Geopolitika eta enpresa hizpide Gasteizen egindako ETEKIN ekonomia topaketen bigarren saioan

0

Gasteizko Goiuri jauregiak hartu du ETEKIN ekonomia topaketen 2025eko edizioko bigarren saioa. Hiru topaketek osatutako zikloaren bigarren jardunaldi honek ‘Geopolitika eta enpresa: arriskuak eta erabakiak ziurgabetasunean’ izan du izenburu. Goi mailako hiru aditu bildu dira gaiaren inguruan dituzten ikuspuntu ezberdinak partekatzeko: Asier Aranbarri, Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza Sozialaren eta 2030 Agendaren zuzendaria; Ekhi Atutxa, Deusto Business School-eko Ekonomia saileko koordinatzailea, irakaslea eta ikerlaria; eta Leire Mancisidor Stellum Capital-eko Inbertsio Zuzendaria.

Geopolitika eta enpresa: arriskuak eta erabakiak ziurgabetasunean

Mundua gero eta konplexuagoa eta ziurgabetasun handiagokoa bihurtzen ari den honetan, enpresen eta erakundeen egokitzeko gaitasuna funtsezkoa da. Gai honen inguruan hausnartzeko aukera izan da ETEKIN topaketen 2025eko bigarren saioan.

Hiru hizlariek ikuspegi osagarriak eskaini dituzte: sektore publikoaren estrategia eta politikak; akademiaren ikuspegi teoriko eta analitikoa; eta inbertsioaren eta finantza estrategikoaren ikuspegia, besteak beste. Alde batetik, enpresek eta erakundeek gaur egungo testuinguru geopolitikoan aurre egin behar dieten arrisku nagusiak aztertu ditu Ekhi Atutxak, eta bereziki landu du arriskuen kudeaketa sistematiko batek nola lagundu dezakeen ziurgabetasun egoeretan erabaki sendoagoak hartzen, eta zein indargune eta ahulgune dituen Euskal Herriko enpresa-sareak mundu mailako tentsio ekonomiko eta geopolitikoen aurrean. “Arriskuen kudeaketa sistematikoa ez da soilik babes-mekanismo bat, baizik eta erabaki estrategikoak hartzeko oinarria. Ezin ditzakegu arriskuak guztiz desagerrarazi, baina ulertu, partekatu eta aurreikusteko gaitasuna badaukagu, eta hori funtsezkoa da”, azaldu du Atutxak.

Bestalde, Asier Arambarrik tokiko eragileek—hala nola enpresek, administrazioek eta unibertsitateek— jokatu dezaketen rola izan du hizpide, erresilientzia kolektiboa sendotzeko eta egoera aldakorrera egokitzeko. “Munduan egon daitezkeen tentazio polarizatzaile eta muturrekoen aurrean, gure garapen jasangarriko eredua balioan jartzeko unea da. Lankidetza publiko-pribatuan oinarritzen den eredua, komunitatea indartzeko helburuarekin”, azpimarratu du Arambarrik.

Era berean, Leire Mancisidorrek euskal gizarteak eta bere eragileek hurrengo hamarkadan hartu beharko luketen norabide estrategikoaz hausnartu du, kontuan hartuta bai arrisku geopolitikoak, baita sistemikoak ere. “Gure inguruko enpresen tamaina handitzeko hainbat proiektu jaio dira azken urteotan, Stellum Capital barne, eta denon artean gure industria sareak duen ahulezia hori gainditzeko urratsak eman nahi ditugu gure lurraldeko enpresen hazkunde organikoa eta ez-organikoa bultzatuz”, burutu du Mancisidorrek.

Solasaldiak mahai inguru formatua izan du, gaia ikuspegi ezberdinetatik sustatzeko helburuarekin, eta gidaria Asier Otegui kazetaria izan da. Bertaratutakoek geopolitikaren eta ziurgabetasunaren testuinguruan enpresek dituzten erronkak eta aukera estrategikoak sakonki aztertzeko aukera izan dute. Amaieran, gosari informal batek parte-hartzaileen arteko iritzi-trukea eta sarea sendotzea ahalbidetu du.

IREKIA atariaren bidez, saioaren grabaketa ikus daiteke.

ETEKIN topaketen bigarren edizioa

2024an Eusko Jaurlaritzak eta Finantza Entitateek ETEKIN Ekonomia Topaketen zikloa jarri zuten abian. Topaketa hauen bidez, ekonomia eta finantza gaien hausnarketa sustatu eta harremanetarako bilgune bat sortzeko helburua bilatu nahi izan zen. Ekimen honek Jaurlaritza eta finantza entitateek euskara biziberritzeko sinatutako hitzarmenean du jatorria.

Lehen edizio arrakastatsuaren ondoren, proiektuari jarraipena eman nahi izan zaio eta Bankoa ABANCAk, CaixaBankek, Ekonomisten Euskal Elkargoak, Eusko Jaurlaritzak, Finantzen Euskal Institutuak, Kutxabankek, LABORAL Kutxak eta Rural Kutxak elkarlanean antolatu dute ETEKIN topaketen bigarren edizioa. Aurten ere, zikloak hiru hiriburuak bisitatuko ditu. Lehen topaketa martxoaren 26an izan zen Donostian. Honen arrakastaren ondoren, Gasteizek hartu du bigarren saioa ekainaren 18an, eta edizioaren amaiera Bilbon izango da, urriaren 22an (hiru kasuetan goizeko 9etatik 10:30era arte). Saio bakoitzean, ekonomia eta finantzekin zerikusia duen gaurkotasunezko gaia jorratuko da sektoreko adituekin.