Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak arrakastaz testatu dute euren arteko koordinazioa Bizkaiko hondartzetako larrialdien urteko simulakroan

0
PRUEBA

Karraspio hondartza (Mendexa) aukeratu dute itsasoko erreskateak eta isuri kutsatzaileak bezalako gertakariei aurre egiteko protokoloak probatzeko

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurune Naturala Sustatzeko Sailaren arteko lankidetza berriz probatu dute gaur, arrakasta osoz, Mendexako Karraspio hondartzan egin den hondartzetako larrialdien urteko simulakroan. Ariketa horrekin egiaztatu ahal izan da kostaldeko larrialdiei aurre egitean inplikatutako zerbitzuen arteko koordinazio-mekanismoen eraginkortasuna, Foru Aldundiak lurralde historikoko hondartzetan ezartzen duen kudeaketa-sistema integratua betez. Oraingoan, bi pertsona itsasotik erreskatatzean eta hondartzan atzemandako isuri kutsatzaile batean oinarritu da ariketa.

Larrialdi bikoitzaren simulazioa

Jarduera goizeko 11:00etan hasi da. Hondartzako sorosleen zerbitzuak SOS Deiak Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zerbitzuari abisua eman dionean, gutxienez bi pertsona zeramatzan ontzi txiki bat hondoratzen ari zela ikusi ondoren. Itsasertzeko salbamenduko protokoloa aktibatu ostean, Larrialdiei Aurre Egiteko Sistemako hainbat baliabide berehala hedatu dira eremura, horien artean Ertzaintzaren uretako ataleko ontzi batek eta arriskuan zeuden pertsonak airetik ikusteko erreskate-eremura hegaldi bat egin duen drone batek lagunduta.

Handik minutu batzuetara, Ertzaintzak eta Lekeitioko Udaltzaingoak jakitera eman dute orban kutsatzaileak agertu direla hondartzen, eta, horren ondorioz, koordinatuta esku hartu dute Foru Aldundiaren hondartzak garbitzeko zerbitzuek, Istripuen Prebentzio, Sorospen eta Laguntza Zerbitzuak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren Zerbitzuak.

Aginte-postu aurreratua udako sorospen-postuaren ondoan kokatu da, eta mobilizatu diren zerbitzu guztietako arduradunek parte hartu dute bertan. Ertzaintzaren zaintza-ontziak, errekonozimenduko droneak lagunduta, tripulatzaileetako bat erreskatatu du eta inguruko zelai batera eraman du arreta medikoa jasotzeko. Bigarren pertsona Foru Aldundiarentzat sorospen-zerbitzua ematen duen Gurutze Gorriko kideek erreskatatu dute, eta ur ertzera eraman eta suspertze-maniobrak egin dizkiote.

Aldi berean, sorosleek eta hondartzainek isuriak eragindako eremua mugatu dute, eta SOS Deiak zerbitzuari isuriaren ezaugarrien berri eman diote eta hura kontrolatzeko eta garbitzeko prozedura aktibatu dute. Osasun Publikoko Zerbitzuko teknikariek, bestalde, bainuan eta hondartzako erabileretan izan zezakeen eragina baloratu dute, eta Foru Aldundiko garbiketa-taldeek isuri kutsatzailea geldiarazteko eta garbitzeko jardun dute.

Inguruan segurtasun- eta normaltasun-baldintzak berrezarri ondoren, Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak amaitutzat eman du simulakroa.