Etorkizunean sortuko diren erronka berrien aurrean, Hezkuntzako sailburuak lehentasuna ematen dio ikasleei arlo teknologikoan eta digitalizazioan trebeziak eskuratzen laguntzeko konpromisoari, bai eta “talentua, sormena, konpromisoa eta konfiantza” emango duten profesionalak izateko balioei ere.
Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuak Usurbilgo Lanbide Eskolaren urteurreneko ekitaldian parte hartu du gaur eguerdian. Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratua da, eta hasierako lanbide-heziketa (erdi-, goi- eta espezializazio-mailako heziketa-zikloak) eta enplegurako prestakuntza eskaintzen ditu. Bost lanbide-arlotako prestakuntza-zikloak ematen dira, euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz: Administrazioa, Elektrizitatea-Elektronika, Energia eta Ura, Fabrikazio Mekanikoa eta Mantentze-lanak. “Horietako asko gaur egungo beharrei erantzuteko berariaz sortu dira, digitalizazioa, STEAM konpetentziak edo adimen artifiziala bezalako ardatzak txertatuta” nabarmendu du Pedrosak.
Sailburuak hezkuntza komunitate osoa zoriondu du egindako ibilbideagatik. 1975etik tokian sakon errotua, ikastetxeak enpresetatik eskualdearen garapenean lagundu du.
Duela 50 urte, “Euskadiren historiako urte ilunetatik atera berriak ginen, herri bezala amets bat ginen. Dena zegoen egiteke” gogoratu du sailburuak. Adierazi duenez, testuinguru horretan, prestatutako gazteak behar zituzten Gipuzkoako enpresen eta industriaren beharrei erantzuten jakin zuen ikastetxeak. “Eta urte asko igaro badira ere, hori da Lanbide Heziketak Euskadin duen arrakastaren gakoa: gure inguruari entzutea eta beharrei erantzutea”, amaitu du. Ehun ekonomikoaren beharretara egokitzeaz harago, ikastetxeak “aldaketarako eragile” rola hartu izana baloratu du Hezkuntzako sailburuak. Zorionak eman ditu berriz, “agerikoa delako” Usurbilgo Lanbide Eskolak bide hori jarraitu duela energiari eta digitalizazioari buruzko ikasketekin, adibidez. Hori baliatu du Pedrosak Lanbide Heziketako ikasleen enplegagarritasun-maila altua gogoratzeko; % 90era iristen da. Gaur egun, 20.000 enpresa ari dira Hezkuntza Sailarekin lankidetzan Prestakuntza Dualaren arloan, eta ikasleen % 100ek amaitzen du prestakuntza, lan-arloarekin lotura estua izanik.
Talentua, sormena, konpromisoa eta konfiantza
Etorkizunean sortuko diren erronka berrien aurrean, ikasleei trebetasunak eskuratzen laguntzeko konpromisoa aldarrikatu du Pedrosak, bai maila teknologikoan, bai enpresen digitalizazioan. Halaber, balioen garrantzia gogorarazi du, “talentua, sormena, konpromisoa eta konfiantza emango duten profesionalak izan daitezen”.
“50 urte hauetan, ikastetxe honen arima beren lana betetzera mugatu ez diren emakume eta gizonek osatu dute”, aitortu du Hezkuntza Saileko buruak, eta hezkuntza-komunitatea aipatu du, “pertsona aitzindariak dira, ikuspegiarekin, ilusioarekin eta lan egiteko gaitasun handiarekin. Ezarritakoarekin konformatu ez diren pertsonak, harago joatearen alde egin dutenak, aurrea hartzearen alde, zerbait hobea eraikitzearen alde”.
Etorkizunari begira, Pedrosak hasierako prestakuntza kalitatezkoa, eskuragarria eta eraginkorra eskaintzea jarri du ardatz, gizarte justuagoa eta inklusiboagoa eraikitzen laguntzeko. “Etorkizuna eraikitzeko modu bakarra dago: gure konpromisoa berritzea, gure balioei eustea eta ikasleen hezkuntza eta ongizatea beti gure ekintzaren erdigunean kokatzea” amaitu du.