Eusko Jaurlaritzak eta Ikerbasquek emakume ikertzaileen lana aitortu dute

0
  • Mª José Sanz, Aran García-Lekue eta Amaia Arruabarrena ikertzaileek aintzatespena jaso dute gaur orain arte egindako ikerketa-ibilbideengatik

  • Euskadiko emakume ikertzaileen lana ikusaraztea da ekimenaren helburua, emakume ikertzaileen belaunaldi berrien eredu eta inspirazio izan daitezen.

Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesias Ikerbasqueko lehendakaria buru, aintzatespenak banatu dira gaur goizean egin da Euskal Autonomia Erkidegoan ikerketa-jarduera egiten duten hiru emakumeri: Maria José Sanz, Aran García-Lekue eta Amaia Arruabarrena. Ekitaldian izan dira, halaber, Fernando Cossío Ikerbasqueko zuzendari zientifikoa eta Euskadiko unibertsitate eta ikerketa-zentroen arduradunak.

Euskadiko emakume ikertzaileak eta hauen lana ikusaraztea da aitorpen honen helburua, emakume ikertzaileen belaunaldi berrien eredu eta inspirazio izan daitezen. Hartara, ibilbide zientifiko osoa, ikerketa-esparru bateko lidergoa eta ikertzaile gazte batek egindako ekarpen nabarmena aitortu dira.

  1. edizioan, emakume ikertzaile hauek jaso dute aintzatespena:

Advanced, Advanced, ikerketa-karrera osoaren aitorpena:

  • Mª José Sanz, BC3-Basque Centre for Climate Change zentroko zuzendari zientifikoa.

Consolidator, dagokion ikerketa-eremuan liderra izan den emakume ikertzaile baten aintzatespena:

  • Aran García Lekue, DIPC-Donostia International Physics Centerren lan egiten duen Ikerbasqueko Research Professor kategoriako ikertzailea

Starting, emakume ikertzaile gazte batek egindako ekarpen nabarmenaren aitorpena:

  • Amaia Arruabarrena, UPV/EHUri atxikitako Ikerbasqueko eta Ramón y Cajaleko ikertzailea.

Aitortutako emakume ikertzaile hauen hautaketan, Ikerbasquek ekoizpen zientifikoko datuen azterketa bibliometrikoa egin du, Euskadiko ikertzaileen azken ekarpen nabarmenak gogoan hartuz. Ebaluazio Batzordeak lehen aipatutako hiru maila horietan hautatutako 17 emakume ikertzaileren zerrenda hartu du oinarritzat eztabaidarako, eta hiru kategorietako emakume ikertzaileen maila zientifiko handia nabarmendu du, Euskadin emakume ikertzaileek egindako zientziaren potentzial handiaren isla, batzordearen esanetan.

Urteko aitorpenak

Ekimen hau Ikerbasqueren Berdintasun eta Aniztasun Planari atxikita antolatu da, izan ere, gizarte mailan berdintasunaren eta aniztasunaren erreferente izatea da planaren erronka, eta horretarako, emakume ikertzaileen artean urtero aintzatespenak banatzea aurreikusi du, beste hainbat ekintzaren artean.

Ikerbasque

Eusko Jaurlaritzak 2007an bultzatu zuen IKERBASQUE, Zientziarako Euskal Fundazioa, Euskal Autonomia Erkidegoan ikerketa zientifikoa garatzen laguntzeko helburu nagusiarekin, talentu ikertzailea erakarriz eta atxikiz. Oinarrizko helburuak hauek dira: Zientziaren Euskal Sistema indartzea, sistematik kanpoko ikertzaileak erakarriz, eta Euskadiren irudia sustatzea, nazioarteko ikerketa-panoraman erreferente gisa.