Osasun Sailak gaixoen eta haien senideen elkarteentzako urteroko laguntzen deialdia egin du, beren bizi-kalitatea hobetzeko

0
  • 300.000 euroko zuzkidurarekin, laguntzen helburua da nork bere burua zaintzeko gaitasuna eta autonomia ahalik eta gehien handitzea, behar soziosanitarioak osasuna sustatuz bideratzea eta gaixotasunari buruzko ezagutza areagotzea
  • 2024an, laguntza horiek guztira 93 proiektu finantzatzeko balio izan zuten: 33 Araban, 28 Bizkaian eta 32 Gipuzkoan, elkarteen erabiltzaileen eta haien senideen parte hartzeari eta ahalduntzeari laguntzeko

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Euskadiko irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko elkarteentzako urteroko laguntzen deialdia egin du. Elkarte horiek gaixoek eta haien senideek osatzen dituzte, eta kolektibo horien bizi-kalitatea hobetzera bideratuta daude.

Laguntzek 300.000 euroko zuzkidura dute 2025ean egingo diren jardueretarako, eta helburu hauek dituzte: trebetasunak eta baliabideak garatzen laguntzea, nork bere burua zaintzeko gaitasuna maximizatzeko eta autonomia handitzeko; premia soziosanitarioak babestea eta bideratzea, osasuna sustatzeko ikuspegi batetik; eta gaixotasunari eta arrisku-faktoreei buruzko ezagutza eta informazioa handitzea, bai eta osasun-jokabide egokienei buruzkoa ere.

Gaurtik aurrera, ekainak 26, uztailaren 28ra arte, gaixoen elkarteek laguntza horiek eskatu ahal izango dituzte Osasun Sailaren webgunean.

Laguntza horiei esker, gaixotasun arraroak, gaixotasun erreumatikoak, desgaitasuna duten pertsonak, Parkinsona, Alzheimerra, anorexia eta bulimia, diabetesa, minbizia, ELA eta abar duten pertsonen elkarteek hainbat ekimen eta proiektu garatu zituzten, gaixoen eta haien senideen osasun fisiko, psikologiko eta sozialean laguntzeko, besteak beste, gaixotasunaren errealitate sozial eta afektiboarekin zuzeneko harremana izatea, edo laguntza zuzena eta enpatikoa ematea autolaguntzako zerbitzu eta programen bidez.

Iaz, laguntza horiek mota horretako 93 proiektu finantzatzeko balio izan zuten: 33 Araban, 28 Bizkaian eta 32 Gipuzkoan. Ekintzarik nabarmenenak aholkularitza eta informaziokoak izan ziren (kontsulten zuzeneko arreta, zalantzak, etab.) eta, ondoren, familiei laguntzeko ekimenak eta bizi-kalitatea hobetzeko tailerrak. Laguntza psikologikoko eta terapia okupazionaleko ekintzak ere egin ziren, baita gaixotasuna duten pertsonak edo familiak errehabilitatzeko ekimenak ere.  Proiektuen % 95ek elkarteen erabiltzaileen eta haien senideen parte-hartzea eta ahalduntzea sustatzea zuten helburu.