Hamarkada batetik gora darama Azpeitiko Udalak etxebizitzen alokairurako laguntzak ematen, pertsonen ordainketa ahalmena kontuan hartuz. Hasieran, gazteei bakarrik bideratzen zitzaizkien laguntzak, baina beste zenbait kolektibok ere alokairua ordaintzeko zailtasunak dituztela jakitun, azken urteotan zabaldu egin du onuradunen profila: gaur egun, 18-35 urte arteko gazteek ez ezik, baldintzak betez gero, mugikortasun urria duten herritarrek, bananduta edo dibortziatuta daudenek, 70 urtetik gorakoek eta alargunek ere jaso dezakete.
Etxea partekatzen duten pertsonak ere izan daitezke onuradun, baldin eta errentamendu kontratua pertsona guztiekin sinatzen bada. Kasu horretan, eskatzaile bakoitza bizikidetza unitate independente gisa hartzen da, eta errenta kontratuaren sinatzaile bakoitzaren artean hainbanatzen da.
Etxeen baldintzak
Laguntza jaso ahal izateko baldintzetako bat da etxearen alokairu prezioa 675 euro baino gutxiagokoa izatea. Horrez gain, bestelako ezaugarri batzuk ere bete behar izaten dituzte etxeek. Laguntzetatik kanpo geratzen dira, esate baterako, sustapen publikoko babes ofizialeko etxeak, berrakurak, logelen alokairuak, etxebizitza gisa erabilitako lokalak eta Bizigune programaren barruan dauden etxeak. Era berean, gutxienez urtebeteko kontratua eskatzen da.
Laguntza jaso ahal izateko, bizikidetza unitateko diru sarreren muga urtean 28.000 euro haztatukoa da eskatzaile bakarreko kasuetan, eta 35.000 euroko bi eskatzaile edo gehiagoko kasuetan. Ehuneko hauek aplikatzen dira laguntzetan:
0,00 € – 15.000 € alokairuaren %60
15.000 € – 21.000,00 € alokairuaren %50
21.000 € – 30.000 € alokairuaren %45
30.000 € – 35.000 € alokairuaren %35
Laguntza jaso nahi dutenek deialdian zehaztutako ereduaren araberako eskabide eredua aurkeztu behar dute. Udalaren sarrera erregistroan, udalaren webgunean eta Etxebizitza Bulegoan daude eskabideak.
Laguntzei buruzko informazio guztia hemen