Azken zerga-erreformak % 35era igo du Teknologia Garbien Euskal Zerrendan jasotako ingurumen-inpaktu txikiena duten ekipoak erosteagatiko zerga-kenkaria

0

Euskadik aurrerapauso bat gehiago eman du trantsizio energetiko eta klimatikoaren eta deskarbonizazioaren helburuak lortzeko, eta hobekuntza nabarmena ekarri du Eusko Jaurlaritzak bultzatutako zerrendan jasotako teknologia garbien alde egiten duten enpresentzako zerga-pizgarrian. 2025eko urtarriletik, Sozietateen gaineko Zergaren kuotaren gaineko kenkaria % 30etik % 35era igo da, hiru Foru Aldundiek onartutako erreforma fiskalari esker.

Zerga-kenkariaren igoera hori gaur aurkeztu da Gipuzkoan egindako jardunaldi batean. Eusko Jaurlaritzak antolatu du jardunaldia, Ihobe, EEE eta SPRI erakunde publikoen bitartez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Ekonomisten Euskal Elkargoaren, Adegiren eta Gipuzkoako Bazkundearen lankidetzarekin, eta euskal enpresa eta finantza sareko ordezkariak bildu ditu, Teknologia Garbien Euskal Zerrendaren helburuak, irismena eta operatiba eta berrikuntza-prozesu berria ezagutarazteko.

Hazkundeak indartu egiten du Teknologia Garbien Zerrendaren  zeregina, funtsezko tresna baita ingurumenarekiko portaera hobea duten ekipoetan inbertsioa bizkortzeko, ekoberrikuntza sustatzeko eta ETEei bereziki laguntzeko jasangarritasunerako bidean.

% 35eko kenkariarekin, Europako zerga-tresna handinahietako bat bilakatzen da Euskal Zerrenda, eta industria berria sortzea, enpresen lehiakortasuna hobetzea eta 2050ean klima-neutraltasunerantz aurrera egitea errazten du. Duela hilabete batzuk Europako Batzordeak ekonomia zirkularrean jarraitu beharreko adibidetzat nabarmendu zuen.

Zerrenda Eusko Jaurlaritzak, EEEk, SPRIk, Ihobek, foru-ogasunek, Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoak eta enpresa- eta finantza-ekosistemako hainbat eragilek elkarrekin egindako lanaren emaitza da. Ihobek idazkaritza tekniko gisa jarraitzen du, eskaerak online kudeatuta eta arreta goiztiarreko zerbitzua eskainita, inbertsioaren aurretik segurtasun juridikoa emateko.

64 teknologia garbi onura fiskalekin

Azken eguneraketari esker, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren sailburuaren 2024ko azaroaren 26ko Aginduaren bidez, Teknologia Garbien Euskal Zerrendak 64 teknologia ditu orain, besteak beste:

  • 11 energia berriztagarrikoak
  • 19 ekonomia zirkularrekoak
  • 29 zero kutsadurakoak
  • 5 hidrogeno berdea bultzatzeko

Aginduak deskribatzen dituen ekipoak hainbat arlori dagozkie: ura (mikrofiltrazioa, ultrairagazketa, elektrodialisia, etab.); airea (bide lehor edo hezeetako elektrofiltroak partikula jakin batzuetarako, oxidazio termiko birsortzailekoak, etab.); hondakinak (gatz metalikoen kristalizatzaileak, metal ez-ferrikoen bereizgailuak, plastikoen bereizgailuak, etab.); energia (errendimendu handiko bero-ponpak, aerosorgailuak, panel fotovoltaikoak, ibilgailu elektrikoak, etab.); zarata (isilgailu xurgatzaileak); eta baliabideak (iragazki mineral autogarbigarriak, ultrasoinuen bidez garbitzeko, koipegabetzeko eta lehortzeko makinak, etab.).

Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren 01/2024 Euskal Legearen, Euskadiko Ekonomia Zirkularreko Estrategia 2030en eta Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2030erako Planaren helburuekin bat datoz horiek guztiak.

Informazio gehiago jasotzeko eta eskaerak egiteko: https://www.ihobe.eus/listado-vasco-tecnologias-limpias