Hizkuntza inklusiboaren erabilerak jokabidean nola eragiten duen aztertzen du Emakunderen beka jaso duen ikerketa batek

0
  • Azterlanaren arabera, hizkuntza inklusiboa erabiltzea lehendik dauden genero-ezberdintasunak ez areagotzeko garrantzitsua da
  • Ikerketak hizkuntzaren ekonomia, anbiguotasun faltsua edo genero gramatikalaren eta sozialaren arteko nahasmena bezalako kontrako argudioak baliogabe uzten ditu

Laura Vela-Plo, Marina Ortega-Andres eta Marta De Pedis ikerlariek egindako «Hizkuntza aldaketa sozialerako tresna: Hizkuntza inklusiboaren erabileraren ondorio batzuen azterketa teorikoa eta enpirikoa» ikerketa aurkeztu du gaur Emakundek. Azterlan hau Emakundek Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko ikerketa-lanei ematen dien bekaren emaitza gisa argitaratu da, eta gizartean aldaketa bat lortzeko bidean aurrera egiteko hizkuntzak duen potentzialtasuna hobeto ezagutu nahi du.

«Azterketa honek hizkuntzaren garrantziaz hausnartzeko aukera ematen digu, baita hizkuntza inklusiboaren erabilerak gure portaeretan nola eragiten duen hausnartzeko ere, eta ikusten dugu gizartearen ikuspegi berdinzaleagoa izaten laguntzen digula, edo, gutxienez, lehendik dauden genero-ezberdintasunak ez areagotzen», nabarmendu du Miren Elgarrestak, Emakundeko zuzendariak, aurkezpenean.

Ikertzaileek arlo honetan euskaraz zein gaztelaniaz dauden hutsune enpiriko eta teorikoa bete nahi izan dute; izan ere, haien esanetan, ggai horren inguruan egindako ikerketa gehienak ingelesean edo alemanean oinarritu baitira. Halaber, euskarari buruzko helburu zehatz bat planteatzen da; izan ere, genero gramatikalik gabeko hizkuntza denez, «hizkuntzaren erabilera sexistarik sortzen ez duela uste da, eta hori ez da guztiz egia», diote egileek.

Lanak hiru ikasketa esperimental biltzen ditu, horietako bi gaztelaniaz, EHUko ikasleekin eta biztanleria orokorrarekin egin dena, eta bestea euskaraz, euskal unibertsitateko ikasleekin bakarrik. Lehenengo bien emaitzen artean ondoriozta daitekeenez, hizkuntza inklusiboaren erabilerak murriztu egiten du munduaren begirada soilik maskulinoa.

Hala ere, erresistentzia agertzen dira bi taldeetan, hala nola hizkuntza inklusiboa ez dela erraza erabiltzeko, edo badaudela beste arazo batzuk hizkuntza baino larriagoak direnak. Aldi berean, baina, inkestatutako batek ere ez du uste hizkuntza inklusiboko estrategiak erabiltzea alferrikakoa edo barregarria denik.

Euskarazko azterketan, pertsona gehienek egokitzat joko lukete emakumeak esplizituki aipatzen dituen hizkuntza inklusiboko estrategia bat, nahiz eta onartzen duten ez dutela ezagutzen euskara modu inklusiboagoan erabiltzeko estrategiarik.

Ikertzaileek, halaber, hizkuntza inklusiboaren erabilera baztertzeko erabiltzen diren aitzakiak  baliogabeak direla baieztatzen du, hala nola hizkuntzaren ekonomia, anbiguotasun faltsua edo genero gramatikal eta sozialaren arteko nahasmena.

Halaber, ondorioztatzen dute faktore sozial eta demografiko garrantzitsuek erakusten dutela hizkuntzak portaeran eragina duela. Adibidez, egiaztatu da lanpostu baten deskribapenean erabiltzen den gramatika-generoak enplegua nork lortuko duen aurreikusteko aukera ematen duela, eta desberdin egiten duela gizonen eta emakumeen kasuan.

Egileek, gainera, ikerketa esperimental horietan sakontzeko beharra azpimarratzen dute, bai euskaraz, bai gaztelaniaz, eta baita populazio zabal batean ere, genero gramatikalak nola eragiten duen zehatz-mehatz ulertzeko.

Ikertzaile-taldea

  • Laura Vela Plo Hizkuntza Modernoetan graduatua da Deustuko Unibertsitatean, eta Hizkuntzalaritza Teoriko eta Esperimentaleko Masterra egin zuen Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU). Hizkuntzalaritzan (EHU) nazioarteko aipamena duen doktorea da, eta, gaur egun, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Filologia eta Historia Saileko irakasle laguntzailea eta Hizkuntzalaritza Teorikorako Taldeko (HiTT) ikertzailea da.
  • Marina Ortega Andres, Granadako Unibertsitatean Filosofian lizentziatua. Unibertsitate arteko Logika eta Zientziaren Filosofia: Mente y lenguaje masterra eta Irakasleen Masterra (Granadako U) egin zituen. Filosofia, zientzia eta balioetan (EHU) nazioarteko aipamena duen doktorea da. Gaur egun, Eusko Jaurlaritzako doktoratu ondoko ikertzailea da Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketen Sailean (EHU), eta HiTT Hizkuntzalaritza Taldean eta Kaliforniako Berkeley Unibertsitateko Language and Cognitive Developmental Lab (LCDL) laborategian egiten du lan.
  • Marta De Pedis Hizkuntza Modernoetan graduatua da (Filologia Hispanikoa aipamena, Università di Bologna, Italia), eta Hizkuntzalaritzan eta Italiako ikasketetan masterra (Università di Bologna, Italia) eta Sexologia eta Generoan masterra (Nebrija Unibertsitatea, Sexpol Fundazioarekin) egin zituen. Psikolinguistikan (EHU) nazioarteko aipamena duen doktorea da, eta, gaur egun, ordezko irakaslea da Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP).