Eusko Jaurlaritzaren eta Chillida Lekuren arteko lankidetza-akordio batek “Basque Wine” produktuen sustapena bultzatuko du

0
  • kulturaren eta turismoaren esparruan, museoa bezalako leku enblematiko batean
  • Amaia Barredok, Raimundo Ruiz de Escuderok, Mikel Chillidak eta Mireia Massaguék parte hartuko dute

Gaur eguerdian egin da Hernanin Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailari atxikitako HAZI Fundazioaren eta Chillida Leku museoaren arteko babesletza-akordioa berritzeko ekitaldia, Basque Wine zigiluarekin babestutako produktuak eta marka bultzatzeko.

Museoan bertan egin den ekitaldian lankidetza publiko-pribatuaren balio estrategikoa nabarmendu da, Euskadin egiten diren ardoen, txakolinen, artisau-garagardoen eta sagardoen kontsumoa eta ikusgaitasuna indartzeko plataforma gisa.

Erakundeetako beste ordezkari batzuen artean, ekitaldian izan dira Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua, Raimundo Ruiz de Escudero HAZIko zuzendaria, Mireia Massagué Chillida Lekuko zuzendaria eta Mikel Chillida Eduardo Chillidaren biloba eta Chillida Lekuko Garapeneko zuzendaria.

Amaia Barredo sailburuak nabarmendu duenez, “akordioak aukera ematen du euskal nortasun gastronomikoa ingurune paregabe batean, artea, lurraldea eta jasangarritasuna modu naturalean uztartzen diren ingurune batean, proiektatzeko. Chillida Leku gure produktuen eta ekoizleen bozgorailu kulturala bihurtzen da”.

Era berean, gaineratu duenez, “une zail hauetan, ziurgabetasunak eta askotan gertukoa denetik aldentzen gaituen globalizazioak markatutako une hauetan, inoiz baino garrantzitsuagoa da identifikatutako eta ezagutzeko moduko kalitatezko produktuak sustatzea. Bereziki garrantzitsua iruditzen zait zentzu horretan egiten den lana, gure tokiko ekoizpenak identifikatuz, bereiziz eta balioetsiz”.

Presentzia

Akordio honi esker, Basque Wine produktuek presentzia handiagoa izango dute bai Lurra Café jatetxeko eskaintza gastronomikoan bai museoak hartzen dituen nazioarteko kultur ekitaldi eta bisitetan. Era berean, bertako produktuak eta jasangarriak erabiltzeko konpromisoa sendotu da, nekazaritzako elikagaien sektorearen eta kulturaren eta sormenaren esparruaren artean sinergiak sortuz.

Akordioak komunikazio-ekintza bateratuak, ekitaldi instituzionalak antolatzeko abantailak eta HAZI eta Eusko Jaurlaritza datozen hiru urteetan museoaren babesle gastronomiko gisa aitortzea ere jasotzen ditu.

Bi erakundeen arteko aliantza 2021ean hasi zen, eta, edizioz edizio, egiaztatu du euskal produktuak jende berriarengana hurbiltzeko ahalmena duela, kalitatearen, jatorriaren eta gertutasunaren irudi koherentea sendotuz.

Lankidetza honen erakusgarri, gaur bertan egin da Chillida Lekun Basque Beerren aurkezpen profesionala, Euskadiko gastronomiaren esparruko profesionalei eta preskriptoreei soilik zuzenduta.

Jardunaldiak euskal artisau-garagardoen ezaugarriak ezagutarazteko balio izan du, haien izaera naturala, kalitate handia, elaborazio arduratsua, lurraldean dituen erroak eta nortasun berezia balioetsiz.

Programaren barruan markaren irudi berria, “Basquewashing” kanpaina eta 2025eko udarako aurreikusitako Basque Beer Tour jardunaldi ibiltariak aurkeztu dira, eta, amaitzeko koktel-uztarketa bat egin da Federico Pacha chefaren eta Jabi Ortega garagardo sommelierraren eskutik.