Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako zuzendariak eskubideetan eta bizikidetzan oinarritutako hezkuntzaren Etikasi programaren baitan Ipar Irlanda bisitatuko duten gazteak agurtu ditu

0
  • Justizia eta Giza Eskubideen Sailak sustatutako Etikasi proiektuak giza eskubideen eta bizikidetzaren inguruan gogoeta eta ikaskuntza bultzatu nahi ditu
  • 2019an abian jarri zenetik, 18 eta 30 urte bitarteko ia 120 gaztek hartu dute parte ekimenean

18 eta 30 urte bitarteko hogei bat gazte abiatu dira Loiuko aireportutik Ipar Irlandarako bidean, Etikasi hezkuntza-programaren baitan. Eusko Jaurlaritzak sustatutako ekimena da Etikasi, eta helburu du giza eskubideetan eta bizikidetzan oinarritutako hezkuntzaren bidez euskal gazteak ahalduntzea, eta eskubideen urraketak jasan dituzten leku adierazgarriak bisitatzea. Ainhoa Zugasti Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako zuzendariak agurtu du taldea.

Justizia eta Giza Eskubideen Saileko Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako Zuzendaritzak bultzatzen du Etikasi programa, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren (EGK) eta Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritzaren laguntzarekin, eta 2019an abian jarri zenetik, gazteek giza eskubideei eta bizikidetzari buruz hausnartzea eta ikastea du helburu. Lanbide Heziketako zikloetako edo unibertsitate-ikasketetako ikasleei zuzenduta dago.

Gaur Bilbotik abiatu den taldea EGKko hiru ordezkarik eta Baketik Fundazioko pertsona batek osatzen dute, eta uztailaren 4tik 8ra Belfast eta Derry bisitatuko dituzte. Joan den larunbatean, ekainaren 28an, gazteek prestakuntza-ikastaroa jaso zuten Bilboko La Perrerako instalazioetan, Baketik Fundazioaren eskutik. Ondoren, itzuleran, Pasaia eta Errenteria bisitatuko dituzte.

Etikasi programa 2019 urtean hasi zen eta parte hartzaileek Ipar Irlandako eta Euskadiko leku adierazgarriak bisitatzeko aukera dute; gatazka politikoetatik eratorritako giza eskubideen urraketen agertoki izan dira lekuok. Gertaera historiko horiek bertatik bertara ezagutzea eta indarkeriari eta bizikidetzari buruz hausnartzea da helburua.

Bakearekiko eta memoriarekiko konpromisoa

Ainhoa Zugasti Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako zuzendariaren hitzetan, «Etikasi programak hezkuntza-esperientzia paregabea eskaintzen du, Euskadiko gazteek giza eskubideak bertatik bertara ulertu eta bizi ditzaten ahalbidetuta, eta, horrela, enpatia handiagoa eta bakearekiko, memoriarekiko eta elkartasunarekiko konpromisoa sustatuta». Haren ustez, programa hau tresna “gakoa” da giza eskubideen eta bizikidetzaren inguruan gogoeta eta ikaskuntza sustatzeko, María Jesús San José sailburuak zuzentzen duen Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren hezkuntza-proiektuaren “giltzarria”.

Etikasi hezkuntza-programak Batxilergoko 1. mailako ikasleei zuzendutako modalitate bat ere badu. Ekainaren 17tik 20ra bitartean Poloniara joan ziren, eta Krakovia eta Auschwitzeko kontzentrazio-esparrua bisitatu zituzten.

Programa sortu zenetik, bi modalitateetan, 120 gaztek parte hartu dute. Gogoratzekoa da, COVID-19aren pandemia dela eta, 2020an eta 2021ean aurreikusitako bidaiak bertan behera geratu zirela eta, horren ordez, Pasaiara eta Lemoizera tokian tokiko bisitak antolatu zirela.