Gogora Institutuak torturaren biktimen babeserako Nazioarteko eguna dela-eta antolatutako solasaldian egin ditu adierazpenok San Josék
“Torturaren biktima izan direnen, zaretenen, babeserako nazioarteko egunean, gaur, zera adierazi nahi dut: nire gaitzespen irmoa indarkeria horri, gurean lekurik izan behar ez zuen horri. Zuei, indarkeria hori jasan duzuenoi, nire babesa adierazi nahi dizuet, eta gertutasuna, eta ordezkatzen dudan Gobernuarena, sarri asko seguruenez, faltan sumatu duzuena”.
Horrela hasi du bere hitzartzea María Jesús San José, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak, gaur arratsaldean torturaren biktimen babeserako Nazioarteko Egunaren harira, Gogorak antolatutako solasaldian. Ekimen honekin, ikusgarritasuna eman nahi die torturaren biktimei Gogorak; izan ere, praktika horrek zuzenbide-estatuaren funtsezko zutabeak ahultzen ditu eta giza eskubideen urraketa larria da.
Hizlari izan dira: Paco Etxeberria, Lege eta Auzitegi Medikuntzan mediku espezialista eta Eusko Jaurlaritzak bultzatutako ‘Euskadin gertatutako tortura eta tratu txarrak ikertzeko (1960-2014)’ proiektuaren zuzendarietako bat; Olatz Barrenetxea, psikologoa, tortura jasan duten pertsonekin lan egindakoa, eta Ixone Fernández, 2005ean Polizia Nazionalak atxilotu zuen ETArekin lotura zuela egotzita, eta inkomunikatuta egon zen egunetan tortura fisiko eta psikologikoak jasan zituen. 2009an, Auzitegi Nazionalak aske utzi zuen kargugabe, lau urtez behin-behineko espetxe-aldiaren ostean.
Justizia eta Giza Eskubideetako sailburuak berretsi du ez dagoela tratu txarrak eta tortura justifikatzen duen ezer: «Inork ez du eskubiderik Estatuaren tresnak erabiltzeko gizabanakoaren eskubide oinarrizkoenak urratzeko. Diodan bezala, Giza Eskubideen defentsan sinetsi eta militante garen guztion gaitzespenik irmoena merezi duten jarduerak dira».
«Kasu guzti-guztiak salatu behar dira. Pertsonen duintasunaren eta gizabanakoaren funts eta eskubide oinarrizkoenen aurkako erasoa direlako. Herritarrak zaintzeko eta babesteko legezko agindua zutenen botere-abusua direlako. Eta estatu demokratiko baten zilegitasuna zalantzan jartzen dutelako» adierazi du.
Era berean, lanean jarraitzeko beharraz ere mintzatu da, “indarkeria desberdinen biktima diren pertsonak isolatzen eta banatzen dituzten hormak eraisteko” eta “ biktimak aurrez aurre kontrajartzeko tentazioa alde batera utzi eta jasan duten mina politikoki erabiltzeko joera ekiditeko”.
Horrela, biktima guztiek «egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea izan dezaten eta euskal gizarte osoak ez errepikatzeko bermea izan dezan» lan egiteko konpromisoa hartu du.
Aretoa jendez beteta zuela hitz egin du sailburuak, Gogorako zuzendari Alberto Alonso eta Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako zuzendari Ainhoa Zugasti bertan zirela.
Ikusleen artean, erakundeetako ordezkariak, biktimen elkarteetakoak, Gogora Institutuaren Zuzendaritza Kontseiluko kideak, giza eskubideen alde lan egiten duten erakundeetako kideak eta indarkeria desberdinen biktimak.
Maitena Salinas kazetariak bideratu du hiru parte-hartzaileekin izandako solasaldia. Paco Etxeberriak eta Olatz Barrenetxeak Euskadin tratu txarrei eta torturari buruzko ikerketa egin duen taldeko kide gisa duten ezagutza azaldu dute, eta txostenaren ondorio nagusiak berreskuratu eta azaldu dituzte.
Bestalde, solasaldian nabarmendu da oso garrantzitsua dela biktimentzat haien kontakizunari egiazkotasuna ematea, funtsezko urratsa baita haien errekonozimendua eta berreskuratze-prozesua gauzatzeko. Ildo horretan, Istanbulgo Protokoloaren aplikazioa eta biktimei babesa eta laguntza psikosoziala emateko beharra nabarmendu dira.
Istanbulgo Protokoloa Nazio Batuek ezarritako eskuliburu bat da, tortura eta tratu txarra ikertzeko eta dokumentatzeko nazioarteko jarraibideak ematen dituena.
Euskadin tratu txarrak eta tortura ikertzeko proiektua 1960-2014
Torturaren fenomenoa Euskadin ezagutzeko Eusko Jaurlaritzak bultzatutako eta Kriminologiaren Euskal Institutuak egindako ikerketa-proiektua du oinarri.
Proiektu horren ondorio nagusiak 2017an aurkeztu ziren; bertan, 1960-2014 aldiko 4.113 tortura-kasu dokumentatu ziren, eta ezarri zen torturak eta tratu txarrek izaera sistematikoa izan dutela, frankismoaren herentzia bat, XXI. mendera arte indarrean egon dena. Gainera, kasu askotan, salaketak ez ziren behar bezala ikertu, eta batez ere inkomunikazio-aldiei lotuta egon ziren, eta ez zuten jaso behar zuten arreta soziopolitiko edo mediatikoa. Biktimei dagokienez, ikerketak dio ez dutela behar bezalako aitortzarik eta erreparaziorik jaso.