- Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak sustatzen ditu
- Laguntzak eskuratu ditzaketenek uztailaren 15a baino lehen eskatu behar dituzte
- Zenbatekoa 4.268.701 eurokoa da, eta azalera, guztira, 1.164 hektareakoa
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak argitaratu du Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren ebazpena, zeinaren bidez onartu eta ukatzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuan dauden mahastien uzta berderako 2025eko deialdiari dagozkion laguntzak. Oniritzia dutenek uztailaren 15a baino lehen eskatu behar dute laguntza.
Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak apirilean egin zuen 2025eko deialdia Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuan dauden mahastietan uzta berdea egiteko laguntzak emateko. Agindu horretan deialdi horren oinarriak jasotzen ziren, besteak beste, eskabideak aurkezteko lekuak, mahats lukuak suntsitzeko edo ezabatzeko modua eta laguntza jaso zezaketen gehieneko zenbatekoak.
EHAAn gaur argitaratu den ebazpenaren bidez aurkeztutako eskabideen emakidak eta ukapenak zehazten dira. Laguntzaren zenbatekoa kalkulatu da ustiategi eskatzaileak 2017-2018-2019 erreferentziako kanpainetan izandako errendimendua kontuan hartuta.
Laguntza, guztira, lau milioi berrehun eta hirurogeita zortzi mila zazpiehun eta bat euro eta hogeita bi zentimokoa da (4.268.701,22 euro) eta azalera, guztira, 1.164 hektareakoa. Laguntza Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEF) kargura finantzatuko da, eta Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) 2023-2027 Plan Estrategiko Nazionalean barne hartutako esku-hartzeei dagokie.
Onuradunek 2025eko uztailaren 15a baino lehen jakinarazi beharko dute uzta berdea noiz gauzatuko den, eta laguntza ordaintzeko eskatu beharko dute. Jakinarazpenak bitarteko telematikoen bidez egingo dira. Horretarako, dagokion inprimakia aurkeztuko zaio Arabako Foru Aldundian nekazaritzaren arloko eskumena duen organoari, eskatzailearen eskura jarriko den ereduaren arabera.
Onuradunek 10 egun balioduneko epea izango dute onartutako eragiketei uko egiteko, ebazpen honen jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera. Eragiketa behar bezala gauzatu dela lekuan bertan egiaztatu ondoren ordainduko da laguntza.