- Amaia Barredo: “Guztira, 42.159.582,41” euro ordaindu dira Euskadin 2024ko abendutik 2025eko ekainera bitartean”
- Ordaindutako laguntzak Europar Batasunarekin batera finantzatu dira, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEF) bidez
Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak 2024ko kanpainako zuzeneko laguntzen ordainketen zerrenda xehatua jakinarazi die Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) Eskabide Bakarraren onuradun guztiei. “Modu horretan, lehen sektoreko eskatzaile bakoitzari NPB´ren eskabide-espedientearekin lotutako informazioa hobetzen, arintzen eta ematen diogu. Horrela, Euskadiko nekazaritza- eta abeltzaintza-kolektiboaren eskaera historiko bati erantzuten diogu”, azaldu du Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak.
NPB´ren 2023-2027ko Plan Estrategikoaren esparruan, eta laguntza horien kudeaketa eta banaketa arautzen duen Europako araudiari jarraituz, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Landaren Garapeneko eta Europako Politiketako Zuzendaritzak onuradun bakoitzari formalki jakitera eman dionez “2025eko ekainaren 30ean amaitu zen 2024ko kanpainako laguntzak kobratzeko ohiko aldia, eta oraindik sor litezkeen ezohiko esleipen gehigarriak falta dira”.
Guztira, 42.159.582,41 euro ordaindu dira Euskadin, 2024ko abenduaren 10ean hasi eta 2025eko ekainaren 28an amaitu ziren ordainketen bidez. Ordaindutako laguntzak Europar Batasunarekin batera finantzatu dira Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEF) bidez, eta aipatutako plan estrategikoan jasotako esku-hartzeen barruan sartzen dira.
Informazioa emateko jakinarazpen pertsonalizatuan zehazten dira titular bakoitzak jasotako zenbatekoak, nekazaritzako ustiategiak kudeatzeko eta planifikatzeko tresna baliagarria izanik. Halaber, onuradunei gogorarazten die “edozein kontsulta egiteko edo argibide eskatzeko, Eskualdeko Nekazaritza Bulegoko teknikariengana jo dezaketela edo Sailean eskumena duten zerbitzuekin harremanetan jar daitezkeela”.
Ekimena Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru-aldundiek sustatutako Nekazaritza Sektorearekin Hartutako Konpromisoaren Dekalogoan sartzen da, eta, Barredoren ustez, “erakundeak hurbilago egoteko eta landa-ingurunearekiko harremana etengabe hobetzeko urrats irmoa da”.
Duela gutxi, Eusko Legebiltzarrak neurri hori babestu zuen legez besteko proposamen baten bidez, eta bertan jasotzen zuen, hurrengo kanpainari begira, onuradunei NPBren ordainketen laburpen indibidualizatua helaraztea. “Sailak aurre hartu dio horri, jarduketa kanpaina honetan ezarriz eta kudeaketa publikoarekiko sektorearen konfiantza indartuz. Horrela, Eusko Jaurlaritzak aurrera jarraitzen du nekazaritza-politika modernoa, eraginkorra eta lurraldearen eta bertan bizi direnen eta lan egiten dutenen benetako beharrekin lerrokatua sendotzeko asmoan”, adierazi du Amaia Barredok.