Ubarretxenak ez du eragozpenik ikusten uztailaren 15eko Aldebiko Batzordean Gizarte Segurantzaren lehenengo faseari dagozkion eskumenetan akordio politikoa lortzeko

0

Eusko Jaurlaritzak, Gernikako Estatutua osatzeko helburuarekin, Gizarte Segurantzaren blokeko lehen faseari dagozkion eskumenak eskualdatzeko negoziaketetan jarraitzen du.

Gizarte Segurantzaren eskumen-multzoa faseka lantzen ari dira, eskumenen konplexutasun tekniko-juridikoa dela-eta, eta horien negoziazioak bi ministeriorekin lotura dutelako.

Joan den astean, Joaquín Pérez Rey Lan eta Gizarte Ekonomiako Estatu idazkariarekin eta haren lantalde teknikoarekin bilera egin ostean, gaur, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua, Maria Ubarretxena, eta bere lan taldea, Borja Suárez Gizarte Segurantzako eta Pentsioetako estatu-idazkariarekin bildu dira, kotizazio gabeko prestazioen eta eskola-aseguruaren eskualdaketetan aurrera egiteko.

Kotizazio gabeko prestazioak:

Eskumenaren eskualdaketaren xedea da Euskadik Gizarte Segurantzaren Familia Prestazioen kudeaketa, kotizaziorik gabeko modalitatean (asistentzian) eta jaiotzagatiko subsidio berezia ere, kontribuziozkoa ez dena, bere gain hartzea.

Kotizazio gabeko prestazioen baitan daude:

  • Desgaitasunen bat duen seme-alaba edo familian hartutako adingabe bakoitzeko laguntza ekonomikoa
  • Erditzeagatiko prestazioak familia ugariei, guraso bakarrei eta desgaitasuna duten gurasoei dagozkienak
  • Erditze edo adopzio anizkoitzagatiko prestazio ekonomikoa
  • Jaiotzagatiko subsidioa

Lau prestazio horiek Euskadira eskualdatuta, prestazio ez-kontributiboak eskualdatzeko prozesua bere osotasunean gauzatuko litzateke.

2023ko DATUAK:

  • Euskadin, 18 urtetik beherako eragileak 10.635 izan ziren guztira
  • 18 urtetik gorako eragileak, berriz, 9.394 guztira.
  • Desgaitasunagatiko ardurapeko seme-alabagatiko prestazioaren gastua 1.509.592.710 eurokoa izan zen estatu mailan.
  • Haurra jaio edo adoptatzeagatiko prestazio ekonomikoaren gastua 23.305.660 eurokoa izan zen estatuan.
  • Erditze edo adopzio anizkoitzagatiko prestazio ekonomikoaren gastua 19.952.850 eurokoa izan zen estatu mailan.

Kotizazio gabeko prestazioen guztizko kopurutik, Euskadik estatuari ordaindu beharreko kupotik % 6,24 kenduko litzateke, 100 milioi euro inguru.

Estatuak araugintza-eskumenari eutsiko lioke, eta Euskadik hiru familia-prestazioak eta jaiotzagatiko subsidio berezia kudeatzeko eta ordaintzeko eginkizunak hartuko lituzke bere gain. Transferentziaren ondorioz, gaur egun Gizarte Segurantzaren erakunde eta entitateetan dauden baliabide materialak eta giza baliabideak eskualdatuko lirateke.

Eskola-asegurua

Bileran aztertu den beste gaietako bat eskola-aseguruaren eskualdaketa zabaltzea izan da, horrek babesa ematen baitie ikasketa ofizialak egiten ari diren 28 urtetik beherako ikasleei. Eskola-istripuak, gaixotasunak eta familia-egoera kaltegarriak barnebiltzen ditu. 2020an, eskola-aseguruko osasun-laguntza eskualdatu zen, eta, orain, eskualdaketa osatu nahi da, eskola-aseguruaren baitako prestazio guztiak bereganatzeko.

Ubarretxena sailburuak, azken bi asteetan Madrilen izandako bileren ondoren, ez du eragozpenik ikusten Gizarte Segurantzaren blokeko lehen fasea osatzen duten eskumenen eskualdaketa ixteko eta akordio politikoa berresteko Imanol Pradales Lehendakariaren eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen artean uztailaren 15ean egingo den aldebiko batzordean.