Amaia Barredok, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Landa Garapen, Elikadura eta Arrantzako sailburuak, Nekazaritza eta Elikadura Kontseiluan aurkeztu ditu Europar Batasunean uda ostean abiaraziko den Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) erreforma-prozesuan Euskadik defendatuko dituen ildo estrategikoak.
Nekazaritza-arloko erakunde sindikal nagusien eta Euskadiko nekazaritzako elikagaien sektore osoaren ordezkarien parte-hartzearekin egindako topaketan, Barredo sailburuak azaldu die zein den “Eusko Jaurlaritzak defendatzea ezinbestekotzat jotzen duen posizionamendu instituzionala 2028-2034 NPBaren definizio-prozesuan”.
Barredoren ustez, “beharrezkoa da NPBren egungo arkitektura sakon birpentsatzea eta erronka estrukturalek, ziurgabetasun geopolitikoak eta krisi klimatikoek markatutako testuingurura egokitzea”.
Amaia Barredo sailburuaren iritziz, “hurrengo NPBk politika baliagarria, errealista eta sektorearen beharrekiko sentikorra izan behar du, eta elikagaien ekoizpenera, jasangarritasunera eta lurralde-orekara bideratutako ikuspegi argia behar du. Euskadik konpromisoa du nekazaritza-politika sendo batekin, gure ustiategiak babestuko dituena, eskualdeen eginkizuna aitortuko duena, belaunaldien arteko errelebo erakargarria sustatuko duena eta lehen sektoreko kolektibo profesionalari etorkizun duina bermatuko diona”.
Eusko Jaurlaritzak aurkeztu duen dokumentuak hiru ardatz nagusi ditu:
Sinplifikazioa
Euskal proposamenak Nekazaritza Politika Bateratua benetan eta modu eraginkorrean sinplifikatzearen alde egiten du, konplexutasun burokratikoa murriztu eta kudeaketaren eraginkortasuna hobetzeko, bai onuradun potentzialentzat, bai administrazioentzat.
Gaur egun, Euskadin 39 esku-hartze desberdin kudeatzen dira, eta horietako 21 lehen zutabeko zuzeneko laguntzei dagozkie. Neurrien atomizazio hori neurrigabea da, laguntzak eskuratzea zailtzen du eta administrazio-baliabideak tenkatzen ditu. Zentzu horretan, Amaia Barredok berriz dio: “Sinplifikazioa ezin da promesa hutsa izan. Sistema arrazionalizatzeko eta ustiapenek zein erakundeek jasaten duten zama administratiboa murrizteko unea da”.
Subsidiaritatea
“NPBren egungo erreformak aurrerapen bat ekarri du subsidiaritate-printzipioaren aplikazioan; izan ere, horri esker, estatu kide bakoitzak bere ezaugarrietara egoki dezake politikaren zati bat, Plan Estrategiko Nazionalen bidez. Hala ere, ikuspegi hori ez da behar bezain urrun joan, eta alde batera utzi ditu nekazaritza-arloan eskumen osoak dituzten eskualdeak, adibidez Euskadi”, dio Amaia Barredok.
Amaia Barredoren arabera, “Eusko Jaurlaritzarentzat ezinbestekoa da hurrengo erreformak aitortzea gobernu autonomoek kudeatutako eskualde-egiturak dituzten estatuen errealitate instituzionala, eta Eskualdeko Plan Estrategikoak diseinatzeko eta aplikatzeko aukera aintzat hartzea. Deszentralizazio handiago horrek lurralde bakoitzaren ezaugarri agroklimatiko, ekonomiko eta sozialei hobeto erantzutea ahalbidetuko luke, politika komunari eraginkortasun eta zilegitasun handiagoa emanda.
“NPBk ezin du aplikatzean uniformea izan. Europa askotarikoa da, baita nekazaritza-sektorea ere. Euskadiren kasuan, ekoizpen-eredu propioa dugu, eta gure lehentasunak modu autonomoan eta eskualde-ikuspegitik kudeatzeko behar adina eskumen ditugu”, azpimarratu du Barredo sailburuak.
Elikagaien segurtasuna
Gatazken, merkataritza-disrupzioen, klima-aldaketaren inpaktuen eta merkatuen aldakortasunaren ondorioz sortutako egoera global berriaren aurrean, Eusko Jaurlaritzak defendatzen du NPBk lehentasun estrategiko gisa berreskura dezala Europako elikagaien segurtasuna.
“Horrek ez du esan nahi Itun Berdearen ingurumen-helburuei uko egitea, baina ikuspegi errealistago eta progresiboago batetik birpentsatu behar da, pizgarrietan oinarrituta eta ez ekoizpen-gaitasuna arriskuan jartzen duten debekuetan, alternatiba bideragarriak eskaini gabe”, zehaztu du Amaia Barredok.
“Elikagai seguru, jasangarri eta kalitatezkoen hornidura egonkorrak Europako eztabaidaren erdigunera itzuli behar du. Elikagaien segurtasuna, teknologia- eta energia-burujabetzarekin batera, kontu geopolitikoa da. Hori dela eta, hurrengo NPBak gure nekazaritza- eta abeltzaintza-sarea mantendu eta indartzeko beharrezko baldintzak bermatu behar ditu”, nabarmendu du sailburuak.
Hiru atalez gain, Eusko Jaurlaritzak egungo laguntza-eredua berrikustea proposatzen du, malgutasun handiagoa, egokitzeko gaitasun handiagoa eta politiken arteko koordinazio handiagoa ahalbidetzeko.
Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak proposatzen duen laguntza-ikuspegi berriaren funtsezko elementuen artean honako hauek daude: Egungo bi zutabeei eustea (zuzeneko laguntzak eta landa-garapena); Esku-hartzeen egitura duala: plan nazionalak eta eskualde-planak (Espainiaren kasuan); Funtsak proportzionalki banatzea, egungo aurrekontuan oinarrituta esleituak (finantza-poltsak); Ohiz kanpoko laguntza-mekanismoak aktibatzea (adibidez, aurrekontuaren % 5) klima-fenomeno kaltegarriei edo merkatu-krisiei aurre egiteko; eta Eskualde-politikaren nahitaezko ekarpena (FEDER, FSE+, FEMP, Kohesio Funtsa) bigarren zutabeko esku-hartzeetan, landa-garapen integratuagoa eta zeharkakoagoa sustatuta.
Lankidetza
Nekazaritza eta Elikadura Kontseiluaren bilera Euskadiren posizio bateratua finkatzeko lehen urratsa da, eta Nekazaritza Ministerioari eta Europako erakundeei helaraziko zaie datozen hilabeteetan.
“Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak lankidetza estuan jarraituko du nekazarien erakunde sindikalekin, kooperatibekin, sektoreko elkarteekin eta beste eragileekin, euskal landa-eremuaren interesak defendatzeko, etorkizunerako funtsezkoa den une honetan”, adierazi du Amaia Barredok.
“Ildo horretatik, sektoreak begi onez ikusi du egindako proposamena, eta eskatu du administrazioarekin elkarrizketa hori mantentzea eta bilera horietan aurrera egin ahala proposamenak eginez sektoreak aktiboki parte hartzea”, esan du Amaia Barredok.
Amaia Barredok, amaitzeko, azaldu du: “Hauxe da unea: Euskadik ahots propioa izan behar du NPB berriaren diseinuan. “Esperientzia, ezagutza eta zilegitasun instituzionala ditugu, gure lurraldea adimenez eta sentsibilitatez berriro begiratu behar duen Europako politikari balioa emateko”.