Ekainaren 28a dela eta, LGTBI+ Kolektiboaren Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren aldeko Nazioarteko Egunean, Donostiako Udalak honako Adierazpen Instituzional hau aurkezten du:
1. Donostiako Udalak bat egiten du erabateko berdintasunerako, duintasunerako eta sexu- edo genero-identitatearen garapen askerako eskubidearen defentsa garbian.
2. Donostiako Udalak gogorarazten du gizakiok aske jaiotzen garela, duintasun eta eskubide berberekin, inolako bereizketarik gabe. LGTBI+ eskubideak giza eskubideak dira eta izango dira beti.
3. Donostiako Udalak balioa ematen die LGTBI+ pertsonen eskubideak aitortzearen alde lan egin duten erakunde eta pertsonei.
4. Donostiako Udalak adierazten du gizartea kontzientziatzen lagunduko duten jarrerak eta politikak sustatzen jarraituko duela, benetako pentsamolde-aldaketa bat gerta dadin eta jarrera LGTBIfobikoak desagerrarazi eta gaitzetsi daitezen.
5. Donostiako Udalak uste du beharrezkoa dela adostasun zabalak lortu eta ehuntzea, beharrezko neurriak ─legegintzakoak, administraziokoak eta bestelakoak─ har daitezen, Administrazioaren edozein mailatan sexu-orientazioan edo genero-identitatean oinarritutako tratu diskriminatzailea debekatu eta ezabatzeko eta, horrela, indarrean dagoen legeria hobetzeko.
6. Donostiako Udala bereziki kezkatuta dago nazioartean dokumentatutako kasu ugariengatik; izan ere, kasu horiek agerian uzten dute, gaur egun ere, herrialde batzuetan, homosexualitatea eta transexualitatea kriminalizatu egiten direla, eskubideak kentzen direla eta lege-diskriminazioa dagoela, eta krimen horiek ez direla zigortzen.
7. Donostiako Udalak dei egiten die herritarrei LGTBI+ mugimenduek eta mugimendu feministek gure herri eta hirietan egiten dituzten ekintzetan parte har dezaten eta bat egin dezaten foro publikoek, komunikabideek eta sare sozialek gaur aniztasunaren aldeko borrokaren eguna dela ikusarazteko egiten dituzten sentsibilizazio- eta aldarrikapen-ekitaldiekin.