Amaia Barredok ziurtatutako ekoizpen ekologikorako trantsiziorako laguntzak deituko dituela iragarri du

0
  • Aurrekontua 300.000 eurokoa da
  • Bi mota: aholkularitzarako eta ezagutzak transferitzeko laguntza eta ustiategi konbentzionalak ustiategi ekologiko bihurtzeko proiektuak garatzeko laguntza
  • Laguntzak ziurtatutako ekoizpen ekologikorako trantsiziorako; ekoizpen ekologikoan sartzeko gidaliburuak sortzeko; bideragarritasun-azterketak, erakusketa-jarduerak eta bisitak egiteko; eta aholkularitza integralerako

Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren aginduari, ziurtatutako ekoizpen ekologikorako trantsiziorako laguntzen 2025erako oinarriak onartzeko denari. Aurrekontua 300.000 eurokoa da.

Amaia Barredo sailburuak zehaztu duenez, “lehentasun politikoa da ingurumenaren aldetik jasangarriak diren ekoizpen-metodoetarantz jotzea, hain zuzen ere, Europako herritarrek egiten dituzten eta baserritik mahaira estrategian edo biodibertsitatearen estrategian islatzen diren eskaera sozialak direla-eta, Europar Batasun osoko nekazaritza-azaleraren % 25 ekoizpen ekologikora bideratzea edo banaketa-lerroetan produktu ekologikoen eskaria handitzea aldarrikatzen baitute”.

“Nekazaritza-sektoretik garapen jasangarriko eta 2030 agendako helburuak betetzen lagundu behar dugu gure esku dauden esparruetan, hala nola klima-aldaketaren aurkako borrokan, elikadura osasungarriaren sustapenean edo lurzorua eta ekosistema naturalak babestean”, erantsi du Amaia Barredok.

Barredo sailburuak emandako datuen arabera, “nekazaritzak erronka bati egin behar dio aurre: elikagai eta zuntz gehiago ekoitzi behar ditu munduko biztanleria gero eta handiagoa elikatzeko, aurreikuspen demografikoen arabera, mende amaieran 10.000 milioi pertsona izan baitaitezke, eta horrek esan nahi du baliabideen eskaria % 70 handituko dela”.

“Gainera –erantsi du Barredok aginduari buruzko azalpenak ematean–, elikagaien ekoizpenaren hazkunde hori klima-aldaketaren testuinguruan gertatu behar da, baliabide naturalen gero eta eskasia handiagoa eta gero eta eskulan gutxiago egonik eta kontuan izanik munduko biztanle gehienak hiriguneetan bizi direla; kalkuluen arabera, biztanleria osoaren % 60 hiriguneetan biziko da, eta 70eko hamarkadan % 40 baino ez zen bizi. Ez dugu ahaztu behar, halaber, gatazka beliko bat dagoela gaur egun Europaren bihotzean eta, horren eraginez, elikagaien hornidura eta prezioa nabarmen baldintzatuta daudela”.

Amaia Barredoren ustez, “etorkizuneko edozein agertokik proteina-iturri berriak eskatzen ditu, eta barazkiak ekoizteko ur, ongarri eta fitosanitario gutxiago behar dituzten sistemak, bai eta elikagai-galera eta -hondakinak geldiaraztea ere. Horregatik, agindu honen helburua da Euskadin ekoizpen konbentzionalaren zati bat ekoizpen ekologikorako trantsizioan jartzea sustatuko duten jarduerak bultzatzea, betiere, ekoizpen-ereduen arteko liskarrik eragin gabe eta bi ekoizpen-sistemetako ekoizleen arteko errezeloak gainditzen lagunduz”.

 

Bi mota

Horretarako, bi motatako laguntzak proposatzen dira: batetik, aholkularitzarekin eta ezagutza eta informazioa transferitzearekin lotutakoak nekazaritza- eta basogintza-sektoreetan eta landa-eremuetan, eta ekoizpen konbentzionaleko nekazaritza-ustiategiak ekoizpen ekologikora bihurtzeko proiektuak garatzen laguntzekoak.

2025eko ekitaldirako, ziurtatutako ekoizpen ekologikorako trantsiziorako laguntzak deituko dira «Ekoizpen ekologikoan sartzeko gidaliburuak» sortzen laguntzeko; ekoizpen ekologikora bihurtzeko proiektuen bideragarritasun-azterlanak egiten laguntzeko; erakusketa-jarduerak eta bisitak egiteko; ekoizpen ekologikora bihurtzeko aholkularitza integrala emateko; ekoizpen ekologikoan espezializatutako aholkularitzarako; eta ekoizpen konbentzionaleko nekazaritza-ustiategiak ekoizpen ekologikora bihurtzeko proiektuak garatzeko.

Laguntzak osorik Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura finantzatuko dira. Agindu honen bidez deitutako laguntzak finantzatzeko, 300.000 euroko aurrekontu-kredituak erabiliko dira.