Eusko Jaurlaritzak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eskatuta, 50.000 euroko dirulaguntza zuzena onartu du Garabide Kultur Elkartearentzat. Dirulaguntza honen helburua da eremu frankofonoko hizkuntza-komunitateekin hizkuntza-lankidetza sustatzea.
Eusko Jaurlaritzak euskararen ezagutzari garrantzia ematen dio eta horrexegatik balioan jarri nahi du beste hizkuntzekin egiten den lankidetza. Lankidetza horri esker euskarak dituen erronkak eta aukerak identifikatu daitezke. Azken urteetan lankidetza-lerroak landu dira batez ere Hego Amerikako komunitateekin, baina oraingoan eremu frankofonokoak diren eta hizkuntza propioa duten komunitateekin sustatu nahi da harreman hori. Honi lotuta ere badago Etxepare Euskal Institututik martxan jarritako Ça colle au basque egitasmoa.
Garabide Kultur Elkartea hizkuntza-lankidetzarako gobernuz kanpoko erakundea da, eta 2005ean sortu zenetik hizkuntza-lankidetza du lan-eremu. Hortaz, kooperazioan eta hizkuntza-lankidetzan, bietan, lanean ari den erakunde bakarra da gaur egun EAEn.
Horregatik guztiagatik, Jaurlaritzak onespena eman dio Garabide Kultur Elkarteari bideratutako dirulaguntzari.