Ertzaintzak arreta areagotzeko eskatzen du, udan lapurreten eta ebasketen biktima ez izateko

0
  • Ertzaintzak arretaz ibiltzeko gomendatzen du, kalean egon daitezkeen karteristekin eta lapurretekin, oro har, bereziki oporretan hutsik geratzen diren etxeetan.
  • Ertzaintzak eta udaltzaingoek agenteak jarriko dituzte prebentzio moduan jai-barrutien inguruan. Delitugile batzuk berariaz hurbiltzen dira jaietan dauden herrietara lapurretak eta ebasketak egitera.

Aurreko urteetan bezala, Ertzaintzak eta udaltzaingoek segurtasun-dispositibo bereziak ezarriko dituzte jaietan delituak prebenitu eta saihesteko, uda guztian zehar izango baitira jaiak Euskadiko herri eta hirietan. Jai-barrutietan, kontzertu-eremuetan edo ostalaritza-establezimenduetan jende asko ibiliko dela-eta, herritarrei eskatzen zaie kontuz ibiltzeko karteristekin.

Orokorrean, delitugileek jende asko pilatzen diren lekuetan jarduten dute, eta, egoera horretaz baliatuz, poltsak, diru-zorroak edo telefono mugikorrak lapurtzen dituzte. Beste batzuetan, alkoholdun edarien eraginpean dagoela aprobetxatuz egiten diote lapurreta biktimari. Delitugile batzuk berariaz hurbiltzen dira jaietan dauden herrietara lapurretak eta ebasketak egitera.

Egun horietan etxeetako segurtasuna ere zaindu behar da, eta ibilgailuetako lapurretei ere aurrea hartu behar zaie eta ez da utzi behar agerian ez poltsarik ez balioko objekturik.

Gomendioak jaietan edo ekitaldietan lapurretei edo ebasketei aurrea hartzeko:

  • Objektuak, telefono mugikorrak, diru-zorroak, agiriak eta gainerakoak poltsikoetan edo poltsa barruko konpartimentuetan gordetzea komeni da. Objektu horiek ez dira begi-bistan utzi behar, ez mahai gainean ez karteristek kentzeko moduan.
  • Gaur egun hain ohikoa ez bada ere, batez ere gazteen artean, kutxazain automatiko batetik dirua ateratzera bagoaz, gorputzarekin oztopatu behar da arrotzen batek eragiketa ikustea, eta dirua lehenbailehen gorde behar da, gure eskuetan erakutsi gabe.
  • Poltsa beti ondo helduta eta gorputzari erantsita eraman behar da, indarrez tira egin eta kentzea saihesteko. Ahal izanez gero, urrezko kateak eta bitxiak indarrez tira eginda kentzea ere prebenitu behar da.
  • Jende asko dagon lekuetan ez dugu fidatu behar gure ondoan jartzen diren pertsonez, batez ere jarrera susmagarriren bat nabaritzen badugu edo esku artean jantziren bat badute; izan ere, lapurreta egitean disimulatzeko erabil dezakete.
  • Garrantzitsua da lagunengandik ez aldentzea, eta are gutxiago leku apartatuetara edo argi gutxi dagoen lekuetara. Beti norbaitekin egotea komeni da, indarkeria eta beldurra erabiliz lapurtzen dutenak edo beste delitu batzuk egiten dituztenak bakarrik egoteak biktimari ematen dioten zaurgarritasunaz baliatzen baitira.

Etxean lapurretak saihesteko gomendioak:

  • Etxetik kanpora egon behar baduzu oporretara zoazelako edo beste arrazoiren batengatik, horretaz ez hitz egin ezezagunen aurrean edo sare sozialetan. Ziurtatu atea ondo itxita utzi duzula, eta ez utzi etxean ez zaudela jakinarazteko abisurik atean ez eta mezurik ere erantzungailu automatikoan.
  • Orokorrean, komeni da sarrailagile profesional batekin harremanetan jartzea etxeko aterako segurtasunik onenaz aholku eman diezazun. Alde horretatik, garrantzitsua da segurtasuneko ezkutu bat eta zilindro bat jartzea ez txikitzeko. Badira bumping edo impresioning bidez giltza bat sartzea eragozten duten modelo magnetikoak ere, horiek izanik lapurrek erabiltzen dituzten modus operandi ohikoenak.
  • Erne egon ateetan egon daitezkeen markatzaile edo seinaleen aurrean.
  • Eskatu familiarteko edo bizilagunen bati posta jasotzeko eta pertsianak ireki edo ixteko. Konfiantzazko norbaiti esan behar izanez gero non aurkitu ahal izango zaituen.
  • Segurtatu leihoak eta bestelako sarrerak beheko solairuetan, batez ere aldamio instalatuak badaude, eta bizitza bakarreko etxeetan. Ez ahaztu beste sarbide batzuk, hala nola teilatupeak edo garajeak, eta itxaron ateak itxi arte.
  • Garrantzitsua da larrialdietako 112 telefono-zenbakira, Ertzaintzara edo Udaltzaingora deitzea bizilagunen etxean mugimendu arraroak edo normalak ez diren hotsak entzunez gero edo komunitate edo urbanizazioetan pertsona susmagarriren bat ikusiz gero.
  • Lapurrekin topo eginez gero, ez zaie aurre egin behar eta berehala deitu behar da 112 telefono-zenbakira.

 

ADIERAZPENAK: Josune Fernandez, Bizkaiko Lurraldeko Ikerketa Kriminaleko Zerbitzua.