Euskadin %16 jaitsi ziren gorroto gertakariak 2024an

0

Guztira 236 gorroto gertakari egon ziren iaz gehienak arrazoi xenofoboek eragindakoak

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak eta EHUk Euskadiko gorroto-gertakariei buruzko 2024ko txostena aurkeztu dute gaur Eusko Legebiltzarrean. Segurtasuneko sailburu Bingen Zupiriarekin batera Jon-Mirena Landak aurkeztu du txostena. Landa izan da EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen UNESCO Katedraren barruan ikerketa zuzendu duena. “Euskadiko gorroto-gertakariei buruzko 2024ko txostenak” jasotzen duenez, iaz guztira 236 gorroto gertakari zenbatu zituen Ertzaintzak aurreko urtean baino % 16 gutxiago (2023an 281 gertakari erregistratu ziren).

Bingen Zupiria sailburuak nabarmendu duenez, “txostenak gorroto-gertakarien bilakaera ezagutzeko aukera emateaz gain, erakundeen arteko koordinazioa indartzen du — polizia-kidegoen, unibertsitateen, eragile juridikoen eta gizarte-elkarteen artekoa —, desberdina estigmatizatzearen aurrean erantzun irmoa emateko berme gisa. Detekzio-mekanismoen hobekuntza, Ertzaintzaren Koordinazio Operatibo eta Teknikoko Atala (SCOTI) bezalako unitateen espezializazioa eta Eraberean bezalako sareekiko lankidetza dira mantendu eta indartu behar ditugun jardunbide egokien adibideak». Zupiriak gaineratu duenez, «ezin dugu beste alde batera begiratu: gertakarien kopuruak behera egin duen arren, datuek agerian uzten dute arrazismoa, xenofobia edo LGTBIfobia oraindik ere gure kaleetan daudela. Gainera, «zifra beltza» deitutakoak — salatu gabeko delituak — bere horretan jarraitzen duenez, beharrezkoa da lanean jarraitzea biktimengan konfiantza sortzeko, benetako babesa ziurtatzeko eta inolako gorroto-modurik zigorrik gabe gera ez dadin bermatzeko».

Izaera arrazista edo xenofoboa izan duten gertakariak dira ugarienak, % 62, ondoren sexu-orientazioak eta identitateak eragindakoak egongo lirateke (% 23)  eta hirugarren tokian ideologia kasuak daude (%6). Gainera 236 kasuetatik motibazio anizkoitza eman da, ugariena, 7 kasutan, arrazismoa eta sexu-orientazioa bat eginda.

Lurraldeari dagokionez, 2024an gorroto gertakarien erdia Bizkaian gertatzen da (%50) aurreko urtean baino hiru puntu gehiago, Gipuzkoan gertakarien % 41, aurreko urtetik puntu bat gora eginda eta Araban gertakarien %8 gertatu da 2023an baino % 4 gutxiago. Udalerriei dagokienez Bilbon, Donostian, Irunen eta Gasteizen atzeman dira gorroto gertakari gehien.

Gorroto gertakarien tipologiari begiratuta lesioak izan ziren nagusi 2024an, hau da, gertakarien %38an lesioak egon ziren,  % 20an mehatxuak eta  %12an gorroto diskurtsoak. Bestalde, espazioaren ikuspegitik gorroto gertakarien %38,5 bide publikoan gertatzen dira, % 19 ostalaritza establezimenduetan, %8 bizileku inguruetan eta %7,6 etxebizitzetan. Denbora-banaketari dagokionez, gorroto gertakarien erdia asteburuetan gertatzen da eta horietatik %71 arratsaldean edo gauean.

Profila

Ertzaintzak gorroto gertakariengatik inputatutako edo egotzitako 244 pertsonen artean, gehienak, %66 espainiar nazionalitatekoak izan ziren eta horietatik %84 Euskadikoak. Atzerritar jatorriko egotzitakoen artean (%34), Afrikatik (%59) eta Erdialdeko eta Hego Amerikatik (%36) etorritakoak nabarmentzen dira. Auzipetu gehienak gizonezkoak ziren (%79), 39 urtetik beherakoak (%60).

Gorroto gertakarien biktimei dagokienez, 2024an guztira 271 biktimizazio erregistratu dira, hau da, aurreko urtean erregistratutako biktimizazioak baino %11 gutxiago. Biktima gehienak, %67a, atzerritarrak dira, eta Afrikakoak eta Latinoamerikakoak dira ugarienak (biktima guztien %33 eta %26, hurrenez hurren).