Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok Mater Ontzi Museo Ekoaktiboaren 2025eko kanpainaren aurkezpenean parte hartu du. Ekimen horrek, berriz ere, itsasoko zaborren arazoari eta ingurumenaren babesari buruzko sentsibilizazioan jartzen du arreta.
Sailburuak eskertu egin du Mater itsasontziko arduradunen lana, eta nabarmendu egin du haien hezkuntza- eta kontzientziazio-lana, ikastetxeetatik hasi eta tokiko merkataritzaraino. «Beste behin ere, tokiko erakusleihoek kanpainaren mezua transmititzen lagunduko dute, ez bakarrik kartelekin, baita haurrek sortutako mezuekin ere, ingurumenarekiko konpromiso kolektiboa indartzeko», azpimarratu du.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak kanpaina hau babesten du berriz ere, tokiko merkataritzaren inplikazioa bultzatzea helburu, sektore hori funtsezkoa baita herritarrengan duen hurbiltasunagatik eta haiengan eragiteko duen gaitasunagatik.
Testuinguru horretan, “Merkataritza itsasoaren alde, NI ITSAS ZAINDARI” ekimenak kanpainaren zutabeetako bat izaten jarraitzen du. Proposamen horrek tokiko saltokiak ingurumen-sentsibilizazioko eragile aktibo bihurtzen ditu, erakusleihoak jasangarritasunaren mezua ikusarazteko plataforma gisa erabilita.
“Gure ingurunea zaintzea guztion zeregina da: erakundeena, elkarteena, merkataritza, ostalaritza edo turismoa bezalako sektoreena. Eta zeregin indibiduala ere bada. Kontsumitzaile gisa hartzen ditugun erabakiekin, biharko gizartea moldatzen ari gara”, adierazi du.
Azkenik, azpimarratu du ingurumen-kontzientzian aurrerapausoak lortu diren arren, oraindik asko dagoela egiteko: “funtsezkoa da hezten, informatzen eta kontzientziatzen jarraitzea, gizarte bidezkoagoa eta planeta bizigarriagoa eraikitzeko. Eskerrik asko Materri eta inplikatzen diren saltoki guztiei, elkarrekin egiten baitugu jasangarritasunerako bidea errealitate partekatua izan dadin”.






