Gobernu Kontseiluak, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak proposatuta, beken deialdia onartu du gaur, EAEn edo Estatuko gainerako lurraldeetan unibertsitate-ikasketak, gradukoak zein masterrekoak, eta unibertsitateaz kanpoko beste goi-mailako ikasketa batzuk egiteko. Era berean, EAEn unibertsitate-ikasketak eta beste goi-mailako ikasketa batzuk egiten dituzten eta desgaitasun fisiko edo psikikoa eta mugitzeko zailtasun bereziak dituzten ikasleen garraio-gastuetarako laguntzak ere jasotzen dira. Beka-deialdi hori 2025-2026 ikasturterako da, eta 28.560.000 euroko zuzkidura du; horietatik 100.000 € mugikortasun-arazo bereziak dituzten ikasleen garraio-gastuetarako dira.
Deialdi honek hobekuntza dakar aurreko edizioekin alderatuta, bai bideratutako diru kopuruari dagokionez, bai beharrezko baldintzei dagokienez. Egindako aldaketak hurrengo zazpi puntuetan laburbiltzen dira:
- Hiriarteko joan-etorriei lotutako zenbateko osagarriaren zenbatekoa %6 gehituko da.
- % 25eko edo hortik gorako eta % 65etik beherako desgaitasuna egiaztatzen duten eta matrikula osoa aukeratzen duten bekadunek % 25eko igoera lortuko dute bekaren osagai guztietan, matrikularen prezio publikoetan izan ezik.
- Eskatzaileak edo haren anai-arrebek lanbide-heziketa duala edo unibertsitate-prestakuntza duala egiteagatik jasotako zenbatekoak ez dira zenbatuko. Aurreko deialdian ez ziren kontuan hartzen eskatzailearenak bakarrik.
- Lan-etekinak ez zenbatzeari dagokionez, hainbat aldaketa egin dira:
- Diru-sarrera ez-konputagarrien atalasea 2.500 eurotik 3.000 eurora igo da.
- Eskatzailearen anai-arrebak sartzen dira.
- Atalasea (3.000 €) gainditzen dutenei 3.000 euro kenduko zaizkie, diru-sarrera txikiak izanik atalasea gainditzen dutenei onuradun izan daitezen.
- 1176 eurotik 2.000 eurora igoko da unibertsitateko ikasketak edo goi-mailako beste ikasketa batzuk egiten dituen anai-arreba bakoitzeko kenkaria.
- Aprobetxamendu akademikoari lotutako beka-osagaiaren onuradun izateko behar den batez besteko nota 9tik 8ra murriztuko da master-ikasketen kasuan, bai lehen mailan, bai bigarrenean.
- Sexu-indarkeriaren biktimen kasuetan salbuespen akademikoetarako adingabea izateko baldintza ezabatu da.
Beka eta laguntza horiek garrantzi sozial handia dute, eta eragin erabakigarria dute gure gazteek unibertsitate-prestakuntzan duten parte-hartzearen arrakastan. Horren ondorioz, Euskadin ondo prestatutako giza kapital garrantzitsua dago. Hori da deialdiaren arrakastaren eta eraginkortasunaren arrazoi nagusia, urteetan zehar euskal unibertsitate-sistemaren funtsezko elementu gisa finkatu baita, urtero 9.600 ikasle baino gehiagori laguntza eskainiz.






