Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak abian jarri ditu ZainSare Guneak, zainketen profesionalizazioa eta enpleguaren kalitatea eta eskainitako arretaren hobekuntza sustatzeko. “Urrats esanguratsua da gure konpromiso kolektiboa bete, eta Euskadin zaintza eredu justuago, duinago, profesionalago eta jasangarriago bat eraikitzeko”, azpimarratu du Mikel Torres Lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak gaur, asteazkena, Gasteizen egindako akordioaren sinadura-ekitaldian.
Arrasate, Ermua eta Amurrioko Udalek bat egin dute ekimen honekin. ZainLab proiektuarekin duela urte batzuk abian jarritako prozesuaren amaiera da, eta orain, zaintzen lana duintzeko eta profesionalizatzeko espazio aitzindariak sortzean islatuko da. 2025ean eta 2026an, udalerri horiek enplegu eta prestakuntza programa bat izango dute, etxeko langileentzako doako aholkularitza juridiko-laboraleko zerbitzu bat, eta zaintzaileentzako topaguneak sortuko dira.
Gaur sinatutako konpromisoa bat dator 2023ko Enpleguaren Euskal Estrategiarekin, zeinak sektore estrategiko bezala kokatzen baitu zaintzaren eta longebitatearen ekonomia, kalitateko enplegua, gizarte kohesioa eta ongizatea sortzeko gaitasunarekin. Zentzu horretan, ZainSare Guneak gizarte eta lan berrikuntzako benetako laborategiak izango dira, non zaintzako milaka langilek egiten duten funtsezko lana laguntzeko, gaitzeko eta aitortzeko modu berriak esperimentatu eta finkatuko diren.
Haren hitzaldian, Torresek adierazi du gune horiek “desberdintasunen eta prekarietatearen aurrean amore ematen ez duen Euskadi baten sinbolo” direla, baita “bizitzaren iraunkortasuna eta zaintzaileen duintasuna justizia sozialaren horizonte beraren parte direla ulertzen duen proiektu kolektibo baten adierazpen” ere. “Zaintzea ez da lan makala, eta ez da amateurismotik edo borondate onetik egin behar. Zaintzea bizitzari eustea da, eta, horregatik, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak bere gain hartzen du premiari erantzuteaz gain, gizartearentzat funtsezkoa den lan hori egiteko baldintzak errotik aldatuko dituzten politika publikoak abian jartzeko erantzukizuna”.
Erakundeen arteko lankidetza
Mikel Torres Lehendakariordeak balioan jarri du zaintzaren ekonomian “benetako aldaketa” bultzatzeko erakundeen arteko lankidetza. Horren isla izan da gaurko ekitaldia. Bertan izan dira Arrasateko alkate Maider Morras, Ermuko Beatriz Gamiz eta Amurrioko Txerra Molinuevo, Alfonso Gurpegui Enplegu eta Inklusio sailburuordea eta Karmele Ahedo ZainSareko arduraduna eta SSI Taldeko ordezkaria.
Arrasateko alkate Maider Morrasek azaldu du ZainSare proiektu pilotua ez dela soilik zerbitzu berri bat, baizik eta “zaintza lanen aitortza sozial eta politikoaren aldeko urrats sendo bat, eta, batez ere, herritar guztien bizi kalitatea hobetzeko konpromiso kolektibo baten emaitza”. Era berean, balioan jarri ditu espazio horiek sortzen duten aukeretan: “Ez bakarrik zaintzaren arloko hobekuntza teknikoan, baizik eta gizarte justuago bat eraikitzeko tresna gisa ere bai. Eta bide horretan, Arrasatek bere ekarpena egingo du, konbikzioz, elkarlanetik eta zaintza langileak zein komunitatearen partehartzea erdigunean jarriz”.
Ermuko alkateak, bere aldetik, azpimarratu du zaintzak ikusezinak izan direla eta agenda politikoan jartzeko deia egin du: “Zaintzak ikusezin izateari utzi behar zaio, politika publikoen erdigunera igaro behar dira eta eskubide gisa bermatu behar dira. Edo zaintza sare publiko, profesional eta komunitarioa eraikitzen dugu orain, edo hurrengo belaunaldiak prekarietatera, bakardadera eta babesgabetasunera kondenatzen ditugu. Ermuan argi daukagu: zainketen alde egitea gizarte berdinzaleago, kohesionatuago eta demokratikoago baten alde egitea da”.
Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak nabarmendu duenez, “Amurriok urrats garrantzitsua egin du zaintzarako eskubide kolektiboa aitortzeko, eta konpromiso instituzional bat aurkeztu du, hala nola sektorea profesionalizatzea prestakuntza eta enplegurako programa aitzindari baten bidez, etxeko langileentzako doako aholkularitza juridiko-laboraleko zerbitzu baten bidez eta zaintzaileentzako topaguneak sortuz. Horren guztiaren helburua da zaintzaileak eta horiek eskaintzen dituzten erakundeak indartzea, haien lana aitortuz eta kalitate handiagoko zerbitzuak bermatuz”.
300.000 euro
ZainSare prozesu parte-hartzaile eta kolaboratzaile baten emaitza da, non esperientzia teknikoa, Home Care Lab entitatearen ikerketa –hiru espazio horien koordinazioa eta inplementazioa bere gain hartuko dituena– eta Deustuko Unibertsitatea uztartu diren. Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak 300.000 euro baino gehiago bideratuko ditu proiektu pilotua abian jartzeko.
“Giza duintasuna erdigunean jartzen duen eta gure herri-estrategia indartzen duen eredu ekonomiko eta sozialaren aldeko inbertsioa eta apustua da: zaintzen dutenak zaintzen eta kezkatzen dituen herrialdea. Zaintzen dakiten gizarteak, inor atzean uzten ez dutenak, gizarterik erresilienteenak, kohesionatuenak eta oparoenak dira”, gaineratu du Torres Lehendakariordeak.