Herritarrak Alde Zaharrean bizitzera erakartzeko, auzotarrak eroso bizitzeko eta kaleetan mugimendua sortzeko hainbat neurri ditu martxan Azpeitiko Udalak. Horietako bat da trasteleku komunitarioen proiektu berritzailea.
Auzotarrek behin baino gehiagotan aipatu izan dute, etxeen ezaugarriengatik (igogailurik eta ganbararik ez, portal txikiak, etxe txikiak…), espazio arazoak izaten dituztela; trastelekuen bidez, erosoago bizitzen lagundu nahi zaie. Arrakasta izan du ekimenak; izan ere, 34 auzotarrek eskatu dituzte trastelekuak.
Lehenik eta behin, auzotarrekin bilerak egin zituzten udal ordezkariek, proiektuaren berri emateko, eta ea jendeak interesik izan zezakeen ikusteko. Harrera ona izan zuen proposamenak, eta eskaerak aurkezteko epea zabaldu zuen. Besteak beste, trastelekua zer kaletan nahi zuten galdetu zitzaien.
Lokalak bilatzea izan zen hurrengo pausoa. Deialdi ireki bat egin zuen udalak, Alde Zaharrean lokalen bat izan eta udalari alokatzeko interesa izan zezaketenei zuzenduta. Auzotarren interesak eta oinarrietan ezarritako baldintzak kontuan hartuta, hiru aukeratu zituen, eskaera guztiak ase ahal izateko.
Zozketa, eginda
Enparan kalean, Erdikale-Elizkalean eta plazan daude lokal horiek; hain zuzen, Enparan kalerako hamabost eskaera egon dira; Erdikale-Elizkalerako bederatzi; eta plazarako, hamar. Eskatutako kalean izango dituzte trastelekuak auzotarrek. Lokal bakoitzean aterako diren trastelekuak antzekoak dira (batez beste, 7 metro koadro inguruko azalera dute), baina asteartean zozketa egin zen udaletxean, tokatutako hurrenkeran aukeratu ahal izateko zein nahi zuten.
Eskuratutako lokalek aukera ematen dutenez, eskatutakoak baino trasteleku gehiago egingo ditu udalak: hamazazpi egingo ditu Enparan kalean, hamar Erdikale-Elizkalean eta hamabost plazan. Norbaitek interesa izanez gero, udaletxean eska dezake informazioa.
Alokairu bidez funtzionatuko dute trastelekuek, eta hilean 25 euroko prezioa izango dute. Obrak datozen asteotan hasiko dituzte.
Ikusi Alde Zaharrerako udalak dituen proiektuak: https://www.youtube.com/watch?v=9NCVwkHnJgA&t=7s