Eusko Jaurlaritzak Euskadiko erlezaintzaren sektorea arautuko du

0
Escuela Agraria de Fraisoro Taller de apicultura
  • Baldintza higienikoak eta sanitarioak ustiategietan kokatutako erauzketa- eta ontziratze-lokaletarako
  • Euskadin erlezaintzako 966 ustiategiren 30.000 erlauntz baino gehiago daude

Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren dekretuari, erlezaintza antolatzeko eta erlezaintzako ustiategietako erauzketa- eta ontziratze-lokaletarako baldintza higienikoak eta sanitarioak ezartzeko denari.

 Neurri berriak Autonomia Erkidegoko lurraldean kokatuta dauden eta ekoizpen primarioa eta horrekin lotutako jarduerak egiten dituzten erlezaintzako ustiategiei ezarriko zaizkie; jarduera horiek barne hartzen dituzte erlezaintza eta erlauntzak maneiatzearekin lotutako jarduera guztiak, baita ustiategiko instalazioetatik urrun badaude ere; eta eztia eta erlezaintzako beste produktu batzuk ustiategiko instalazioetan bertan jasotzea, zentrifugatzea, erauztea, ontziratzea eta enbalatzea.

“Beharrezkoa zen Europako araudia garatzea, gutxieneko higiene-baldintza batzuk ezarriz erlezaintzako ustiategian bertan erlezaintzako produktuak erauzteko eta ontziratzeko dauden lokaletarako. Gainera, Estatuko eta autonomia-erkidegoko antolamendu-araudian egindako aldaketen garrantzia kontuan hartuta, beharrezkoa zen 2024ko dekretua indargabetzea eta erlezaintzaren arloan aplikatu beharreko oinarrizko araudia jaso eta garatuko zuen arau berri bat onartzea”, zehaztu du Amaia Barredok.

 Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiei, organizazio profesionalei eta sektoreko elkarte eta entitateei egin zaie kontsulta dekretu berria egiteko.

Hori kudeatzeko, honako definizioak izango dira aplikatzekoak: Erlekumea: eztia ekoizten duten erleen (Apis mellifera) kolonia da; Erlauntza: erleek, erleak hartzen dituen unitateak eta bizirik irauteko beharrezkoak diren elementu guztiek osatzen duten multzoa da; Erlauntzen kokagunea: erlategia jartzeko lekua, flora aprobetxatzeko edo negua bertan emateko; Erlategia: titular batenak edo gehiagorenak diren eta kokaleku berean dauden erlauntzen multzoa; Erlategi abandonatua: erlauntzen % 50etik gora hilda dituen erlategia; Erlauntza hila: erlauntz honetan ez dago elementu bizien –alegia, intsektu helduen eta kumeen– jarduera biologikorik; Erlezaintzako ustiategia: eztia ekoizten duten erleak (Apis mellifera) eduki, hazi, kudeatu edo jendaurrean jartzen dituen instalazio, eraikuntza edo leku oro; erlauntzak erlategi batean edo gehiagotan banatuta daude. Erlezaintzako ustiategiaren titularra: erlezaintzako jarduera egiten duen pertsona fisikoa edo juridikoa, jarduera horren kudeaketaren berezko erantzukizuna eta arriskuak bere gain hartzen dituena; Koordenatu geografikoak: X eta Y koordenatuak, EPSG proiekzio-sistemaren bidez: 25830 (Huso UTM: 30 N. Datum: ETRS89); eta Erleen arraza-mota autoktonoa: erle beltz iberiarra (Apis mellifera iberiensis).

Sailkapena

Erlezaintzako ustiategiak honela sailkatzen dira: ekoizpena: eztia eta erlezaintzako beste produktu batzuk ekoizten dituztenak (PD); hautespena eta hazkuntza: batez ere erleak hazten eta hautatzen aritzen diren erlezaintzako ustiategiak dira (SC); ingurune naturalaren polinizazioa: jarduera nagusia flora basatia polinizatzea dutenak dira, ingurune osoaren balio ekologikoa areagotuz. (PN); mistoak: aurreko sailkapenetako jarduera bat baino gehiago antzeko garrantziarekin txandakatzen dutenak dira (MX); beste batzuk: aurreko ataletako sailkapenekin bat ez datozenak (OT).

Erlauntz-kopurua kontuan hartuta, erlezaintzako ustiategiak honela sailkatzen dira: profesionala: 150 erlauntz edo gehiago dituzten ustiategiak; ez-profesionalak: 150 erlauntz baino gutxiago dituzten ustiategiak; etxekoa: gehienez 15 erlauntz dituzten ustiategiak; autokontsumokoa; erlauntzetako produktuak familiako kontsumorako bakarrik lortzeko ustiategia. Ustiategi horietan 15 erlauntz egongo dira gehienez.

Erlauntzen kokapena kontuan hartuta, erlezaintzako ustiategiak honela sailkatzen dira: erlezaintzako ustiategi transhumantea: erlauntzak urtean zehar beste kokaleku batzuetara mugitzen dituen ustiategia; erlezaintzako ustiategi finkoa: erlauntzak urte osoan kokaleku berean dituen ustiategia.

Erlezaintzako Ustiategien Erregistroak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-organoetako abeltzaintzako erregistroetan integratuta geratzen dira. Erlezaintzako ustiategi berriak ezingo du jarduera hasi erregistratuta egon gabe eta dagokion identifikazio-kodea jaso gabe.

Seinaleztapena

Dekretuaren arabera, nahitaezkoa da erlategitik hurbil eta ikusteko moduan erleak daudela ohartaraztea. Erlategia seinaleztatzeko kartela eragile atmosferikoekiko erresistentea den edozein material aldagaitzekin egingo da, eta kartelaren azpiko aldetik lurrera 1,2 eta 2 arteko altueran eta ikusteko moduko lekuan jarriko da. Testua euskaraz eta gaztelaniaz jarriko da, eta «Kontuz Erleak» o «Erleak lanean» jarri beharko du, beltzez hondo horiaren gainean.

Erlauntzen kokaguneek honako gutxieneko distantziak errespetatu beharko dituzte: establezimendu kolektibo publikoak eta hirigune eta herriguneak: 400 metro; biztanle-guneak eta jendea bizi den landa-eremutik kanpoko etxebizitzak (norberaren etxebizitza ez da sartzen): 400 metro. Autokontsumoko ustiategietako erlauntzen kasuan, distantzia hori 100 metrokoa izango da; jendea bizi den landa-eremuko etxebizitzak (norberaren etxea ez da sartzen) eta abelazkuntza-instalazioak: 100 metro; estatuko errepideak: 200 metro; eskualdeko errepideak: 50 metro; auzo-bideak: 25 metro; eta baso-bideetan erlauntzak ertzetan jarriko dira, bidea oztopatu gabe.

Euskadin gaur egun erlezaintzako 966 ustiategiren 30.000 erlauntz baino gehiago daude, eta, beste erronka batzuen artean, lehorteei eta liztor asiarrari egin behar izaten diete aurre.