Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ospitale publiko berri bat eraikiko du Tolosan 74 ohe eta 3 ebakuntza-gelarekin Gipuzkoa osorako

0
  • Alberto Martínez Osasun sailburuak azpiegitura berri hori eraikiko den kokalekua bisitatu du gaur goizean, 5 urteko epean martxan jartzea aurreikusten da
  • Ospitalea Donostialdeko ESIaren mende egongo da, eta erreferentzia izango da konplexutasun txikiko zirkuituetan. 1.200 kirurgia-prozedura baino gehiago egingo dira urtean ebakuntza-gela bakoitzeko eta goizeko txandan (3.600/urteko), eta 3.000 endoskopia-azterketa

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ospitale publiko berri bat eraikiko du laster Tolosan. Besteak beste, 74 ohe eta 3 ebakuntza-gela izango ditu, eta erreferente izango da Gipuzkoa osorako prozedura diagnostikoetan eta proba osagarrietan. Etorkizuneko ospitalea bost urteko epean martxan jartzea aurreikusten da, eta Iurramendiko egungo aparkalekuan kokatuko da, suhiltzaileen parkearen ondoan. Prozesua hasteko, Tolosako Udalak osoko bilkurara eraman behar du Hiri Antolamenduko Planaren Aldaketa Puntuala, eta lurrak Osakidetzaren esku jarri behar ditu lizitazioekin hasi ahal izateko.

Gaur goizean, Alberto Martínez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua ospitale publiko berria eraikiko den kokalekuan izan da, Maite Martínez de Albéniz Zabaleta Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko zuzendariarekin eta Xabier Ibarzabal Ekonomia eta Finantzako zuzendariarekin batera. Bertan izan da Ander Figuerido Tolosako alkateordea eta Hirigintza zinegotzia ere.

Martinezek Eusko Jaurlaritzak Tolosan ospitale publiko berri hau eraikitzeko duen konpromisoa azpimarratu du, eta adierazi du «helburua da Tolosaldeko eremuan asistentziaren kalitatea hobetuko duen konponbide integral baterantz aurrera egitea, baliabideen erabilera optimizatuz, arretaren zatiketa murriztuz eta paziente kalteberenentzako kalitate handiko arreta bermatuz». Gainera, sailburuak adierazi du ekimen hori Sailaren lehentasunezko jardueretako bat dela, «eskualdeko ospitale batetik harago doana eta lurraldeko beste zonalde batzuetako pertsonen beharrei ere erantzungo diena».

Horrela, Tolosako ospitale publiko berria erreferentziazko ospitalea izango da Gipuzkoa osorako, prozedura diagnostikoetan eta proba osagarrietan. Bereizmen handiko kanpo-kontsultek osatuko dute bere jardueraren muina, erresonantzia magnetiko bat barne, eta Donostialdea ESIko profesionalak izango ditu erreferentzia.  Azpiegitura berriak honako hauek izango ditu: 74 ospitalizazio-ohe, 3 ebakuntza-gela, erresonantzia-zerbitzu 1 Gipuzkoa osorako zerbitzu diagnostikoak eskainiko dituena, endoskopietarako eta beste prozedura batzuetarako 2 miaketa-gela, anestesia osteko errekuperazio-unitate 1 (ABU), larrialdietako arreta jarraituko puntu 1 (EAG), erradiologiako ekipoak (OTA, ekografiak, digestiboa…) eta errehabilitazioa.

Ospitale berriaren diseinua eskualde honetako egungo eta etorkizuneko biztanleriaren, asistentzia-beharren eta ospitaleratzeen azterketa sakon baten emaitza izan da. Hausnarketa garrantzitsu horretan Tolosaldea ESIko profesionalek eta Donostia Unibertsitate Ospitaleko espezialistek parte hartu dute. Horrela, konplexutasun-maila baxuko paziente medikoei eta egonaldi ertaineko zainketak eta proba osagarriak behar dituzten pazienteei zuzendutako ospitaleratze-azpiegitura bat ezartzeko beharra ondorioztatu da. Ospitaleak eskualde horri eta Donostialdea ESIren beharrei emango die zerbitzua, eta Donostia Unibertsitate Ospitaleak prozesu kirurgiko edo mediko konplexuagoek eragindako ospitaleratzeak xurgatzeko aukera izango du. Era berean, Tolosaldeko pazienteak kirurgia-eremu batez hornitzeko beharra ikusi da, bai eta Tolosaldean etxeko ospitalizazio-zerbitzu bat mantentzekoa eta Donostialdea ESIko EAGrekin koordinatutako larrialdiko arretarako dispositibo bat haien eskura jartzekoa ere.

Ospitale berria abian jarri arte, Tolosaldea ESIren antolaketan aldaketa handiak egingo dira, bai epe laburrean, bai epe ertainean, zenbait zerbitzu berrantolatzeko eta asistentzia anbulatorioa indartzeko. Horien artean, honako hauek nabarmentzen dira:

  • Barne-medikuntzak asistentzian eta lan-fluxuen kudeaketan duen zeregina indartzea.
  • Tolosaldeko pazienteak Donostialdea ESIn dauden programa eta ibilbideetan sartzea.
  • Tolosako anbulatorioan barne-medikuaren figura ezartzea, paziente horiek integratzeko erreferente gisa.
  • Tolosaldean asistentzia anbulatorio espezializatua harian-harian indartzea, zerbitzu bakoitzaren horniduraren eta Tolosaldeko biztanleen beharren arabera.
  • Donostia Unibertsitate Ospitalean konplexutasun handiko kirurgiak hartzea.