Maria Ubarretxena Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak, «Ba al tarterik Euskadin autogobernu hobe bat izateko?» Uda Ikastaroaren irekieran berretsi du Eusko Jaurlaritzak 2025ean Gernikako Estatutua osatu dadin lanean jarraitzen duela.
Sailburuak bere hitzaldian nabarmendu du Estatutua dela herri batek bere etorkizuna erabakitzeko duen tresnarik garrantzitsuena eta eraginkorrena. «Une erabakigarri baten aurrean gaude, Estatutua osorik betetzeko urte garrantzitsua da hau – jarraitu du- gure autogobernua betearaztea, defendatzea eta zabaltzea da gure lehentasuna eta Gernikako Estatutua osatzeko konpromisoa negoziaezina da Eusko Jaurlaritzarentzat», berretsi du sailburuak.
Legegintzaldiaren lehen urtean lau eskumen berri lortu ondoren, Eusko Jaurlaritza, orain, eskualdatzeke dauden gainerako eskumenen negoziaketa lau multzotan lantzen ari da: gizarte-segurantza eta langabezia-politikak, azpiegiturak, segurtasun publikoa eta ogasuna, finantzak eta enpresa. «Bloke guztietan ari gara lanean, baina gizarte segurantzari eman diogu lehentasuna, eskumen-multzo honen konplexutasunagatik» gaineratu du Ubarretxenak.
Eusko Jaurlaritzak Gizarte Segurantzaren arloan laster akordioren bat lortzea espero du eta sail guztiak ari dira Gernikako Estatutua aurten bete dadin lanean. «Akordio bat dugu, egutegi zehatz bat, 2025. urtea amaiera data gisa duena, eta orain arte, Espainiako Gobernuak ez du ez luzapenik ez atzerapenik eskatu, eta, beraz, adostutako epeetan lanean jarraitzen dugu», adierazi du Ubarretxenak.
XXI. mendeko erronkei aurre egiteko tresna berriak
«Erronka itzelak ditugu aurrez aurre eta tresna berriak behar ditugu horiei aurre egiteko, egungo gizartearen beharrei modu egokiagoan erantzuteko, herrialde gisa aurrera egiteko eta Euskadin bizi garen pertsona guzti guztien egunerokotasuna hobetzeko; zer tresna berri behar ditugun pentsatu behar dugu, Euskadik bere etorkizuna eraiki dezan, oinarri sendoekin eta berme juridikoekin” azpimarratu du Maria Ubarretxenak.
Zentzu horretan, Miramar jauregian gaur hasi den autogobernuari buruzko Uda Ikastaroak helburu du euskal autogobernuaren iragana, oraina eta, batez ere, etorkizuna aztertzea. Foro ireki honetan aditu akademikoek eta hainbat alderditako ordezkari politikoek parte hartuko dute.
Gaurko saioan, hainbat mahai-inguru egingo dira gaian adituak diren pertsonen parte hartzearekin. Horietan, autogobernuaren oinarriak eta eskubide historikoak, euskal autogobernuaren garapena, jatorrizko eskumenak eta horiek denboran nola aldatu diren aztertuko da. Azkenik, Begoña Perez de Eulate Autogobernuko zuzendariak eskualdaketa-prozesuaren egungo egoera azalduko du.
Bihar, berriz, kontzertu ekonomikoa eta autogobernuaren etorkizuna izango dituzte hizpide aditu eta legebiltzarreko talde politikoetako ordezkariek. Eztabaidan parte hartuko dute Joseba Diez Antxustegik (EAJ-PNV), Pau Blasi Uribarrik (PSE-EE), Arkaitz Rodriguezek (EH Bildu), Laura Garrido Knörrek (PP) eta Jon Hernández Hidalgo (Sumar).