Memorian eta erreparazioan sakontzeko jardunaldiak

0
Urtebete da Azpeitiko Udalak LGTBIQ+ errealitateen diagnostikoa eta ekintza plana onartu zituenetik. Hilabeteotan egindako pausoen berri emateaz gain, urriaren 4an egingo diren LGTBIQ+ memoria eta erreparazio jardunaldiak aurkeztu dituzte udalak eta Eihera kooperatibak.
Aurkezpenean izan dira Miren Arrieta Parekidetasun zinegotzia, Malen Aldalur Parekidetasun teknikaria, Kattalin Miner Eihera kooperatibako kidea eta Azpeitiko LGTBIQ+ Asanbladako kideak.

Urte “emankorra” izan dela esan du Arrietak, ekintza plana betetzeko konpromisoari eutsiz, zerbitzu eta proiektu berriak jarri direlako martxan. LGTBIQ+fobia, memoria, espazio publikoa, ahalduntzea eta sentsibilizazioa eta hezkuntza izan dira udalaren lehentasunezko lan lerroak.

Aldalurrek laburbildu ditu urtebete honetan gauzatutako ekimenak. Nabarmentzekoa da LGTBIQ+ pertsonei eta haien ingurukoei bidelaguntza bat eskaintzeko asmoz jarritako aholkularitza zerbitzua. Ikuspegi feministatik eta gaian adituak diren psikologo profesionalen bidez eskaintzen da, Emakumeen Txokoan. Doakoa da, eta hitzordua hartzeko, 688751000 telefono zenbakira deitu behar da.

Aurten egindakoen artean daude, Astindu armayuek jaia, festetako sentsibilizazio kanpainak, Jose Artetxe kalea eta Sanjuandegi lotzen dituen lurpeko pasabidean margotutako murala, hezkidetza foroan egindako saioak, Oihu bat isiltasunean liburuaren argitalpen berriak eta abar ere.

Egun osoko egitaraua

Era berean, Eihera kooperatibarekin elkarlanean, urriaren 4an egingo dituen LGTBIQ+ memoria eta erreparazio jardunaldiak prestatzen ere ari da udala. Irailaren hasieran emango du egitarau osoaren berri, eta izen-emateak ere orduan zabalduko dira. Alabaina, xehetasun batzuk iragarri dituzte dagoeneko.

Minerren hitzetan, LGTBIQ+ politiketan ohikoa izaten da beti zerotik hastearen sentsazio hori. “Eta guretzat inportantea da beste toki batzuetan egiten ari diren hori jaso, partekatu eta elkar ezagutzea. Horrez gain, baita LGTBIQ+ politikak politika publiko bezala kokatzea ere: herritar guztientzat dira, jendarteari ekarpen bat egiten diote, eta memomia ere horrela kokatzen dugu, memoria historikoaren baitan”.

Jardunaldietan, goizean, errekonozimendu bat egin nahi zaie jada egin diren artxibo, memoria eta bestelako lanei. Hain zuzen, Memoria, artxiboa eta ahotsak izenburua izango du goizeko atalak. Besteak beste, Errenteriako #Kuirartxibobizia (Errenteriako LGTBIQ+ memoria jasotzen duen ikerketa) osatu duten kideek hartuko dute parte; Aldarteko kideak ere izango dira Azpeitian; baita Antropologia Feminista Ikerketa Taldeko (AFIT) Miren Guillo eta Laura Muerlasek ere.

Goizeko saioa amaitu ostean, bazkari herrikoia izango da Azoka Plazan, sareak eraiki eta elkar ezagutzeko.

“Arratsaldean, bigarren pausora pasatzen saiatuko gara: isiltasuna hautsi dugu, eta orain zer? Zer politika publiko ematen dira, zer mugimendu sozial, zer saretze, nola erreparatzen da askotan dagoen mina, nola ospatzen bizitza”, azaldu du Minerrek. Jardunaldietan izango da Miriam Sola Centre LGTBI BCNko kidea (LGTBIQ+ gaietan erreferentziazkoa da Bartzelonako zentro hori). Azpeitiko LGTBIQ+ Asanbladak ere parte hartuko du arratsaldeko saioan.

Gauean, gozamenerako tartea izango da, Aner Peritzen eta Maider Arregiren bertsoekin, Maruxak taldearen Folklore travesti ikuskizunarekin eta DJ Bad Sound Sister-en saioarekin.

Ekainaren 28ko adierazpena

Bihar, ekainak 28, LGTBIQ+ Kolektiboaren Sexu Askapenaren Nazioarteko Eguna da. Ekaineko ohiko udalbatzarrean, aho batez, adierazpen bat onartu zuten udal ordezkariek.

ADIERAZPENA