- OPESCAYAk, OPEGUIk eta OPPAOk modu jasangarrian kudeatzen dituzte arrantza-baliabideak eta kuotak, gutxieneko neurriak eta debekualdiak betetzen direla ziurtatzen dute
- Halaber, arrantzako jardunbide egokiak sustatzen dituzte, ekoizpena planifikatzen dute, arrantza merkatuaren eskarira egokitzen dute eta gehiegizko arrantza eta gehiegizko eskaintza saihesten dituzte
Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren aginduari, arrantzako eta akuikulturako produktuen sektoreko merkatuen antolaketa erkidearen barruan arrantzako eta akuikulturako ekoizleen hiru erakundeen –OPESCAYA, OPEGUI eta OPPAO– jarduerari laguntzak, guztira hiru milioi euro, emateko deialdia egiten duenari.
Amaia Barredo sailburuak adierazi duzuenez, “aginduak ezartzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoko arrantzako eta akuikulturako ekoizleen erakunde guztiek bete behar dituzten gehieneko finantzaketa-zenbatekoak eta baldintzak Europako Parlamentuaren eta Europar Batasunaren Erregelamenduan, EIAAF – Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Funtsa ezartzen duenean, aurreikusitako laguntzak lortzeko. Onuradunak egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten arrantzako eta akuikulturako ekoizleen erakundeak dira.
Deialdiaren zenbateko osoa 3.000.000,00 eurokoa izango da 2025ean, eta funts horretatik % 70, 2.100.000,00 euro, Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Funtsari (EIAAF) dagozkio, eta gainerako % 30, hau da, 900.000,00 euro, Euskadiko aurrekontuei dagozkie.
Arrantzako Ekoizleen Erakundeak (OPP) ofizialki aitortutako elkarteak dira, arrantza-sektoreko arrantzaleek eta enpresek osatutakoak, eta horien helburu nagusia da arrantza-produktuen ekoizpena eta merkaturatzea antolatzea, modu jasangarrian, eraginkorrean eta lehiakorrean egin daitezen.
Hiru dira: OPESCAYA, Bizkaiko Baxurako Arrantza Ekoizleen Erakundea, 1986an sortua eta Bizkaiko kostaldeko artisau-flotak biltzen dituena. Bere misioa da arrantza arrazionala bermatzea eta salmenta-baldintzak hobetzea, bai eta hainbat produktu, hala nola, hegaluzea, sustatzeko kanpainak bultzatzea ere. OPEGUI Gipuzkoako baxurako OPPa da, eta Kantauriko Ekoizleen Erakundeen Elkarteko (AOP) kidea da OPESCAYArekin eta OPPAOrekin batera. AOP hori estatuko lehena da, eta Kantauriko OPPak koordinatzen ditu kuoten eta merkatuen kudeaketa jasangarriaren arloan. Hirugarrena OPPAO da, Ondarroako alturako OPPa, alturako arrantzan diharduena. Prestakuntza, aholkularitza eta arrantza-ahaleginaren kudeaketa eta lankidetza zientifikoa eskaintzen ditu, eta elkarlan estuan aritzen da Arrantza Eskolarekin eta administrazioekin.
Helburuak
Horien helburu nagusiak dira arrantza baliabideak modu jasangarrian kudeatzea; kuotak, gutxieneko neurriak eta debekualdiak betetzen direla ziurtatzea; arrantza jardunbide egokiak sustatzea; ekoizpena planifikatzea; arrantza ahalegina merkatuaren eskarira egokitzea; gehiegizko arrantza eta gehiegizko eskaintza saihestea; merkaturatzea eta balio erantsia hobetzea; produktuen kalitatea, etiketatzea eta trazabilitatea sustatzea; arrantzaleek balio katean posizio hobea izan dezaten laguntzea, arrantza sektorearen interesak defendatzea eta kideak agintari eta erakundeen aurrean ordezkatzea.
“Gobernu Kontseiluak onartutako laguntzak hil honen amaieran argitaratuko dira EHAAn, eta hiru erakunde horien jarduerari laguntzeko dira. Jarduera hori urtero, aurreko urtea amaitu aurretik, aurkezten dituzten Ekoizpen eta Merkaturatze Planetan (PPyC) jasotzen da. Plan horietan oinarrituta, erakunde horietako bakoitzari esleitzen zaion laguntzaren zenbatekoa kalkulatzen da”, azaldu du Amaia Barredok.
OPPk nahitaez landu behar dituzte urtero dokumentu horiek, eta bertan zehazten da “zer, nola, noiz eta non arrantzatu eta merkaturatuko den produktua, Europar Batasuneko Arrantza Politika Bateratuaren (APB) helburuak betez. EIAAF funtsekin batera finantzatzen dira.
Ekoizpen eta Merkaturatze Plan batek planteatzen diren jarduera guztien deskribapena jasotzen du orokorrean. Eusko Jaurlaritzak aztertu egiten du, finantzaketa proposatutako zein jarduerak jaso dezakeen erabakitzeko. Agindua argitaratu ondoren, hiru OPPetako bakoitzeko ebazpen bat ematen da, aurkeztutako planentzat onartutako zenbatekoa zein den adierazita.
Plan batek jasotzen dituen atalak dira diagnostikoa, ekoizpen- eta merkaturatze-neurriak, jasangarritasuna, aurrekontua eta adierazleak.