Kepa Susperregik botako du saninazioetako txupinazoa

0
Gaur hilabete hasiko dira saninazioak, eta udala eta herriko eragileak ari dira dagoeneko festetako xehetasun guztiak lotzen. Txupinazoa nork botako duen jakitea, horixe zen falta zen kontuetako bat. Botoak emateko epea amaituta, gaur argitu da hori ere: Kepa Susperregi Azpeitiko Parrokiako erretore izandakoa arduratuko da suziria pizteaz.

Hiru hamarkadaz Azpeitiko erretore izan ostean, iaz Zarautzera lekualdatu zuten Kepa Susperregi. Herritik joango zela jakindakoan, elkarte eta eragile batek baino gehiagok antolatu zizkioten agur ekitaldiak, egindako lana eskertzeko. “Aitortza horiei gehituko zaie, orain, txupinazoa botatzeko aukera izatea”, esan du Mikel Odriozola Festa batzordeburuak.

Partaidetza handia

Azpeitiko Udalak bigarren aldiz egin du partaidetza prozesu bat txupinazoa nork bota erabakitzeko. “Iaz, harrituta geratu ginen izandako erantzunarekin, eta aurten, oraindik eta handiagoa izan da partaidetza; bai izenak proposatzeko fasean, bai gero lau hautagaien artean bat aukeratzeko fasean ere”.

1.053 pertsonak eman dute botoa, iaz baino 351 gehiagok. Gustukoenetik hasitako hurrenkeran, lau puntutik puntu batera eman behar ziren botoak. Susperregik 3.310 boto jaso ditu; Marea Urdinak 2.802; Izarraitz igeri elkarteak 2.229 eta euskarara etorriek 2.189. “Pozik gaude bozketak sortu duen saltsarekin, eta eskerrak eman nahiko genizkioke hautagaiak proposatu dituzten guztiei nahiz bozketan parte hartu duten guztiei”, adierazi du Odriozolak.