20.000 euro bideratuko ditu udalak Sorkuntza Beketara: 12.000 euro kultur sorkuntzaren modalitatera eta 8.000 euro kultur sorkuntzako egonaldien modalitatera. Hain zuzen, zazpi lanetatik bost kultur sorkuntza modalitatekoak dira eta gainerako biak egonaldietarako aurkeztutakoak.
Azpeitiko Udalak 2017tik egiten du Sorkuntza beken deialdia. Urtez urte hazten joan dira, bai eskainitako baliabideei dagokienez, bai eskaintza aldetik ere. Izan ere, bekez gain, Dinamoan egonaldiak egiteko aukera ere ematen zaie gaur egun sortzaileei. Bekak gero eta ezagunagoak direla ere azpimarratu zuen Sarasuak. Horren erakusle da Euskal Herriko hainbat herritako sortzaileek aurkeztu dituztela lanak beketara.
Aukeratuko lanak (kultur sorkuntzaren modalitatea)
- Irene Balzategi, Oñati (Erdi mendi, erdi oroldi, erdi ur). “Antzerkia ikasi nuen, baina dantzaren eta performancearen arloetan ere ari naiz lanean . Niri gustatzen zait herrian dauden gauzak erabiltzea nire sorkuntza prozesuetarako. Egun batean paseatzera etorri nintzen Azpeitira, eta ikusi nuen Dinamoaren ondoan sekulako garbitokia zegoela […]. Erabaki nuen memoria lan bat egitea: bertako emakumeen inguruan jakitea, ikustea bertan kantatzen zen abestirik bazegoen, nola erlazionatzen ziren elkarrekin… Nahi nuke hori aztertzea, eta beste formatu bat hartzea espazioak, eta egun batean joatea horra jolastera, abestera, dantzatzera, eta ea zer ahal den sortu hor. Espazioak zer ahal didan eman”.
- Irune Aramendi, Azpeitia. “Arte Ederrak ikasi nituen, eta pintura proiektua da nirea. Nire proiektuaren oinarrian pasiera, memoria eta paisaia daude. Hasita neukan proiektu bat, ikusi nuen bekak atera zirela, eta hasita neukan proiektua garatzeko aprobetxatzea pentsatu nuen. Orain ez dakit zer garapen izango duen, baina printzipioz pintura proiektua da”.
- Sara Agiriano, Eskoriatza. (Palinpsesto). “[…] Eskulturaren eta arkitekturaren arteko elkarlan bat lantzea nahi dut, ikusteko espazio publikoan zerk parte hartzen duen, nola sortzen diren espazio publikoak eta pribatuak, eta espazio horietan hartu-emanak nola ematen diren eta guk parte hartzeko ditugun moduak nola aldatzen diren. Interesgarria iruditzen zait hiri batean edo espazio publiko batean nola batzen diren azterna desberdinak, aurretik bertatik jendea pasatu delako edo animalia batek zerbait egin duelako… […] Eta interesgarria iruditzen zait nik eraldaketa txiki batzuk egitea bertaratzen den jendeak ere eraldaketa horrekin bertan jolasteko edo espazio hori eraldatzeko eta nire lanarekin jarraitzeko”.
- Martzel Do Nascimiento, Zornotza (Zubiak). “Ni margolaria naiz, eta Irenek bezala, baina beste diziplina batetik, jarraitu nahi dut irudiaren balioa zein den ikusten […]. Mundu digitalak zelako onurak eta minak sortu dituen, irudiak nola galdu duen bere presentzia, fisikotasunaren galera, eta ikusi nahi dut hori zelan erlazionatzen den pinturarekin gaur egun. Horretarako, erabili nahi dudan dualismoa edo metafora artistikoa da diruarekin lotzea. Zubiak du izena proiektuak, euro billeteen diseinuetan, atzeko aldean, zubiak datozelako […] Euskal lurraldeko zazpi leku aukeratuko ditut, billeteko leku bat, eta kokapen bakoitzean proposatu dut eraikuntza bat, eta bertan hasiko dut koadro bat edo bi […].
- Arriet Aldalur, Azpeitia. “Orain dela hamar bat urte hasi nintzen marrazki digitalarekin, eta orain dela 3 urte edo apuntatu nintzen marrazki digitalaren master batera, eta han konturatu nintzen programazioa ere gustatzen zaidala. Eta pentsatu nuen biak juntatzea, eta azken hiru urteetan egon naiz bideojokoak egiten, artea eta programazioa juntatuz. Orain dela hiru bat urte hasi nuen ideia bati segiko diot: joko bat, non jokalariak bi mundu dituen, eta batetik bestera salto egitea daukan botoi bati emanda. Aparte, nahiko nuke mundu digital bat sortu, gure mundutik aparteko arauak dituena. Daukadan ideia da han argia ez duela eguzkiak ematen, da gauza material bat, espazioan dagoena, eta izakiak argi hori behar du kontziente izateko. Apurka argia amaitzen ari da mundu horretan, kontzientzia behar duelako jendeak, eta borroka hori argia lortzeko, mundua bukatu egingo den beldur hori…”.
B modalitatea (kultur sorkuntzako egonaldien modalitatea)
- Irene Zarrabeitia, Abadiño. “Nik idatzitako eta zuzendutako lehen proiektua izango da. Gustatuko litzaidake hausnarketa bat egitea egiaren eta gezurraren arteko zirrikitu horretan zer dagoen ikusteko, eta paralelismo bat ezartzea errealitatearen eta irrealitatearen artean ere. Egia errealitatea da eta gezurra irrealitatea? Zer dago horren artean? Irudiaren hausnarketa bat ere egin nahi nuke. Zer da irudia gaur egun? […] Horretarako, gustatuko litzaidake gaur egungo baliabideak erabiltzea, kroma, adimen artifiziala… Nire taldea Euskal Herriko, Madrilgo, Bartzelako, Txileko jendeak osatzen du”.
- Xabier Jabato, Oiartzun (Plato). “Proiektu hau da diziplina anitzak nahasten dituen proiektu bat, kaleko antzerki proposamen bat, nahasten dituena antzerki fisikoa, objektuen antzerkia, ikus-entzunezkoak eta testua. Eta bere tematika da gizarte baldintzapena, eta errelato bakarraren arriskua. Erlijio judokristauko pertsonaiarik ikonikoenak ekarten ditu eszenatokira, telebista plato batera, eta kaleko jendea bihurten da telebista plato bateko publiko. […] Elkartzen ditugu baita ere itzalean egon direnak in sæcula sæculorum, izan direla emakumeak, eta datoz hitz egitera Maria, Maria Magdalena, esatera esan ez dutena ehunka urtetatako isiltasun horretan. Da satira bat […]”.






