Hezkuntza Sailak Adimen Artifiziala ikaskuntza prozesuak erabiltzeko orientabideak batu ditu gida batean

0

Gida Hezkuntza Sailak eta Elhuyarrek landu dute, Berritze Nagusiaren eta Tknikaren kolaborazioarekin. Partaidetza-prozesu baten bidez kontrastatu da, Euskadiko ikastetxe publikoetako 18 irakasle eta IKT arduradun adituekin batera.

Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak eta Jon Abril Olaetxea Elhuyarreko koordinatzaile nagusiak “Hezkuntza-eremuan Adimen Artifizialak Erabiltzeko Gida” aurkeztu dute gaur Bilboko Miguel de Unamuno Bigarren Hezkuntzako Institutuan. Gida hezkuntzaren etapa eta arlo guztietako irakasleei zuzenduta dago eta bere helburua da hezkuntzaren esparruan adimen artifiziala erabiltzeko orientabide argiak eskaintzea, eta era berean adimen artifizialeko teknologien inguruan hausnartzeko lagungarria izatea.

Adimen Artifizialeko teknologiak gizarteko hainbat esparrutan zabaldu diren testuinguruan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak hezkuntzan nola erabili aztertu du. Pedrosa sailburuak adierazi duenez, hezkuntzan ezinbestekoa da gai honi heltzea. Beste teknologia guztiekin bezala, “baliabide horien erabileraren inguruan hausnartzea beharrezkoa da, aukerak eta arriskuak aztertu, eta sortzen diren dilema etikoen inguruko erabakiak hartu”.

Gida Hezkuntza Sailak eta Elhuyarrek landu dute, Berritze Nagusiaren eta Tknikaren kolaborazioarekin. Partaidetza-prozesu baten bidez kontrastatu da, Euskadiko ikastetxe publikoetako 16 irakasle eta IKT arduradun adituekin batera. Gidak Hezkuntza Sailaren eta Elhuyarren konpromiso pedagogiko eta etikoak jasotzen ditu. Orientazio gisa bi printzipio nagusi ditu; ikaslearen garapen pertsonala eta akademikoa erdigunean jartzea, eta aurrez aurreko harremanak ordeztu gabe hezkuntza-komunitatearen kohesioa indartzea.

Printzipio horiek bat datoz Hezkuntza Sailaren eta Elhuyarren konpromisoarekin: pertsonen duintasuna eta autonomia babestea, datuen pribatutasuna eta aukera-berdintasuna bermatzea, eta jasangarritasuna eta gardentasuna lehenestea. Jon Abril Olaetxea Elhuyarreko koordinatzaile nagusiak nabarmendu dutenez, “gida hau nazioarteko gomendioetan eta ebidentzia zientifikoetan oinarritzen da, eta hezkuntza-komunitateari tresna digitalak modu arduratsuan erabiltzeko tresna praktiko eta estrategikoa eskaintzen dio”.

Hezkuntza-eremuan adimen artifiziala erabiltzeko gida

Gida hezkuntzaren etapa eta arlo guztietako irakasleei zuzenduta dago, beraien jardunean lagungarri izateko. Adimen artifizialaren erabilera arduratsua eta etikoa proposatzen ditu gidak, oinarri pedagogiko sendoetan errotua. Irakasleek Adimen Artifiziala nora erabili ahal duten erakusteko eredu batzuk jarri ditu Elhuyarreko STEAM arloko kide Danel Solabarrietak.

Gidak gaur egungo egoerari erantzun nahi dio, kontuan hartuta horrelako teknologiek dituzten mugak eta sortzen dituzten zalantzak eta dilema etikoak. Irakasleak, hortaz, zuhurtziaz jokatu beharko du teknologia horiek erabiltzeko hautua egiten badu, eskura dituzten tresnak ez baitira “neutroak”.

Gidan aztertu diren gaiak honako hauek dira: adimen artifizialak nola funtzionatzen duen, adimen artifizialaren arriskuak eta mugak, legediak, irakasleentzako adimen artifizialeko baliabideen aukeraketa eta txatbotak (testu nahiz entzumen bidezko metodoen bitartez elkarrizketa bat jarraitzen duen programa informatikoa da) erabiltzeko aholkuak, besteak beste. Bertan etapa eta ikasgai ezberdinetarako erabilera-adibideak ematen dira, erabilitako agindu zehatzekin. Era berean, arriskuez ere ohartarazten da.

Adimen Artifiziala ikasteko nola erabili, euskararen erabilera, adimen artifizialaren erabilera etxeko lanetan  eta hezkuntzan adimen artifizialak ekarriko dituen aldaketak ere aztertu dira lan honetan eta tresna baliagarritzat jo du aurkezpenean izan den Iñigo Aierbe Berritzeguneko kideak ere, bera izan baita proiektuan lan egin duen irakasle taldeko kide bat.

Orain, ikastetxe bakoitzak erabaki eta planifikatu beharko du nola jokatuko duen ikastetxe mailan adimen artifizialarekin: erabiltzea erabakitzen bada, nork erabiliko duen eta zertarako, zer trebakuntza beharko den, zer tresna erabiliko diren, nola aurre egingo zaion aurrikustea.

Gidak gogorarazten du, 13 urtera arte ezin direla erabili ChatGPT moduko Txatbotak, eta ordutik aurrera, erabilera planifikatua eta neurtua izan behar da, tresnak noiz, nola eta zertarako erabiliko diren zehaztu beharko delarik.

Baliabideei dagokienean, kontuan izan da irakasleentzako erabilgarriak izatea, Europan eskuragarri egotea, doako aukera izatea, euskaraz ondo funtzionatzea eta bigarren hezkuntzako ikasleek gehien erabiltzen dituztenak izatea.

Euskararen erabilera

Sailburuak gogorarazi duenez, gaur egun eskura dauden eredu erabilienek ondo egiten dute euskaraz. Edonola ere, Adimen Artifizial ereduak entrenatzeko erabiltzen diren datuetan, euskarazko testu-kopurua beste hizkuntzetakoa baino askoz txikiagoa da. Euskal kulturari edo gure errealitateari buruz galdetzen badiogu, erantzunak okerrak edo eskasak izan daitezke. “Horren aurrean, hezkuntzatik badugu zer eginik. Guk geuk tresna horiek euskaraz erabiliz, gure hizkuntzaren biziraupenean eta eguneroko erabileran lagunduko dugu…euskararen etorkizuna eta burujabetza digitala aktiboki lantzea gure esku ere badago” ondorioztatu du.