Eusko Jaurlaritzak 2,42 milioi euro bideratuko ditu merkataritza-ekintzailetza proiektuak sustatzera, MerkaEkin laguntza-programaren baitan

0

Gobernu kontseiluak merkataritza-ekintzailetzara bideratutako laguntza-programa (MerkaEkin 2025) onartu du gaur. Programak, 2,42 milioi euroko aurrekontua du guztira.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok azaldu du, programa honen helburua dela ekintzailetza-proiektu bideragarri eta sendo berriak bultzatzea Euskadiko merkataritza-sektoreari lotuta.

Programa, bi laguntza-lerrotan banatuta dago: batetik, negozio berri bat eratzeko orduan merkataritza-ekintzailetzan espezializatutako aholkularitzarako laguntza ekonomikoen programa (Merkataritza – Ekintzaile Aholkularitza) eta bestetik, merkataritza-ekintzailetzarako, hau da, negozioa sortzeko, laguntza ekonomikoen programa (Merkataritza – Ekintzaile Dirulaguntzak).

Merkasaretza – Merkataritza Laguntzeko Guneen Euskal Sarea

Gobernu Kontseiluak Merkasaretza – Merkataritza Laguntzeko Guneen Euskal Sarea sortzeko eta Merkataritza Laguntzeko Zerbitzuen Zorroa zehazteko Dekretua ere onartu du gaur.

Dekretu horrek Merkataritzako Bulego Teknikoak izenez ezagutzen zena eguneratzen du, eta merkataritza sektoreak dituen erronka berriei aurre egiteko laguntza eta babesa ematea ditu helburu.

Javier Hurtado sailburuaren hitzetan, “proiektu honek 8,8 milioi euroko zuzkidura izango du 2025-2028 aldirako, eta merkataritza laguntzeko 50 gunetan banatuko dira, gehienez ere 44.000 euro Merkataritza Laguntzeko Gune bakoitzeko”.

Unibertsitate-ikasketak egiteko beka-deialdia

Gobernu-kontseiluak 28 milioi eurotik gorako beka-deialdia onartu du gaur unibertsitate-ikasketak egiteko. “Unibertsitate-ikasketak, gradukoak zein masterrekoak, eta unibertsitatekoak ez diren goi-mailako beste ikasketa batzuk Euskadin edo Estatuan egiteko bekak” adierazi du Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak, Maria Ubarretxenak.

Bozeramaileak azaldu duenez, beka horien baitan desgaitasun fisiko edo psikikoa eta mugitzeko zailtasun bereziak dituzten ikasleen garraio-gastuetarako laguntzak ere ordainduko dira, Euskadin unibertsitate-ikasketak eta goi-mailako beste ikasketa batzuk egiten badituzte.

Lankidetza hitzarmena Ertzaintzaren bulegoetan praktika akademikoak egiteko

Gobernu Kontseiluak Segurtasun sailaren eta Comillas Eliz Unibertsitatearen arteko hezkuntza-lankidetzarako esparru-hitzarmena luzatzea onartu du, unibertsitateko ikasleek kanpoko praktika akademikoak Ertzaintzaren bulegoetan egin ditzaten.

Bozeramaileak azaldu duenez, praktika horien helburua da, batetik, ikasleen prestakuntza integralean laguntzea, haien ikaskuntza teorikoa eta praktikoa osatuz;  bestetik, ikasleek jardun beharko duten egoera profesionalera egokitutako lan-metodologiaren ezagutza erraztea, eskuratutako jakintzak kontrastatuz eta aplikatuz; baina baita ere, gaitasun teknikoak, metodologikoak, pertsonalak eta parte-hartzaileak garatzen laguntzea; lan-merkatuan sartzea erraztuko duen eta etorkizuneko enplegagarritasuna hobetuko duen esperientzia praktikoa lortzea eta, azkenik, berrikuntza, sormen eta ekintzailetzaren balioak sustatzea.

Erlezaintza antolatzeko dekretua

Gobernu Kontseiluak erlezaintza antolatzeko eta erlezaintzako ustiategietan dauden erauzte- eta ontziratze-lokaletarako betekizun higieniko eta sanitario batzuk ezartzeko dekretu bat onartu du.

Bozeramailearen hitzetan “Euskadin 30.000 erlauntz baino gehiago daude, 966 erle-ustiategitan banatuta; neurri berriak EAEn kokatutako erlezaintza-ustiategietan aplikatuko dira, baldin eta bertan ekoizpen primarioa eta lotutako operazioak egiten badituzte”.

Erakunde sindikalentzako laguntzak

Gobernu Kontseiluak, gaur, Sindikatu Hauteskundeen Batzordea eta Lurralde Batzordeak osatzen dituzten sindikatuentzako laguntzak onartu ditu, 816.817 euroko zenbatekoarekin, 2024an baino 38.416 euro gehiago.

Erakunde onuradunak ELA, LAB, CCOO eta UGT dira, hauteskunde sindikalen prozesuak kontrolatzeko eta gainbegiratzeko batzordeetan parte hartzen dutelako. «Bakoitzak 204.204,25 euro jasoko ditu, 2025eko maiatzaren 23an Sindikatu Hauteskundeen Batzordeko kide diren erakunde sindikalen eta Lan eta Gizarte Segurantzako zuzendariaren artean lortutako akordioaren ondotik; guztiek dirulaguntza bera jasoko dute» nabarmendu du Maria Ubarretxena Gobernuko bozeramaileak.

Urrats bat gehiago, administrazioa arintzeko prozesuan

Azkenik, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak jakinarazi du, Eusko Jaurlaritzaren barne-prozedurak arintzeko 36/2020 Dekretua eguneratuko dela. “Aurrerapauso bat gehiago da, zerbitzu teknologikoen erabilera eta kudeaketa hobetzeko; horri esker, barne-izapide jakin batzuk murriztu egingo dira eta orain hiru hilabete behar izaten dituen prozesu bat erdira murriztuko da” azaldu du Maria Ubarretxenak.

Era berean, sailburuak adierazi du, kudeaketa koordinatuagoa egin ahal izango dela adimen artifizialaren, cloud-aren, datuen kudeaketaren eta zibersegurtasunaren arloan, gai horiek funtsezkoak izanik etorkizuneko administrazio digitalerako.

“Neurri honek eta aurretik emandako beste urratsek, Administrazio arinago bat lortzeko gure konpromisoa indartzen dute” amaitu du Ubarretxenak.