Azpeitiko Udalaren azalpena, Piaspe proiektuaren inguruan

0
Azken egunetan Piaspe proiektuaren inguruan Azpeitiko Udalari egotzi zaion gardentasun faltaren aurrean, honako hau adierazi nahi du udalak.

Lur ez-urbanizagarrietan proiekturen bat jartzeko eskaeraren bat jasotzen duenean, ezinbestean, aurretiazko baldintza gisa, aldundira bideratu behar izaten du proiektua udalak, hark erabaki dezan interes publikokotzat hartu edo ez. Ondoren, aldundiak baimena emanez gero, udalari dagokio obra baimena tramitatzea, eta udalerriko planeamenduak esaten duena kontuan hartuz, baimena ematea dagokion edo ez ebaztea.

Egia da udalak ez duela publikoki jakinarazi haize neurgailua jartzeko Desarrollos Renovables Iberia enpresak egindako eskaera, legeak agindu bezala, aldundira igorri duenik. Egokia izan zatekeen gaiaren inguruko kezka agertu izan duten eragileei horren berri ematea, eta udalak hala egin ez badu, ez da izan informazioa ezkutatzeko asmoz.

Aitzitik, halako izapidetzeek jendaurrean egoteko betebeharra dute, eta ohikoa izan da prozedura kasu honetan ere. Iaz, enpresako ordezkariak udalarekin harremanetan jarri ziren haize neurgailuak jartzeko lur bila ari zirela esanez, eta hasiera-hasieratik Txillarramendi auzo elkarteari jakinarazi zion udalak, eta bere esku utzi zuen gaia. Ordutik, obra baimenaren eskaera etorri zaion arte, Piaspe proiektuari buruz ez du ezer jakin.

Uneotan, Eusko Jaurlaritzaren esku dago proiektuaren tramitazioa. Hari dagokio ingurumen eraginaren deklarazioari buruzko ebazpena ematea. Iazko maiatzean, Azpeitia, Errezil eta Zestoako udalek, alegazioetarako irekitako epean, alegazio bateratua aurkeztu zuten Piasperen bideragarritasun teknikoa ez dagoela bermatuta argudiatuz.

Beti esan izan duen bezala, gaiari buruz hitz egin nahi duen edonorekin biltzeko prestutasuna du udalak, eta hala esan zaie kezka agertu duten elkarteko kideei ere.