Eusko Jaurlaritzak 120 milioiraino handitu du HAZITEK programa euskal industria indartzeko

0

Gobernu Kontseiluak baimena eman du HAZITEK programaren  bidez euskal enpresentzako ikerketa industriala sustatzeko aurrekontua 27 milioi eurotan handitzeko; hala, aurtengo lehen hiruhilekoan aurkeztutakoak baino proiektu gehiago finantzatu ahal izango dira.

Horrela, Imanol Pradales Lehendakariak sustatutako Industria Defendatzeko Taldean hartutako konpromisoetako bat bete du Eusko Jaurlaritzak. SPRI Taldeak kudeatzen duen programaren aurrekontu-zuzkidura 93 milioi eurotik 120 milioi eurora pasatu da, eta ikerketa industrialaren aldeko apustua 27 milioi handitu da.

6 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa Ispasterren ikastetxe berria egiteko

Eusko Jaurlaritzak Gobernu Kontseiluan onartu du gaur Ispasterren Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe berria egiteko obretarako kontratua baimentzea. Guztira, 6.295.886,42 euroko inbertsioa egingo da.

Ikastetxe berriaren eraikuntza Hezkuntza Eraiki 2030 Estrategiaren baitan kokatzen da eta Eskola Txikien sarearen aldeko urratsa ere bada. Estrategia horren helburua da Euskadiko ikastetxe guztiek espazio modernoak, irisgarriak, jasangarriak eta metodologia pedagogiko aurreratuenekin lerrokatuak izatea.

Arrantza eta akuikulturako ekoizleen erakundeentzat 3 milioi euroko laguntzak

Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio arrantzako eta akuikulturako produktuen sektoreko merkatuen antolaketa erkidearen barruan arrantzako eta akuikulturako ekoizleen hiru erakundeen –OPESCAYA, OPEGUI eta OPPAO– jarduerari laguntzak emateko deialdiari, guztira hiru milioi euro.

Arrantzako Ekoizleen Erakundeak (OPP) ofizialki aitortutako elkarteak dira, arrantza-sektoreko arrantzaleek eta enpresek osatutakoak, eta horien helburu nagusia da arrantza-produktuen ekoizpena eta merkaturatzea antolatzea, modu jasangarrian, eraginkorrean eta lehiakorrean egin daitezen.

891.000 euro baino gehiago inklusio eta laneratzeko proiektuetarako

Gobernu Kontseiluak, 891.000 eurotik gorako dirulaguntza zuzena onartu du gaur, inklusiorako eta laneratzeko ibilbide mistoen eredua pilotatzeko. Laguntza hori zuzeneko dirulaguntzatzat hartzen da, interes publiko, sozial, ekonomiko eta humanitarioagatik.

Inklusiorako eta laneratzeko zortzi proiektu esperimental finantzatuko dira, horien emaitzak Euskadi osoan erreplikatu daitezen bazterkeria egoeran egon edo egoteko arriskuan dauden pertsonei laguntzeko orduan.

Ekoizpen ekologikorako trantsiziorako laguntzak

Gobernu Kontseiluak oniritzia eman die ziurtatutako ekoizpen ekologikorako trantsiziorako laguntzen 2025erako oinarriei. Aurrekontua 300.000 eurokoa da.

2025eko ekitaldirako, ziurtatutako ekoizpen ekologikorako trantsiziorako laguntzak deituko dira «Ekoizpen ekologikoan sartzeko gidaliburuak» sortzen laguntzeko; ekoizpen ekologikora bihurtzeko proiektuen bideragarritasun-azterlanak egiten laguntzeko; erakusketa-jarduerak eta bisitak egiteko; ekoizpen ekologikora bihurtzeko aholkularitza integrala emateko; ekoizpen ekologikoan espezializatutako aholkularitzarako; eta ekoizpen konbentzionaleko nekazaritza-ustiategiak ekoizpen ekologikora bihurtzeko proiektuak garatzeko.

Ertzaintzako langileen lan-baldintzak arautzen dituen dekretua

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Ertzaintzako langileen lan-baldintzak arautzen dituen 2025-2028 aldirako akordioa onartzen duen dekretua.

Joan den martxoan sindikatuen negoziazio-mahaian sinatu zen akordio arautzaile honek etorkizuneko Ertzaintzaren oinarriak finkatzen ditu, herritarrei ematen dien zerbitzua hobetuz eta modernizatuz.

Eusko Jaurlaritzak 45 milioi euro inbertituko ditu, progresiboki, 2028ra arte, etorkizuneko Ertzaintza indartzeko. Horretarako, ordainsari-igoera mailakatua izango da 2028ra arte, betiere lanpostu bakoitzaren funtzioetara egokituta, ertzainen etengabeko prestakuntza bultzatuz, ikerketan eta inteligentzian espezializatzea bultzatuz egungo gizarteak planteatzen dituen erronka berriei aurre egin ahal izateko.

Eremu frankofonoko hizkuntza-komunitateekin lankidetza sustatzeko laguntza zuzena

Gobernu Kontseiluak,  50.000 euroko dirulaguntza zuzena onartu du hizkuntza-lankidetzarako gobernuz kanpoko Garabide Kultur Elkartearentzat. Dirulaguntza honen helburua da eremu frankofonoko hizkuntza-komunitateekin hizkuntza-lankidetza sustatzea.

Lankidetza horri esker euskarak dituen erronkak eta aukerak identifikatu daitezke. Azken urteetan lankidetza-lerroak landu dira batez ere Hego Amerikako komunitateekin, baina oraingoan eremu frankofonokoak diren eta hizkuntza propioa duten komunitateekin sustatu nahi da harreman hori.

Giza eskubideen 2025eko René Cassin Saria

Gobernu Kontseiluak René Cassin Sariaren XXII. edizioaren deialdia onartu du gaur. Saria 2003an sortu zen, giza eskubideen arloan egindako jarduketa esanguratsuak publikoki aitortzeko. 25.000 euroko saria da, eta helburua da giza eskubideak sustatzen, defendatzen eta hedatzen konpromiso pertsonal edo profesionala nabarmendu duten pertsonak eta erakundeak saritzea.

Saria abenduan emango da, abenduaren 10ean Giza Eskubideen Eguna ospatzen den egun berean, eta hautagaitzak datozen hilabeteetan aurkeztu ahal izango dira.

 

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena