Bide beretik hitz egin du Amaia de Castro Ekindarreko kontseilu errektoreko lehendakariak ere. “Auzitegiaren erabakiaren berri izandakoan, lasaitasuna hartu dugu. Proiektuan sinesten genuelako egin dugu inbertsio hau, baina epaia iritsi arte beti duzu zalantza txiki hori: zer gertatuko da orain aurkako ebazpena etortzen bada eta hori dena desmuntatu behar badugu?”.
AUZIAREN KRONOLOGIA
2021eko ekaina. Lurzoru urbanizaezin batean eguzki plaken instalazio bat egin ahal izateko, beharrezkoa izaten da plan berezi bat egitea. Ekindarrek sustatu zuen plana, baina tramitatu udalak egiten ditu halakoak. 2021eko ekainean, alkate dekretu bidez eman zitzaion hasierako onarpena. Jendaurrean jarri zen, eta ez zen alegaziorik egon. Prozedurak eskatzen duen bezala, behin betiko onarpena eman ahal izateko, beharrezkoak diren txosten sorta bat eskatu zuen udalak.
2022ko otsaila. Eguzki plakak lur urbanizaezinetan jartzeko, bi txosten dira nahitaezkoak eta lotesteak. Horietako bat da Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordeak ematen duena. 2022ko otsailean eman zuen txosten hori batzordeak.
2022ko martxoa. Gipuzkoako Foru Aldundiko Sustapen Ekonomikoko, Turismoko eta Landa Ingurunearen Garapeneko Departamentuak aurkako txostena eman zuen, lurren nekazaritza balioagatik. “Asko harritu gintuen txosten horrek, beste sailek esaten zutenaren kontrakoa esaten zuelako”, dio Alkortak. Nahitaezkoa da txosten hori eskatzea ere, baina epean ez erantzunez gero, ez da loteslea. 2021eko uztailean eskatu zuen txostena udalak, eta erantzuna 2022ko martxoan jaso zuen, bi hilabetekoa denean erantzuteko epea.
2022ko abuztua. Nahitaezkoa eta loteslea den bigarren txostena interes publikoko aitorpena da. Lurralde Antolaketako Zuzendaritza Nagusiak ematen du hori, eta aldekoa izan zen. “Sail hau PSE-EEren esku zegoen, eta Sustapen Ekonomikoko Saila EAJren esku. Guretzat oso harrigarria zen azken horren ezezkoa, beste txosten guztiek esaten zutenaren aurkakoa esaten baitzuen. Bi alderdiak koalizioan zeuden aldundian, baina Sustapen Ekonomikoko Sailaren aurkako txostena egon arren, interes publikoko aitorpena eman zuen Lurralde Antolaketako Zuzendaritzak, eta horrek asko lasaitu gintuen. Aitorpen hori etorri arteko momentuak izan ziren gogorrenak, ordurako lehen bazkidetza kontratuak sinatuta zeudelako”, esan du Alkortak.
2022ko iraila. Plan bereziari iraileko ohiko udalbatzarrean eman zitzaion behin betiko onarpena, EH Bilduko zinegotzien aldeko botoekin eta EAJko zinegotzien aurkako botoekin. “Lotesleak ziren bi txostenak aldekoak izanda, oso lasai geunden, are gehiago jendaurreko fasean ez zelako alegaziorik egon”.
2022ko urria. Plan bereziari bi administrazioarekiko auzi errekurtso jarri zizkioten, alde batetik, bizilagunek, eta, ondoren, errekurtso horrekin bat egin zuen Enba sindikatuak ere. Jarduna eteteko eta kautela neurri moduan eguzki plaken instalazioaren tramitazioa geratzeko ere eskatu zuten, baina EAEko Auzitegi Nagusiak ez zuen onartu eskaera.
2022ko azaroa. Eguzki plaken instalazioaren obra baimena tramitatu zuen udalak. “Ekindarreko kontseiluan jakinarazi genuen nola zegoen kontua, eta erabaki zen udalak ulertzen bazuen gauzak legez egin zirela, aurrera egin behar zela”, esan du Alkortak. De Castroren hitzetan, “tentsioz betetako uneak” izan ziren. “Bi aukera zeuden: geratu edo aurrera jarraitu, eta erabaki zen aurrera jarraitzea. Ikusten genuen prozesu bat egon zela atzetik, ikerketak zeudela, ondo aztertuta zegoela non jarri plakak, zenbat jarri… Gure aldetik konfiantza izan dugu proiektua ondo eginda dagoela”.
2024ko apirila. Eguzki plakak martxan jarri ziren. Orain arte, 1,641 megawatioko energia sorkuntza izan dute, eta 462 tona CO2 aurreztu dira. “19.400 zuhaitzek xurgatuko luketen CO2 kopurua ari gara aurrezten planta fotovoltaikoarekin. Hasieratik ulertu dugu proiektuak zentzua zuela”, esan du de Castrok.
2024ko uztaila. EAEko Auzitegi Nagusiaren lehen sententzia etorri zen, eta atzera bota zituen bizilagunek eta Enba sindikatuak aurkeztutako errekurtsoak. Auzitegi Gorenean kasazio errekurtso bat jartzeko aukera geratzen zen, eta hala egin zuen Enba sindikatuak.
2025eko uztaila. Auzitegi Gorenak ez du onartu tramitera Enbaren kasazio errekurtsoa, eta auziak amaitu du bide judiziala.