Kotizaziorik gabeko prestazioak eta enplegu-politika pasiboak eskualdatuta, herritarrek irabazten dute, eta Lanbidek leihatila bakar gisa funtzionatuko luke

0
30-11-2024 JORNADA DE LIGA EA SPORTS ALAVES-LEGANES

Ubarretxenak Osasun Itunari buruz nabarmendu du, «konpromisoa hartzeko unea” dela

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu Maria Ubarretxenari elkarrizketa egin diote gaur goizean Onda Vascan eta bertan, gaurkotasuneko gaien eta eskumenen eskualdaketaren baitan ematen ari diren aurrerapausoen inguruan mintzatu da sailburua.

Madrilen izandako bileren ostean, Ubarretxenak adierazi du ez duela oztopo legalik edo juridikorik ikusten Gizarte Segurantzaren lehen blokea eskualdatzeko. «Kotizaziorik gabeko prestazioez eta langabezia-politika pasiboez ari gara; une honetan, enplegu-politika aktiboak Lanbideren bidez kudeatzen dira, eta politika pasiboak eskualdatzeak aukera emango liguke sinergiak indartzeko eta enplegu-politiken ikuspegi orokorra izateko, Lanbidek leihatila bakar gisa funtziona dezan», azaldu du Ubarretxenak. «Transferentzia horiekin guztiok irabazten dugu, herritarrek irabazten dute, eta arintasunean eta zerbitzuen hobekuntzan ere irabazten dugu», gaineratu du.

Gizarte Segurantzaren blokean jasotako eskumenez gain, sailburuak adierazi du Eusko Jaurlaritza beste eskumen batzuk ere jorratzen ari dela, hala nola itsas salbamenduaren eskumena, eta bi gobernuen artean adostutako esparru eta egutegian oinarrituta  ari direla negoziazioak lantzen, «akordioak 2025eko amaiera-data du, ez da epea luzatzeko eskaerarik izan, eta, beraz, adostutako markoaren baitan lanean jarraitzen dugu», azaldu du.

Uztailaren 15ean egingo den Aldebiko Batzordeari dagokionez, Ubarretxena sailburua baikor agertu da eta Euskadirentzat garrantzitsuak diren gaietan aurrerapauso garrantzitsuak ematea espero duela esan du.

Gaur egingo den Osasun Itunaren bilerari lotuta, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak nabarmendu du, «erabakiak hartzeko eta konpromisoa hartzeko unea iritsi dela, orain arte lan handia egin da eta mahaian parte hartzen ari diren 28 eragileek landutako 24 lan-ildoetan adostasun zabalak daude; uste dut osasun-ituna oso modu positiboan amaituko dela  eta etorkizuneko Euskal Osasun Sistemak zer-nolakoa izan behar duen jasoko duela”.

Astelehenean izango den Segurtasun Foroa ere defendatu du, «herritarrak kezkatzen dituen gaia da, eta foro honek plan integral bat egitea du helburu, hiri eremuetako segurtasuna, nazioarteko topaketak, hondamendi klimatikoak eta zibersegurtasuna bezalako gaiak jorratzeko».

Azkenik, Maria Ubarretxenak positibotzat jo du Auzitegi Konstituzionalak Amnistiari buruzko Legeari buruz hartutako erabakia, «adostasunean eta lankidetzan oinarritutako bide politiko hori da Euskadik bere autogobernua zabaltzen jarraitu ahal izateko eta estatutu-itun berri bat lortzeko defendatzen dugun bidea».