Emakundek gida praktiko bat argitaratu du plan sektorial eta estrategikoetan genero ikuspegia txertatzeko

0
  • Dokumentuak Berdintasunerako Legeak ezartzen duen agindua betetzeko gomendioak ematen ditu
  • Gizarte berdinzaleagoa lortzeko politika publikoek hartutako konpromisoari erantzuten dio

Emakundek «Plan sektorialetan eta estrategikoetan genero-ikuspegia sartzeko gomendioak» dokumentua argitaratu du, administrazio publikoetan plan sektorialak eta estrategikoak abian jartzeko eta garatzeko prozesuen buru izango diren pertsonei laguntza eskaintzeko helburuaz.

Gida hau bat dator Berdintasunerako Legeak ezartzen duen aginduarekin, euskal botere publikoek genero-ikuspegia txertatu behar baitute plangintza-tresna gisa beren politika eta ekintza guztietan. Legeak sektore-planekin eta plan estrategikoekin lotutako artikulu espezifiko bat du gainera.

Botereen etorkizuneko ekintza-ildoak markatzen dituen tresna diren heinean, funtsezkoa da plan estrategiko publikoek aintzat hartzea emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak, edozein dela ere lantzen duten politikaren esparrua edo sektorea. Helburua da politika publikoak eraginkorragoak izatea, pertsona guztien bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunezko harremana lortzeko eta, azken batean, gizarte demokratikoagoa eta berdintasunean oinarritutakoa lortzeko.

Emakundek egindako dokumentuak plan estrategiko edo sektorial baten garapena osatzen duten faseetan genero-ikuspegia txertatzeko kontuan hartu beharreko funtsezko elementuak eskaintzen ditu: diagnostikoa, plangintza, gauzatzea, jarraipena eta ebaluazioa.

Horrela, egoera eta behar diferentzialak kontuan hartzea aurreikusten du, balizko inpaktu negatiboei aurrea hartzea eta egon daitezkeen genero-desberdintasunak zuzenduko dituzten eta berdintasuna bultzatuko duten neurriak ezartzea.

Dokumentua ikuspegi zabal batetik landu da, garatu nahi den edozein plan edo estrategiatarako jarraibide orokor batzuk emanez, haren aplikazio-eremu materiala eta lurralde-eremua edozein izanik ere.