900 840 111 Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailak eskura jartzen duen zenbakia da. Telefono bidezko zerbitzua da, emakumeen aurkako indarkerian espezializatutako psikologoek, hezitzaileek eta gizarte-langileek ematen dutena. Zerbitzu hori urtean 24 orduz eta 365 egunez irekita dago, berehalakoa, anonimoa, konfidentziala eta doakoa da, eta ez du arrastorik uzten telefono-fakturan. Iaz, Etxeko Indarkeriaren edo Sexu Indarkeriaren Biktima diren Emakumeentzako Informazio eta Arreta Zerbitzuak (SATEVI) 3.741 dei jaso zituen guztira. 2023ko ekitaldiarekin alderatuta, 2024an deien kopurua % 10.68 igo da (761 dei gehiago). Zerbitzua martxan dagoenetik zifra horiek lortzen diren lehen aldia da. Aurtengo lehen bost hilabeteetan 1.236 arreta zenbatu dira.
Eskatzaile kopuruari erreparatuta, zerbitzuarekin harremanetan jarri diren pertsonei dagokienez, igoera txiki bat ikusten da, 2023an 2.165 izatetik 2024an 2.207 izatera igaro baita.
«Arreta-kopuruaren gorakada oso adierazgarria den bezala, ez da hainbeste eskatzaileena. Honek, SATEVI, indarkeriatik ateratzeko prozesuan laguntzeko zerbitzu bezala gero eta sendoago dabilela erakusten du. Zerbitzu horrek 20 urte beteko ditu datorren urtean eta tresna hurbila, segurua eta konfiantzazkoa da emakumeei honako hau esaten laguntzeko: amaitu da» adierazi du Nerea Melgosa sailburuak.
Era berean, kontuan izan behar da gizartean emakumeenganako indarkeriari buruzko gero eta kontzientzia handiagoa dagoela, eta, horren ondorioz, indarkeria matxistari buruzko informazioa eta orientazioa eskatzen da.
Jasandako indarkeria mota
Sexu-askatasunaren aurkako delituen biktima diren emakumeen kopurua % 6,09 da. Arreta horiek pisu handiagoa hartzen ari dira SATEVIko zerbitzuaren testuinguruan. Dei-mota horrek gora egin du 2018tik. Urte horretan, 83 izan ziren sexu-askatasunaren aurkako delituei zegozkien arretak, eta, oraingo ekitaldian, 225. Azpimarratu behar da 2024ko arreta guztietatik % 31,65ak sexu-tratu txarren bat hitzez adierazi zuela, hau da, 10etik 3k. Kasuen % 4,17an familia barruko genero-indarkeria zen, bikotekideak edo bikotekide ohiak izan ezik.
Genero-indarkeria edo bikotekideak zein bikotekide ohiak eragindako indarkeria hainbat modutan agertzen da (psikologikoa, fisikoa, sexuala, ekonomikoa…). Kontuan izan behar da artatutako emakumeen % 100ean indarkeria psikologikoa eta beste tratu txar mota batzuk antzematen direla. Indarkeria psikologikoa indarkeriaren berezko ezaugarria da, biktimak menderatzeko, kaltetzeko eta kontrolatzeko ematen den lehen tratu txar mota baita.
Jasandako indarkeria mota | Arretak | % |
Bikotekide ohi edo bikotekidearen indarkeria | 3.314 | 87.74 |
Sexu-askatasunaren aurkako delituak | 225 | 6.09 |
Familia barruko genero indarkeria | 154 | 4.17 |
GUZTIRA | 3.693 | 100 |
Emakumea jasaten ari den indarkeria-zikloaren unea
Arreta gehien ematen duen taldea, argi eta garbi, tentsioaren igoera-fasean kokatzen da, % 67,11ko presentziarekin. Emakumeak, fase horretan, balizko eraso baten arriskua, nahasmendua edo/eta benetako beldurra sentitzen eta hautematen ditu. Bere erreakzioa bizi duen tratu txarren kontzientzia-mailaren eta garatu duen «ikasitako babesgabetasun-mailaren» araberakoa izango da.
Ez dira hain ohikoak gertaera larriaren (erasoa, zentzurik gordinenean) ondorengo fasean egiten diren deiak; hala ere, eskaerak antzeko ehunekoetan mantentzen dira, arreten % 19,37rekin. Ehuneko hori, aurreko urteko aldi berean, % 22,52 zen.
Indarkeriaren ziklotik kanpo dauden emakumeen arreta % 10,05ekoa izan da, egoera horretatik atera direlako eta berreraikuntza pertsonalaren fasean daudelako. Horietan ondorio psikologikoren bat ikus daiteke, eta laguntza psikosoziala behar dute telefono-zerbitzuaren bidez, ahaldundutako pertsona independente gisa psikologikoki berreraikitzen jarraitzeko.
Egindako esku-hartzeak
Arreta gehienetan agertzen den esku-hartze mota akonpainamendua da (% 91,45) eta haren atzetik datoz erantzun emozionala ( % 76,88), informazioa ( % 64,98) eta orientazioa ( % 63,33).
Arreta guztietan eskariaren arrazoi bat baino gehiago dago; azken urtean, informazio-eskaerak zerikusi zuzena izan du tratu txarrekin. Baliabide jakin bati buruzko informazioa eskatu ohi dute, tratu txarren ondoriozko egoerei buruzko zalantza zehatzak, esku-hartze handiagorik behar ez dutenak… Orientazioari dagokionez, indarkeria jasaten duten emakumeek beren egoerari buruz hitz egiteko, segurtasun-espazioa topatzeko eta laguntza emozionala bilatzeko arretak eskatzen dituzte. Indarkeriaren biktima izatearen kontzientziazioari buruzko lehen arreten kasua, oso txikia da, eta bilatzen den orientazioa erlazionatuta dago kokatzearekin eta/edo ondoeza adierazten duten emozioei izena jartzearekin, oso modu orokorrean eta aireztatze emozionalaren premiarekin.
Indarkeria-egoeran dauden emakumeei buruzko datuak
2024an artatutako 1.513 emakumeetatik 787ren adina ezagutzen da. Datuek adierazten dutenez, indarkeria matxistak ez du desberdintasunik egiten adinaren arabera, emakume guztiei eragiten baitie. Adina ezagutzera eman duten emakumeen ehuneko handienak ( % 27,32) 41 eta 50 urte bitartean ditu, eta, ondoren, 31 eta 40 urte bitartean ( % 23,25). 51 eta 60 urte bitarteko emakumeek arreten % 16,10 hartzen dute; ondoren, 18 eta 30 urte bitarteko emakumeek ( % 21,47) eta, ondoren, 60 urtetik gorako emakumeak leudeke( % 10,55).
Emakumeen % 73,23 (1.108) espainiar hiritartasuna dute eta % 22,54 beste herrialde bateko hiritartasuna (341). Jatorri geografikoari dagokionez, datua ezagutzera eman duten 1.444 emakumeren jatorria, %68,5, Euskadi da eta % 6,37 Estatuko gainerako herrialdeetakoak.
«Ez dago profil zehatzik indarkeria-mota horren biktima izateko; arrisku-faktore bakarra emakumea izatea da. Errealitate onartezin, bidegabe eta izugarri hori da, zalantzarik gabe, gizarte gisa dugun arazo nagusia. Gaitz hori, modu koordinatuan, geldiaraztea herritar guztien lana da, koadrilan, familian, lanpostuan, herrietako jaietan… Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailetik arreta eta laguntza zerbitzuekin konpromisoa hartzen jarraituko dugu, hala nola SATEVIrekin, emakumeen aurkako indarkeriaren biktimentzako laguntzak ordaintzearekin eta emakumeen aurkako indarkeria matxistaren ondorioz hildako biktimen seme-alaba umezurtzentzako laguntzak ordaintzearekin batera. Euskadin indarkeria matxistaren aurkako prebentzio- eta babes-politika publikoak daude» azpimarratu du Nerea Melgosa sailburuak.
Bestalde, indarkeria-egoeran dagoen emakumeak erasotzailearekin duen harremana nabarmentzen da, bai eta bikotekidearekin, bikotekide ohiarekin, familiarekin, gertuko inguruarekin edo ezezagunekin duen harremana ere, genero-indarkeria, familia barruko genero-indarkeria eta sexu-askatasunaren aurkako delituak barne hartzen baititu.
Erasotzailearekiko harremana | Emakumeak | % |
Bikotekide ohia | 772 | 49.94 |
Bikotekidea | 575 | 37.19 |
Ezaguna | 50 | 3.23 |
Semea | 33 | 2.13 |
Aita | 32 | 2.07 |
Ezezaguna – identifikatu gabeko erasotzailea | 24 | 1.55 |
Neba | 23 | 1.49 |
Laneko nagusia | 8 | 0.52 |
Laguna | 8 | 0.52 |
Beste senitarteko batzuk – amaren gaur egungo bikotekidea | 7 | 0.45 |
Lankidea | 7 | 0.45 |
Profesionala | 6 | 0.39 |
Aititea/Aitona | 1 | 1.06 |
TOTAL | 1.546 | 100 |
Datua ezagutzen den emakumeen lan-egoerak lan-merkatuko parte-hartzeari dagokionez aurrera egin duela erakusten du: egungo ekitaldian, emakume aktiboen % 60,71 dago lanean, eta 2023an, berriz, % 39,63. Gorakada nabarmen horrek agerian uzten du emakumeen laneratzean aurrera egin dela. Hala ere, igoera horrek ez du % 100ean bermatzen autonomia ekonomikoa hobetuko denik, finantza-mendetasun handia baitago oraindik erasotzaileekiko.
Bestalde, indarkeria matxistako egoeran artatutako emakume guztietatik, indarkeria-mota guztiak barne, % 50,23k bere ardurapean pertsonak zituen, kasu guztietan adingabeak, eta datu horrek gora egin du 2023ko ekitaldiaren aldean ( % 45,85).
Deien iraupena eta hizkuntzak
2024an, dei gehienak lanegunetan egin izan dira, 2023an bezala, eta urteetan zehar izandako joerari erreparatuta, astelehena (% 16,97) da orain ere arreta gehien jasotzen duen asteko eguna. Urte horretan arreta gehien jasotako ordu-tartea 11:00etatik 15:00etara bitartekoa izan da (% 31,11).
Arretarik gehienak (% 81,75) 10 minututik gorakoak izan dira, eta 2024an erregistratutako arreten batez besteko iraupena 26 minutukoa izan da. Oro har, lehenengo deia luzeagoa izaten da, bertan jasotzen baita emakumearen eskaria, egoeraren testuingurua eta, horrekin batera, aireztatze emozionalerako espazio bat, emakumeak hitzez kontatu behar duena lasai adierazteko. Bigarren arretatik aurrera, arreta egoeraren testuingurua ezagututa, unean uneko egoerara eta emozioak aireztatzeko espazio berera bideratuta dago.
Hizkuntzei dagokienez, arreta gehienak gaztelaniaz egin dira (3.628) eta 101 izan dira euskaraz (zerbitzu honetan gero eta presentzia handiagoa duen hizkuntza).
Datuak lurraldeka
2024an jasotako deien % 61,05 Bizkaikoak dira, % 20,93 Gipuzkoakoak eta % 16,71 Arabakoak. Era berean, biztanle gehien dituzten herriak dira arreta gehien jasotzen dutenak: Bilbo, Gasteiz, Basauri eta Barakaldo. Donostia bosgarren postuan geratu da.
Nabarmentzekoak dira zerrendan agertzen diren udalerriak: Hondarribia Gipuzkoan, Busturia eta Gueñes Bizkaian eta Laudio Araban. SATEVIk dentsitate ertain eta txikiko herrietan duen eragina ikus daiteke, eta, askotan, emakumearen beraren eskura eta hurbil dagoen baliabide bakarrenetakoa ere izan daiteke.