Gonbita ‘naturara eta jasangarritasunera hainbat ikuspegitatik gerturatzeko
Donostiako Udalak, Cristina Enea Fundazioaren bidez, 2025eko Udako Jardueren Agenda aurkeztu du. Berrogeita hamar jarduera ingururen bidez, herritarrei gonbita luzatzen zaie naturara eta jasangarritasunera hainbat ikuspegitatik gerturatzeko.
Ohiko ekimenez gain, erakusketak edo hitzaldiak, udan, Urgulleko Natur Txokoa irekiko dugu berriro, bertan haurrentzako jarduera didaktikoak eta ludikoak eskaintzeko. Baina, aurten ere, udako ekimen bereziena aire zabaleko zinema-zikloa izango da: lau proiekzio egingo dira hiriko hainbat parketan (xehetasunak ekainaren 23an iragarriko dira).
Agenda, ekainaren 21ean, jarriko da abian, ‘Intsektuak’ erakusketaren inaugurazioarekin. Erakusketa hori Nafarroako Unibertsitatearekin lankidetzan antolatu da, eta aukera paregabea da izaki horien aniztasun izugarria, ekosistemetan betetzen duten funtsezko eginkizuna eta edertasun naturala deskubritzeko. Erakusketan benetako intsektuak eta intsektu biziak egongo dira ikusgai, eta Bioblitz izeneko jarduera paralelo bat izango du, naturagune bateko biodibertsitatea aztertu eta dokumentatzea xede duena.
‘Atsegin handia da gure hiriko berdeguneetan agenda hain anitza eskaini ahal izatea. Donostian, haurrak naturan haztea nahi dugu, txiki-txikitatik hura zaintzen ikas dezaten, eta familiek aisialdiaz elkarrekin gozatu ahal izan dezaten‘, adierazi du Iñigo García Villanueva Ingurumeneko zinegotziak. ‘Nahi duguna da familiek udaz gozatzea, hiritik irten beharrik gabe, ahalik eta gehien aprobetxatuz gure hiriko espazio publikoak, gure berdeguneak, bai eta Donostiak familia eta lana bateragarri egiteko eskain dezakeen guztia ere‘, azpimarratu du zinegotziak. ‘Hiri konprometituago eta jasangarriago bat nahi badugu, funtsezkoa da biodibertsitatearen eta ingurumenarekiko errespetuaren inguruan txiki-txikitatik sentsibilizatzea‘, azpimarratu du Iñigo Garcíak.
Erakusketak eta bisita antzeztuak
- Ekainaren 28tik aurrera, Hari gorria erakusketa ere ikusgai izango da Cristina Enean: Gipuzkoako Artisten Elkarteko Arte Grafikoen Tailerrean urteak daramatzate artearen eta grabatuaren esparrua grinez lantzen, eta lan horren erakusgarri da erakusketa hau. Grabatu ez-toxikoaren esparruan jarduten dute, eta material birziklagarriekin esperimentatzea da haien motibazioa. Erakusketa honen bidez, grabatua herritarrengana hurbildu nahi dute, eta lotura bat sortu ikuslearen, artistaren eta naturaren artean.
- Uztaileko eta iraileko azken asteburuetan Cristina Eneako bisita antzeztuak izango dira berriz ere. Ekimen horrek harrera ezin hobea izan du herritarren artean, saio guztietan
- Uztailaren 12an naturan oinarritutako tailer artistiko bat egingo da. Bertan, urtaro bakoitzak eskaintzen dizkigun elementuak aprobetxatuko ditugu gure obrak sortzeko. Kasu honetan, udako tailerrean, gyotaku delakoa ezagutuko dugu, garai bateko japoniar arrantzaleek egun bakoitzean harrapatzen zituzten pieza onenak erregistratzeko erabiltzen zuten inprimatze-metodo naturala.
- ‘Parketik Parkera’ programak familiei hiriko parkeak deskubritzeko eta ezagutzeko aukera ematen jarraituko du. Oraingoan, udako bisita Urgullera egingo da
- Uztailean eta abuztuan, gainera, bi irteera antolatuko dira Urumeatik kanoan, ibaia beste ikuspegi batetik ezagutzeko.
Ulia eta Urgull
- Urgulleko Natur Txokoa egunero egongo da zabalik, uztailaren 1etik abuztuaren 31ra, haurrentzako eskulan eta tailer ludiko eta didaktikoekin, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, eta jarduera bereziak eskainiko ditu astearte eta asteazkenetan, 17:00etan.
- Uliako Interpretazio Zentroa ere irekita egongo da, asteartetik igandera, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Urte osoan bisita daitekeen erakusketa iraunkorraz gain, udan Natura ere bagara erakusketa inauguratuko da: bertan La Salle Donostia (2023-2024), Salestarrak Urnieta eta La Salle San Luis (2024-2025) ikasleen sormen-lanak egongo dira ikusgai. Baso-tailerrak eta baso-bainuak abiapuntutzat hartuta, ikasle bakoitzak, obra fisiko edo digitalen bidez, askatasunez adierazi du naturarekiko duen lotura.
2025eko udako agenda horren programazio osoa kontsultatzeko, sartu www.cristinaenea.eus webgunean. Webgunean bertan eman daiteke izena programatutako jardueretan.