Eusko Jaurlaritzak alerta laranja igorriko du bihar, asteartea, tenperatura altu iraunkorrengatik kantauri isurialdearen barnealdean

0

Aldi berean, abisu horia igorriko du muturreko tenperatura altuengatik 12:00etatik 20:00etara

Eusko Jaurlaritzak alerta laranja igorriko du bihar, asteartea, uztailak 1, 00:00etatik 24:00etara bitartean, tenperatura altu iraunkorrengatik, EAEko kantauri isurialdeko barnealdean; eta hiru egunetan jarraian izango dira, beraz, atalasetatik gorako (32/17 ºC eremu horretarako) tenperatura minimo/maximoak. Aldi berean, 12:00etatik 20:00etara abisu horia igorriko da muturreko tenperatura altuengatik, eta kostaldea eta Ebro ondoko eskualdea abisu horian egongo dira tenperatura altu iraunkorrengatik.

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, aire-masa bero eta lehor bat ari da bero-bolada hau eragiten. Horrela, bihar, asteartea, tenperatura maximoak 33-36 ºC-ra irits daitezke barnealdean, eta kostaldean, berriz, brisak beroa zertxobait arindu lezake, eta tenperaturak 20-30 ºC ingurukoak izan daitezke.

Adierazgarria izango da gauetan ez duela askorik freskatuko, eta tenperatura minimoak ez dira 20 ºC-tik jaitsiko (graduren bat gehiago ere izan liteke) gauean hego-haizea mantentzen den lekuetan. Arabako Lautadan, berriz, litekeena da gauetan hainbesteko berorik ez egitea.

Litekeena da asteazkenetik aurrera beroa arintzen hastea, ipar-mendebaldeko haizeak aire-masa freskoagoa bultzatu eta aire-masa beroaren lekua hartuko baitu. Hala ere, asteazken goizaldean, bai kostaldean bai Kantauri barnealdean, bero egingo du oraindik, 17-20 ºC-ko tenperatura minimoekin.

Iragarpen eguneratuak jarraitzea gomendatzen da Euskalmeten webgunearen (http://www.euskalmet.eus) eta X sare sozialeko (@Euskalmet) kontuaren bidez.

Gomendioak

Egoera horren aurrean, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak Osasun Sailaren autobabeserako gomendioak jarraitzea gomendatzen du.

  1. BEROTIK BABESTU

Aire zabalean

  • Saihestu eguzki-esposizioa eguneko orduetan. Ez jarri inoiz zuzenean eguzkitan 6 hilabete baino gutxiagoko haurtxoak.
  • Eguzkitik babesteko, erabili kapela, eguzkitako betaurrekoak eta eguzki-babesa.
  • Arropa arina, zabala eta izerditzen uzten duena erabili.
  • Saihestu jarduera fisiko bizia egitea bero handiko boladetan, batez ere berorik handieneko orduetan.
  • Zeharkaldiak edo mendi-ibilaldiak eginez gero, eguraldiaren iragarpena kontsultatu eta ziurtatu ur-hornidura nahikoa dela.
  • Tenperatura altuekin zerikusia duten eta ordubete baino gehiago luzatzen diren sintomen aurrean (ahultasuna, nekea, zorabioak, goragalea, ikusmen lausoa, zorabialdia…), kontsultatu osasun-langileei.

Etxean eta barrualdean

  • Leihoak eta pertsianak itxita eduki tenperatura altuak direnean.
  • Gaueko airea aprobetxatu gelak aireztatzeko eta freskatzeko.
  • Eguneko ordurik beroenetan, ez erabili beroa sortzen duen etxetresna elektrikorik eta aparaturik.
  • Haizagailu elektrikoak erabiltzeak arindu egin dezake, baina tenperatura 35 ºC-tik gorakoa denean ez dira erabilgarriak beroarekin lotutako gaixotasunak prebenitzeko, ez baitute gorputzaren tenperatura murrizten.
  • Bero handia nabaritzen bada, hartu dutxak edo ur hotzeko bainuak. Beste aukera bat gorputza freskatzea da, batez ere aurpegia eta eskuak, ur freskoarekin eta oihal edo belaki bustiekin pasatu.
  • Ezin bada etxea freskatu, eguneko 2 ordutik 3 ordura leku freskoan pasatu (aire girotua duen eraikin publiko batean, esaterako).
  1. DESHIDRATAZIOA SAIHESTU
  • Maiz edan ura eta likidoak, egarria izan arte itxaron gabe.
  • Ez hartu kafeina, alkohola edo azukre asko duen edaririk. Ez dute egarria baretzen eta deshidratazioa errazten dute.
  • Entsalada, barazki eta fruituen kontsumoa handitu, izerdiagatik galtzen diren gatz mineralak berreskuratzeko.
  • Janari koipetsuak eta ugariegiak saihestu, berora egokitzea zailtzen baitute.
  1. PERTSONA ZAURGARRIENAK ZAINDU
  • Edozein pertsonak beroagatik arazoak izan ditzakeen arren, arreta berezia jarri behar zaie haurtxoei eta adingabeei, haurdun dauden emakumeei eta bularreko haurrei, bai eta adinekoei eta gaixotasunak dituztenei ere.
  • INOIZ EZ da inor utzi behar aparkatuta eta itxita dagoen ibilgailuan, nahiz eta itzalean egon.
  • Adineko pertsonek, batez ere bakarrik bizi direnek edo inoren laguntza behar dutenek, zailtasunak izan ditzakete babes-neurriak hartzeko; beraz, komeni da egunean behin gutxienez bisitatzea.

Bestalde, iragarpen eguneratuak jarraitzea gomendatzen da Euskalmet (http://www.euskalmet.euskadi.eus) eta X (@Euskalmet eta @112_SOSDeiak) bidez.

Larrialdiren bat izanez gero, deitu 112ra.

BetiONek erabiltzaileen jarraipena areagotu du

BetiON Euskadiko telelaguntza-zerbitzu publikoa da, eta erabiltzaileei (81.000 inguru) egiten zaizkien jarraipen-deiak areagotzen ari da jada, tenperatura altuen ondorioak prebenitzeko, bereziki bakarrik biri direnen kasuan.

Aldi berean, BetiON jarraipen berezia egiten ari zaie edadetuenei eta desgaitasuna edo mendekotasuna dutenei, eta jakinarazten ari zaie oso garrantzitsua dela beroaldian gorputza behar bezala hidratatuta izatea, deshidratazioa baita 65 urtetik gorako pertsonak ospitaleratzeko arrazoi ohikoenetako bat. Horregatik, adineko pertsonei gogorarazten zaie likidoak kontsumitu behar dituztela, batez ere ura, etengabe eta erregulartasunez, nahiz eta egarririk ez izan.