Amaia Barredo: “EDA Drinks & Wine Campus tresna estrategiko bat da, Eusko Jaurlaritzak, upategien eta edarien arloan, lehen sektorearen etorkizunarekin duen konpromisoaren barruan”

0
PRUEBA

EDA Drinks & Wine Campusek Guardiako eta Gasteizko egoitzetarako guneak, ardoaren eta edarien inguruko prestakuntzara, berrikuntzara eta ikerketara bideratuak, aurkeztu ditu Lakuan

Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak adierazi duenez, “EDA Drinks & Wine Campus oinarrizko tresna estrategikoa da, Eusko Jaurlaritzak upategien eta edarien arloan lehen sektorearen etorkizunarekin duen konpromisoaren barruan. Eusko Jaurlaritza aspaldiko urtetan ari da arlo hau barne hartzen duen elikadura-politika integrala sustatzen”. Barredoren ustez, “lehen sektorea ez da bakarrik ekoizpena; ezagutza, balio erantsia, enplegua, kultura eta identitatea ere bada”.

EDA Drinks & Wine Campusen egoitzak izango diren bi eraikinak eraikitzeko proiektuak aurreikusitako epeen arabera doaz aurrera, eta Gasteizen, Lakuako autobus-geltokiaren ondoan, eta Guardian, Arabako Errioxan, aurtengo abenduan hasiko dira eraikitzen, unibertsitateko graduarekin 2027ko urrian hasteko.

Tartean diren entitateen eta erakundeen ordezkariek parte hartu dute asteazken honetan bi egoitzak osatzen dituzten guneen xehetasunak aurkezteko egin den ekitaldian, eta bertan José Carvalho Araújo arkitektoa ere izan da.

Araújoren estudioak arkitektura-proiektu honetarako egindako jatorrizko planteamenduak egokitzen joan dira premietara eta irizpide teknikoetara modu espezifikoagoan moldatzeko, haien funtsa kontuan hartuta, aurkezpenean azaldu dutenez.

Exekuzio-proiektua amaitzen denean eta bi egoitzak eraikitzeko lizitazioa egin ostean hasiko da eraikuntza-fasea, eta aurtengo abenduan hastea aurreikusten da. Hortik aurrera, Joxe Mari Aizega BBC Centerren zuzendariak ziurtatu duenez, “2027ko urrian, eraikinak amaituta eta erabat operatibo egongo dira, eta unibertsitate-gradua ematen hasi ahal izango gara”.

Bi egoitza  

José Carvalho Araújo arkitektoak eraikin bakoitzaren berezitasunak zehaztu ditu, errealitate eta behar desberdinei erantzuteko pentsatu baitira bi paisaia oso desberdinetan, Euskadiko hiriburuan eta Arabako Errioxan. Bi eraikinek dute eraikuntzaren ehuneko bat lurpean, inertzia termikoak aprobetxatzeko, eraikineko konpartimentu batzuek tenperatura “espezifikoagoak, kontrolatuagoak, freskoagoak eta erregularragoak” behar baitituzte.

Alde horretatik, Araújok nabarmendu duenez, bi eraikuntzek izango duten estalki berdeak eguzki-inpaktua arinduko du, eta, horri esker, “eraikinen barruko behar termikoak kontrolatu eta murriztu ahal izango dira, horien efizientzia eta jarduera energetikoa hobetuz”.

Lakuan eraikiko den Gasteizko egoitzak 4.000 metro koadro erabilgarri izango ditu, eta prestakuntza eta ezagutza izango ditu ardatz.  Besteak beste, izango ditu analisi sentsorialerako 2 gela, 4 laborategi (kromatografia, fisika eta kimika eta mikrobiologia), 8 tailer eta auditorio bat.

Gainera, 900 metro koadroko instalazio pilotu bat izango du, ikasleek, besteak beste, destilazioarekin eta hartzidurarekin lotuta, elaborazio-prozesuei buruzko ezagutzak praktikan jarri ahal izateko.

Guardiako eraikinak 2.500 metro koadro erabilgarri izango ditu, eta ekintzailetza-ikuspegia izango du. Analisi sentsorialeko gela bat, 2 laborategi (mikrobiologia eta fisika eta kimika), 4 tailer eta auditorio bat izango ditu. Horrez gainera, 700 metro koadro izango ditu instalazio pilotuan eta beste 500 ekintzailetzarako.

Erreferentea

EDAk ‘wine bar’ bat irekiko du Guardian eta ‘drinks bar’ bat Gasteizen. Bi arlo esperimental izango dira, herritarrentzat irekiak, eta BCCren ikasketa-espazioen eskemari jarraituko diote. Proiektua “mundurako erakusleihoa” izango da Arabako Errioxarentzat.

Ramiro González Arabako diputatu nagusiak adierazi duenez, “EDAk eskualdea eraldatzen, Arabako Errioxa beste maila batera eramaten eta Gasteizekin gehiago lortzen lagunduko du”, eta Maider Etxebarria alkatearen ustez, “Gasteizen nazioarteko proiekzioa indartuko du, eta horrek jarduera ekonomikoa eta enplegua bultzatuko ditu”. Raúl García Guardiako alkateak azpimarratu duenez, “proiektuak mahastizaintzako eta ardogintzako eskualde erreferente gisa kokatuko du Arabako Errioxa nazioartean”.

Mugarik Gabe’ izenarekin, Portugalgo Carvalho Araújo arkitektura-estudioak, proiektuaren diseinuaren arduradunak, bi kokapen desberdin, Gasteiz eta Guardia, dituen proposamen bat garatu du. Gasteizko eraikinak plaza bat gogorarazten du, eta espazioa partaide izateko eta elkartzeko leku bihurtzen duen topalekua da. Guardiako espazioa komunitatea bultzatuko duen erreferentzia-gunea izango da.

Gasteizko egoitzak edarien mundua, destilatuak, garagardoak, hartzituak eta NOLO edariak izango ditu ardatz, eta Guardian, berriz, ardoaren sektorera mugatuko dira. Bi espazioetan prestakuntza-jarduerak egingo dira, hala nola ardoaren eta edarien gradua, master espezializatuak, graduondoko ikastaroak eta doktoretza-programa, hori guztia Basque Culinary Centerren, Mondragon Unibertsitateko Gastronomia Fakultatearen,  eskutik.

Gainera, hainbat ekitaldi eta jarduera egingo dira herritarrentzat, hala nola, dastaketa-ikastaroak, edarien elaborazioa eta harmonia gastronomikoak eta uztarketak.  Ekintzailetzarekin lotutako jarduera batez ere Guardian egingo da, ekintzailetzari laguntzeko ekimen espezifikoei esker, startupen inkubagailu gisa. Gainera, ardoaren eta edarien sektoreko ikerketa- eta berrikuntza-proiektuekin ere osatuko da.

Irailean, exekuzio-proiektua amaitzen denean, bi egoitzak eraikitzeko lizitazioa deituko da. Lizitazio hori ebazten denean, eta beharrezko baimen guztiak lortu ondoren, erakuntza-fasea hasiko da. Lanak 2025eko abenduan hastea aurreikusten da.