“Ekonomia-ituna arriskuen eraginpean dagoen arren, aukerak planteatzen ditu”, adierazi du Iñaki Alonso sailburuordeak Udako Ikastaroetan

0

EHUk Udako Ikastaroan gaur planteatu duen “Ba al da tarterik Euskal Autonomia Erkidegoan autogobernu hobea izateko?” galdera perspektiban jartzeko asmoz, Iñaki Alonso Ogasuneko sailburuordeak autogobernuaren indarraldia nabarmendu du, baita autogobernu-maila handiagoa lortzeko bidean aurre egin beharreko erronkak ere. Hain zuzen, autogobernuaren potentzialtasuna bera da argudiorik onena: “Nazioartean ekonomia eta finantza arloko deszentralizazio politikoko eredurik aurreratuena da, eta eskualde bati botere handiena aitortzen diona”, eman du aditzera.

Alonso sailburuordeak astearte honetan ospatzen den efemeridea gogorarazi du, Miramar Jauregian partekatu duen mezu nagusian: “Gaur, ekainaren 24a, 88 urte bete dira Estatuko Aldizkari Ofizialak 1937ko ekainaren 23an Bizkaiko eta Gipuzkoako Ekonomia Ituna ezabatu zuen Lege Dekretua argitaratu zuenetik; hori dela eta, uste dut garrantzitsua dela Ekonomia Ituna bultzatu, defendatu, gizarteratu eta nazioartekotzeko beharra nabarmentzea”.

Gogorarazi duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko gizartearen gehiengoak gauza segurutzat jotzen du Ekonomia Ituna, bere izateko arrazoiaren berezkotzat; edonola ere, “aurkako interesdun asko ditu, batez ere Estatuko beste leku batzuetan”, historian oinarria duen eskubidetzat baino gehiago “pribilegiotzat” jotzen baitute.

“Horregatik, garrantzitsua da egunez egun lan egitea Ekonomia Ituna aldarrikatzearen alde”, adierazi du Ogasun sailburuordeak; izatez, “azken 44 urte hauetako historiak (1981ean Ekonomia Ituna berreskuratu zenetik) erakusten du zenbat eta autogobernu handiagoa izan, orduan eta ongizate handiagoa dutela herritarrek».

Egindako bidea finkatzeko eta, aldi berean, bizirik dagoen ordenamendu gisa eboluzionatzeko estrategia horretan, nazioarteko errealitate ekonomiko, politiko eta juridikoaren bilakaerara etengabe egokitzeko beharra ere nabarmendu du Alonsok.

“Ildo horretan, garrantzizkoa da Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeak nazioarteko foroetan presente egotea eta parte hartzea, zehazki gure ekonomia- eta finantza-autogobernuaren funtsezko elementuetan eragina duten gero eta gai gehiago erabakitzen diren foroetan. Era berean, garrantzizkoa da foru-ogasunek ikusgarritasun eta presentzia handiagoa izatea nazioartean”, aldarrikatu du sailburuordeak. Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren 2024ko azaroaren 13ko eta 2025eko apirilaren 10eko bilkuretan lortutako akordioen bidez bideratu du Eusko Jaurlaritzak premia hori —Iñaki Alonsok “historikotzat” jo ditu akordio horiek.

Bilakaera horretan, Ogasuneko sailburuordeak aitortu du Ekonomia Ituna, autogobernuaren osotasuna bezalaxe, “tentsioen mende eta arriskuen eraginpean” dagoela eta ia etengabe dela eztabaidagai. Hala ere, eta kontrapuntu gisa, Alonsok adierazi du Ekonomia Itunak berak aukerak planteatzen dituela, “egungo errealitatean eta agertoki geopolitiko askotan —Europar Batasunean bertan—, zenbait jurisdikzioren arteko integrazio ekonomiko eta politikoan sakontzeko beharrak planteatzen ari baitira”. Sailburuordearen iritziz, esparru horretan, Ekonomia Ituna eredu eta adibide izan daiteke, lau hamarkada baino gehiago baitaramatza “esparru politiko eta ekonomiko beraren barruan hainbat eskudun fiskal batera existitzeak planteatzen dituen erronken inguruan konponbideak eskaintzen eta konponbide horiek, zalantzarik gabe, arrakastaz praktikan jartzen”.

Laburbilduta, eta ikastaro honi bide ematen dion galderari helduta, Alonsok aditzera eman duenez, “zalantzarik gabe autogobernua soilik da posible, eta erabatekoa, eskumen politikoekin batera autogobernu ekonomiko eta finantzario sendoa dagoenean”, moneta beraren bi aldeak dira-eta. Botere politikoaren eginkizun nagusia bizikidetza soziala arautzea eta, zuzenbidezko estatu sozial eta demokratiko batean, zerbitzu publikoak egitea bada ere, “arlo ekonomiko-finantzarioan erabakitzeko ahalmenik ez badago, gobernu-ahalmen erreala baino gehiago gobernu ahalmen nominala izango litzateke”.