Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak merkataritza-ekintzailetzara bideratutako laguntza-programa (MerkaEkin 2025) onartu du gaur Gobernu Kontseiluan. Programa honen helburua da ekintzailetza-proiektu bideragarri eta sendo berriak bultzatzea Euskadiko merkataritza-sektorean, bi laguntza-programatan banatuta:
- Negozio berri bat eratzeko orduan merkataritza-ekintzailetzan espezializatutako aholkularitzarako laguntza ekonomikoen programa bat (Merkataritza – Ekintzaile Aholkularitza)
- Merkataritza-ekintzailetzarako, hau da, negozioa sortzeko, laguntza ekonomikoen programa bat (Merkataritza – Ekintzaile Dirulaguntzak)
Agindu honetarako aurrekontua 2.420.000 eurokoa da, honela banatuta: Ekintzaile Aholkularitza programa 1,15 milioi euro eta Ekintzaile Dirulaguntzak programa 1,27 milioi euro.
Laguntzak ekintzaileentzat egongo dira eskuragarri, eta pertsona fisikoak, talde sustatzaileak, autonomoak, sozietate zibilak eta ondasun-erkidegoak eta mikroenpresa eta enpresa txikiak izan daitezke, baldin eta jarduera horiek aginduaren oinarrian jasotako merkataritza-jarduerarekin lotuta badaude eta jarduera ekonomikoa Euskal Autonomia Erkidegoan egiten bada edo bertan egitea aurreikusita badago.
Eskaerak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2025eko irailaren 30ean amaitu. Eskaerak emateko ebazpena hurrenez hurren egingo da, epea amaitu edo kreditua agortu arte.
Laguntza-programa honek indartu egiten du Eusko Jaurlaritzak merkataritza-sektorea eta kultura ekintzailea garatzeko duen konpromisoa.






