- Hautaketa-prozesua uztailean zehar ebatziko da, profesionalak ahalik eta azkarren has daitezen lanean osasun-zentroetan
- Gainera, gaurko mahai sektorialean EPE eredu berria adostu da SATSErekin eta Sindikatu Medikoarekin; hurrengo hautaketa-prozesuetan aplikatuko da, eta horiek arintzeko helburua du
Osakidetzak betetzeko zailak diren 173 lanpostu esleituko ditu Lehen Mailako Arretako azken EPEan, hain zuzen ere, hasieran aurreikusi ziren baino 30 gehiago. Erabaki honen bidez, osasun-zentroen langile-eskasiaren arazoa konpontzen lagundu nahi da. Hori adierazi da gaur goizean Mahai Sektorialaren bileran. Bilera horretan, gainera, EPE eredu berria onartu da, SATSEren eta Medikuen Sindikatuaren laguntzarekin.
Bileran, betetzeko zailak diren lanpostuak identifikatzeko irizpideak jakinarazi dira. Lanpostu horiek dira hainbat arrazoirengatik profesionalentzat hain erakargarriak ez diren lanpostuak, eta, ondorioz, ohiko hautaketa-prozesuetan esleitzeko zailak direnak. Zehazki, betetzeko zailak diren lanpostuen irizpideak –Euskadiko Sendagileen Sindikatuaren oniritzia duena- kategoria hauetan aplikatuko dira: Lehen Mailako Arretako Familiako eta Komunitateko Medikuntza, Lehen Mailako Arretako Pediatria, Lehen Mailako Arretako eta Ospitalez Kanpoko Arretako Psikiatria eta Lehen Mailako Arretako eta Ospitalez Kanpoko Haur Psikiatria.
Hortaz, Familiako Medikuntzako eta Pediatriako lanpostu funtzionaletarako, betetzeko zailak diren lanpostuak hauek dira:
- Arratsaldeko txandak dituzten lanpostuak, edo arratsaldeko txandak eta goizez agenda irekia dituzten lanpostuak.
- Goizeko txandak (ordutegi ezberdinetan lerrakorrak) dituzten lanpostuak.
- Etengabeko Arreta Guneei (EAG) atxikitako lanpostuak.
- Kontsultategiei atxikitako lanpostuak.
- Espetxe-unitateei atxikitako lanpostuak.
- Lantoki bati baino gehiagori atxikitako lanpostuak.
Bestalde, betetzeko zailak diren lanpostutzat jotzen dira Lehen Mailako Arretaren eta Ospitalez Kanpoko Arretaren eremuko Psikiatriako eta Haur Psikiatriako lanpostu guztiak.
Beraz, guztira betetzeko zailak diren 173 lanpostu eskainiko dira Lehen Mailako Arretako EPEan, hasieran aurreikusi ziren baino 30 gehiago, honela banatuta: Familiako Medikuntzan, 133; Pediatrian, 22; Psikiatrian, 12; eta Haur Psikiatrian, 6. Gogorarazi behar da 800 pertsona baino gehiago eman dutela izena EPE horretan. Osakidetzak uztailean ebaztea aurreikusten du, profesionalak ahalik eta lasterren has daitezen lanean osasun-zentroetan.
Betetzeko zailak diren lanpostu espezifikoak kontratatzea da Osasun Sailaren eta Osakidetzaren lehentasun handienetako bat legegintzaldi honetarako. Hala ere, hori ez da egingo den gauza bakarra osasun-sistema guztiek duten profesional-faltaren arazoari erantzuteko. Gogoratu behar dugu hemendik gutxira Osakidetzak 7.000 lanpostu baino gehiago esleitzen bukatuko duela Egonkortzeko EPEan eta 2020-2021-2022ko ohiko EPEan, eta, gainera, abian jarri duela Gaztetzeko eta Fidelizatzeko Programa, uda honetan prestakuntza amaitzen duten BAME egoiliarrei iraupen luzeko kontratuak eta soldata-baldintza erakargarriak eskaini ahal izateko.
EPE EREDU BERRIA
Bestalde, Osakidetzak EPE eredu berria adostu du SATSErekin eta Sindikatu Medikoarekin gaur goizean, mahai sektorialean, eta hurrengo urtean egingo diren hautaketa-prozesuetan aplikatuko da. Eredu berriaren helburu nagusia da prozesu horiek «arintzea», eta neurri nagusien artean hauek aztertzen ditu: azterketa bakarra egitea, galdera-sortaren formularen bidez, eta EPE deialdia egitea hiru urtean behin, epe horretan izangaien rankinga mantenduta, urtero sortzen diren lanpostuak hurrenkera horretan eslei daitezen.