuna eta komunitatean duten errotzea erdigunean jartzen dituena. Donostiak ‘Adinekoekin Lagunkoiak diren Hiri eta Komunitateen III. Mundu Biltzarra’ hartzea albiste bikaina da, baita aukera bat ere Gipuzkoan eraikitzen ari garen bidea partekatzeko eta sendotzeko”.
Horrela, datorren urteko Munduko Biltzarra Adinekoekin Lagunkoiak diren Hiri eta Komunitateen Munduko Sareak bultzatutako jardueren parte da. Ekimen hori 2010ean abiarazi zuen OMEk, eta Zahartze Osasuntsuaren Hamarkadako (2021-2030) ekintza-planaren zati integrala da. «Zahartzarora iristen diren belaunaldiak erabat aldatzen ari dira, batez ere dimentsio guztietako bizi-baldintza hobeagoetarantz» azpimarratu zuen Mayte Sanchok. Gaur egun 60 herrialdetan 1.700 hiri eta komunitate baino gehiago biltzen dituen sarearen helburua da mundu osoko hiri eta komunitateak gero eta lagunkoiago bihurtzea adinekoekin, eta zahartze osasungarria sustatzea bizitzan zehar. Estatuan 270 hiri eta komunitate inguruk osatzen dute programa hori gaur egun, horietatik 59 Euskadin. Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak adierazi duenez, «kongresu honek adinekoen eta, oro har, herritarren parte-hartzea sustatu nahi duen sare hau indartzeko eta esperientzia berriez hornitzeko balioko du, euskal udalerrietako auzoak eta inguruneak hobetzeko».
Adinekoekin Lagunkoiak diren Hiri eta Komunitateen III. Mundu Biltzarrean, tokiko agintariez eta nazioarteko adituez gain, hainbat hiri kidetako gizarte-erakundeek eta adinekoek ere parte hartzea aurreikusten da. Munduko Sarearen misioa aurrera eramatea bilatzen duen ekitaldia izango da, pertsonak, hiriak eta komunitateak mundu osoan konektatuz, informazioa, ezagutzak eta esperientziak trukatzea errazteko, aldaketa inspiratzeko, zer egin daitekeen eta nola egin daitekeen erakutsiz, beren testuinguruetarako irtenbide berritzaile eta egokietatik abiatuta. «Aukera paregabea izango da hiri gizatiarragoak, bidezkoagoak eta bizitzaren etapa guztietarako prestatuak eraikitzen jarraitzeko», amaitu zuen Sanchok.
Duela hamarkada luze bat, Donostiak badu arlo bat -Donostia Lagunkoia- komunitate ekintzak bultzatzen dituena hiria zahartzearen erronkei aurre egiteko.