Hitzarmen honi esker, bi erakundeek beren erantzun bateratua hobetzen jarraituko dute baliabideak mobilizatzea eskatzen duten larrialdien aurrean.
Gobernu Kontseiluak baimena eman du Eusko Jaurlaritzaren eta Bilboko Udalaren artean lankidetza-hitzarmen bat sinatzeko larrialdien kudeaketaren arloan. Hitzarmen horri esker, Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak (112 SOS Deiak) eta Bilboko Udaleko Prebentzio, Suteen Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuak (SPEIS) beren erantzun bateratua indartzen eta optimizatzen jarraituko dute, baliabideak mobilizatzea eskatzen duten gertakarien aurrean, eta, gainera, bi kudeaketa-zentroen arteko interkonexio informatikoa eta komunikaziokoa ahalbidetuko dute.
Hitzarmen honek eutsi, sakondu eta arautu egiten du alde sinatzaileen arteko lankidetza larrialdien kudeaketaren arloan, Larrialdiak Koordinatzeko Zentroen arteko etengabeko interkonexioa modernizatuz, komunikazioak partekatzeko eta administrazio bakoitzak bere esparruan eta bere eskumenak erabiliz jarduteko. Horrela, tokiko erakundeari erraztasunak emango zaizkio Segurtasun Sailaren TETRA-ENBOR SAREA irrati mugikorreko komunikazio-sarera sartzeko, bai eta EUSKARRI informatika-sarera eta bere baliabideen geolokalizaziora sartzeko ere.
Era berean, akordioak aurreikusten du Segurtasun Sailaren larrialdiak kudeatzeko sistema informatikoan integratzea, horretarako garatutako telekomunikazio- eta informatika-sistemen bidez: ahots- eta datu-lineak eta larrialdiak koordinatzeko aplikazio informatikoa.
Gainera, hitzarmenak jasotzen du, besteak beste, bi erakundeen lankidetza taktika operatiboen prestaketan, jarraipenean, ebaluazioan eta funtzionamenduan, Aginte Postu Aurreratua (APA) ezartzean gertaeren tokian eta larrialdiak kudeatzeko bitarteko teknologikoen eta baliabide komunen eraginkortasuna hobetzen lagunduko duen informazio espezifikoa trukatzean.